euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Benito Lertxundi: «Iparra galduta gabiltzala uste dut». 'Oroimenaren oraina' da kantari oriotarraren azken lana (Tolosaldeko Atarian)

2015/11/13

Kasualitateen errenkadatzat du bizitza eta, zorizko dantza horretan, mende erdiko ibilbidea osatu du. Euskal Herriari kantatuz sorgindu zituen, gaur aiton-amona diren zaleak, eta haien seme-alaba zein bilobak ere lotu dira bere doinuen sokara. Benito Lertxundi (Orio, 1942) kantari bezain pentsalari da, ordea, eta etengabeko ideien ernaltze bat da bere jarduna. Horrela, aspaldi idatziriko doinuak berreskuratzearekin batera, kantu berriak ere lagun izaten ditu oholtzan. [Sustatu.eus-en bidez heldu gara elkarrizketara]

Lotura: Tolosaldeko Ataria

Itzea Urkizu Arsuaga. Espiritualki elikatzea edo, 'kultura' deritzona kontsumitzea ezinbestekoa dela defendatuz, bere plaza kuttunenetako batean ariko da, gaur iluntzean, oroimenari zein orainari abestuz.

Ez da erraza zu elkarrizketatu eta esan gabekorik ez errepikatzea. Hainbestetan elkarrizketatu zaituzte…

Gogoratzen ditudan elkarrizketa kuriosoenetakoak haurrak egindakoak dira. Profesionalak, askotan, arrarotasun baten bila ibiltzen dira, ohiko bideetatik pixka bat ateratzeko. Haurrek, ordea, helduoi bururatzen ez zaizkigun gauzak galdetzen dituzte, eta harrituta geratu izan naiz. Estilo baten bila edo originaltasunaren bila ez doazenez, irudimentsuagoak direla uste dut; beste mundu bat dakarte, mundu fantasiosoagoa, eta galdera bitxiak egiten dituzte. Ikastoletako ikasgeletan-eta ibili izan naizenetan, oso gauza politak bururatu izan zaizkie haurrei, espero ez nituenak [barreak]. 

Aurten 50 urte bete ditu Ez Dok Amairuk eta, duela gutxi, 'Iparraldeko Hitza'-n eskainitako elkarrizketa batean, Euskal Herriak, nolabait, Ez Dok Amairu berri baten beharra zuela azaldu zenuen. 

Zerbait hasten duzunean, denbora bat igaro arte, sekula ez duzu jakiten zer den hasi duzun hori; denborak erakusten dizu, beharbada, zein ondorio izan dituen gizartean. Ez Dok Amairuren kasuan, ni behintzat, gerora konturatu nintzen gure gizartearentzat zer nolako abiapuntua izan zen. Beti esan ohi dugu guk ezagutu genuen herri hartan apenas zegoela ezer, euskal ekimenei zegokienez. Ez Dok Amairuren bultzada horrekin, ordea, jendea pixka bat gehiago ausartu zen, gauzak egiten hasi: batzuk idazten, beste batzuk antzerkia egiten,… Mugimendu sendoago bat sortu zen, finean. 

Esan behar da inarroste bat izan zela, garai hartan, eta, denbora pasatu eta gero, aro baten hasieratzat bataiatu izan dute. Halaxe izan zen, garai baten hasierako mugarria.

Mugarri berri bat behar da, beraz?

Mende erdian, gauzek beren bideak eta sasi-bideak egiten dituzte. Eta egia da, bai, esan izan dudala, gaur egun beste Ez Dok Amairu batek sortu beharko lukeela, beharbada. Noski, ez dut esan nahi orduko moduan sortu behar duenik. Ez Dok Amairu bat, esan nahi nuke, Ez Dok Amairuren esanahiagatik: «Aski da, has gaitezen berriro» bat ekarriko lukeen mugimendu bat, akaso.

Zergatik? Euskal kultura geldirik ikusten duzu?

Kultura, azken finean, gizakiok egiten dugun guzti-guztia da, jaiotzen garenetik. Beraz, kulturak ez du, nahitaez, onura esan nahi; kaltearekin ere izan dezake loturarik.

Gaur egun iparra galduta gabiltzala uste dut, pixka bat. Gure herriaren egoerari begiratu eta horren inguruan jendearekin hizketan hasten naizenean, adibidez, duela 40 urte egingo ez nituzkeen galderak egitera behartuta sentitzen naiz. Eta horrek esan nahi du, beharbada, iparra galdu dugula, dena lausoagoa dela.

Horrela, gauzak pixka bat argitzeko, eta euskal gizartearen egoera nahiz bere arazo apolitiko guztiak erregeneratu, eta motorra berriro martxan jartzeko, uste dut berrikuste bat eman beharko geniokeela guztiari.

Zenbait gauza hondatu egin dira, zaharkitu, eta ez ditugu bide egokiak asmatzen. Eta, bide zuzenak asmatzen ez ditugun bitartean, denbora beti gure kontra doa; orduan, beti, atzera-begirada bat egiten da. Horrenbestez, uste horretatik esaten dut esaten dudana.

Ez Dok Amairuren aurretik, kantari gazteen lehiaketa bat irabazita hasi zinen, Elvisen zenbait abesti euskaraz abestuz; geroztik, beti euskaraz abestu izan duzu. Era naturalean ateratako zerbait izan da, ala hautu politiko bat ere bai?

Erabat lehendabizikoa. Ni kantatzen hasi baldin banintzen, kantu zalea nintzelako izan zen, musikarako joera handia nuelako; ume-umetatik, eta nire nerabe garaiaren inguruan, musikaren inguruan ibili izan nintzen erabat. Mugimendu horretan oso eroso sentitzen nintzen, eta hori zen, nolabait, nire gogo nagusia.

Baina, bizitza kasualitate bat da, eta gertatzen zaizkigun gauza askok badute zorizko kutsu bat. Ni kantatzen hasi nintzen, nire nagusi erlojugileak rondallako laut bat ekarri zidalako. Orduan nik afinatzen ere ez nekien, eta nire gisara, modu autodidaktan, nire akordeak moldatu nituen, irratiz entzun eta gustuko nituen kantuak abesteko. Kantu haiek, ordea, ingelesez abesten zituzten, eta nik hitz batzuk jarri behar nizkien, kantu haiek kantatu nahi baldin banituen. Horrela, modu naturalean atera zitzaizkidan letra batzuk, euskaraz, doinu horientzat.

Nik, garai hartan, ez nuen inongo militantziarik, kantatzea gustuko zuen gazte bat nintzen. Probak egiten nituen, kanta asko eta asko espainolez entzuten baikenituen irratian-eta. Baina Elvisen edo The Shadowsen kantei espainolez letra jarrita, beti pentsatzen nuen originaletik oso urrun geratzen zirela. Euskaraz kantatzen banuen, ordea, genuinoagoa zen, hurbilago ikusten nuen, eta kantua osorik geratzen zen. Senaren kontua da, edo nire irudipena.

Abeslari izan ez baldin bazen, zer izango zen Benito Lertxundi?

Erlojugile jarraituko nuen, ziur aski, baina han erlojugile lanetan jarraitu izan banu, akaso beste zerbait gertatuko zen, auskalo.

Nik nola nekien kantaria izango nintzela? Behin ere ezin da jakin, etorriko zaizkizun bizipenak zeharka etortzen direlako. Baina, era berean, badira gauza bitxiak. Ni lehiaketa hartara joan nintzenean, Bellas Artesen, gogoan dut 15 bat segundoz kantatu nuela. 500 parte hartzaile ginen, eta eserleku guztiak betetzen genituen; txandaka igotzen ginen oholtzara, aurreneko entresaka egiteko. Gogoan dut, nik gitarra hartu eta, 15 segundo inguru kantatu nituenean, nola esan zidaten: «Bale». Eta nik orduan, zera pentsatu nuen: «Kitto, bidali naute etxera». Baina, aldiz, kontrakoa izan zen hain justu. Handik bi egunera, La Voz de España-n, albiste txiki bat agertu zen, nire izena faboritotzat joz.

Horrek zer pentsatu handia eman dit gerora, eta uste dut garai hartan esan nuela «kantari izango naiz». Ez dakit gogoak eraman ninduen hori esatera, edo antzeman egin nuen, banuela besteengana heltzeko erraztasun bat, komunikatzeko zerbait, 15 segundo haiek kontuan hartuta.
 
Krisi erraldoi honek kultur jardunari bereziki eragin diola dirudi. Zuk, pertsonalki, nabaritu duzu krisi hori, zure egunerokoan?

Esan bezala, kultura egiteari ez diogu behin ere uzten bizitzan, ona edo txarra izan. Eta, hain zuzen horregatik, krisia bera ere kultura da. Askotan, krisi ekonomikoa bera baino handiagoa izaten da, buruan dagoena. Aitzakia ere izaten da: krisirik ez dagoenean, zenbait gauza behartuta-edo egiten dira, baina, krisia dagoenean, aitzakia ona izaten da ezer ez egiteko.

Jendeak igarri egin behar du hori. Adibidez, barazkiak landatzen dituenak, bere ondareak hartu eta plazara eramaten ditu, eta saldu egiten ditu. Zergatik? Jendeak jan egin behar duelako. Baina, noski, pentsatzen da ahotik hartuz jaten ez diren gauzek ez dutela ezertarako balio. Eta, kultura deitzen diogun hori ere janaria dela ulertu behar dugu, janari espirituala, eta bestea bezain garrantzitsua dela, edo agian gehiago. Hori ulertzen ez den bitartean, beti izango da krisi bat gauza horiekiko.

Kontzertu bat edo antzerki bat beharrezkotzat jotzeko ariketa bat egin behar du, oraindik, gizarteak. 

Gu, adibidez, ia behartuta egon gara, gure herri honetan, gure kontzertuak ekoiztera. Zergatik? Bada, udalek-eta «ez dago dirurik» esaten dutelako. Baina, guk lortzen baldin badugu, zergatik udalek ez dute gauza bera egiten? Sistema honekin, akaso, kultura berri bat jorratzen ari gara, eta horrela izan behar du beharbada. Baina, jendea prest baldin badago, tomateak erosten dituenean bezala, leihatila batera joan eta kontzertuak nahiz beste gauzak erosteko, zein arrazoi dago hori krisiarekin lotzeko? Oso zaila da hori azaltzea, eta frogatu egin beharko da, beraiek dutela nolabaiteko krisi partikular hori. Jendeak, tomateak eta letxugak bezala, hori ere kontsumitu nahi du, eta guk frogatzen dugu emanaldietan.

Bigarrenez ariko zara, Tolosan, 'Oroimenaren oraina' diskoaren biran, eta beste hamaika aldiz kantatu duzu bertan. Leidorrekoa nahitaezko geltokia al da? 

Plaza batzuk beti dira fidagarriak, eta Tolosa da horietako bat. Niri ez zait sekula gustatu izan toki berean sarriegi ibiltzea, freskura pixka bat gustuko izaten baitut, hurrengo aldi baterako. Baina, egia da konfiantza handia izan dudala, beti, Tolosarekin eta inguruarekin; beti izan dugu plaza kuttunetako bat. Badira halako beste plaza batzuk ere, modu horretan bizi ditudanak. Urte asko daramatzazu, askotan pasatu zara bertatik, eta momentu horiek beren historia uzten dute; oroitzapenak etortzen zaizkizu.

Areto handi samarra da Leidor. Lehentasunik ba al duzu antzoki handi edo txikiagoen artean?

Aretoak, areto diren heinean, denak dira neurri egokikoak; batzuk gehiago besteak baino, noski. Baina, gustuko ez dudana, adibidez, futbol zelai bat da. Gauza erraldoi eta masibo horiek, gainera, nahiko populista bilakatzen dira. Distantzia eta espazio horiek ez ditut kontrolatzen, eta nik nahiago izaten dut pixka bat dominatzeko moduko espazio bat.

Leku txikitxoa denean, berriz, arazoa jende kopuru mugatua izaten da, baldin eta kontzertua zuk zeuk ekoitzi baduzu.

Baina, esandakoa, 800, 1.000 edo 2.000 pertsona sartzen diren aretoak, Euskalduna bezalakoak, adibidez, egoki bilatzen ditut. Paretak hor dauden bitartean, espazio egokia zait edozein areto, nik egiten dudan horrentzat.

'Oroimenaren oraina' aipatu dugu, zure azken diskoa. Zertan aldatu da zure lana, azken 50 urteotan, horra iritsi bitarte?

Ez dakit hori azaltzeko hitz egokiak aukeratzen asmatuko nukeen. Neure buruari aldaketarik proposatzen ez diodan pertsona bat naiz, ez dut horren beharrik sentitzen. Baina, bestalde, badakit ezinbestean aldatu egiten garela. «Ni duela 40 urte bezalakoxea naiz», esan ohi da sarri; ez da posible. Zure bizitzako gauza guztiak aldatzen dira, eta pentsaera ere bai. Bizitzan jardun egokia izanez gero, zure barneko hazkuntza aldatu egiten da, eta gauzak beste modu batera begiratzen dituzu.

Baina, nik aldaketarik proposatu gabe, badakit duela 50 urteko hura eta oraingoa oso desberdinak garela, bat bera izate horretan. Eta, esango nuke, gauza guztietan garela desberdinak, gainera.

Horrekin batera, norberak egiten duena ere aldatu egiten da. Nik askotan gogoratzen dut, hasierako kanta haietan, hau eta bestea esaten nituela, eta pentsatzen dut zein inuzentea nintzen, zein xaloa. Orain, berriz, gauzei begiratzeko beste modu bat dut, eta nire buruan beste gauza batzuk daude; eta, noski, orduko beste milaka gauza ez daude. Hor aldaketa ikaragarria gertatu da.

Kantatzeko moduarekin ere gertatu zaizu hori?

Nik behin ere ez dut pentsatu nire kantatzeko modua aldatu egin behar dudala, baina badakit ikaragarri aldatu dela. Eta, gehiago esango dut, betidanik ikusi dut-eta: kantuak egiten ditudan unean, segituan nolabaiteko prestakuntza bat egin, eta zuzenekora eramaten ditut, eta, konturatzen naiz, gaur egin dudan grabaketa eta hiru hilabete barru egindakoa entzunda, kantua nola aldatu zaidan. Batzuetan ikaratu eta guzti egiten naiz, eta nire artean pentsatzen dut: «Nola da posible? Ni ez naiz ibili hau aldatzen!». Bera aldatu da, ordea, eta kantuak bizitza propioa izango balute bezala ikusten ditut; nahi dutena egiten dute eta, nire eskuetatik alde egiten dutenean, beren kabuz ibiltzen dira. Inpresio hori daukat, eta kantuei begiratzeko modu berri bat dut.

Kantuen bilakaeraz ari garela, zure taldean bateria sartzea izan da egin duzun azken berrikuntza. Zer dela eta? 

Aspaldiko asmoa nuen. Oso talde handia nuen, eta hori gauza asko egiten ez dakidalako da. Musikari bat sartu eta inor ez da ateratzen eta, orduan, gero eta talde handiagoa sortzen da. Baina, benetan, kantuei nolabaiteko pultsua edo taupada emango zion ezer ez neukala ikusi nuen; gauzak airean geratzen zitzaizkidan, nolabait.

Horrela, hor bai ikusi nuela aldaketa baten beharra, soinua aldatzekoa, elementu oso garrantzitsu bat falta baitzitzaidan. Aspaldidanik nuen buruan, baina ez nintzen behin ere ausartzen pausoa ematera. Izan ere, bakoitza datorren tokitik dator. Gaurko gazteak, kantatzen hasi eta segituan hasten dira beren bateria edo perkusioak ondoan dituztela. Gure garaian, ordea, horrelakorik ez zen, eta haizezko tresnak nahiz sokazkoak ziren ezinbestekoago. Hortik aritu ginen gure burua elikatzen, eta kultura hori falta zitzaidan, bateriarena. Baina, azkenean, nahitaez behar nuela erabaki nuen, ezin nuela beti horrela ibili.

Eta, uste dut asmatu egin nuela, dudarik gabe. Egia baita, orain gauzek beste indar bat dutela, beste soinu bat. Askotan, aldaketa handiak huskerietan egoten dira.

Bukatzeko, soinu aldaketa horren bidetik, proiektu berriren bat baduzu esku artean?

Nire kontzertuetan kantu berriak daude jada. Beti egiten dudan moduan, kantuak egin ahala, kontzertuetan sartzen ditut eta, oraintxe bertan, grabatu gabe dauden bospasei kantu berri eskaintzen ditut.

Eta, horrez gain, beti ari naiz nire errepertorioa aldatzen. Nire emanaldietan banituen beti eman beharreko kanta batzuk, konstante batzuk, eta orain dela gutxi kendu ditut, beste batzuk sartzeko; duela hiru hilabetetik hona, aldatu egin da errepertorioa. Aspaldi kantatu ez ditudan zenbait kantu ere errekuperatu ditut, garai bateko kontzertuetan nahiko beharrezkotzat jotzen nituenak. Izan ere, freskatu egin behar dute kantuek, eta utzi egin behar dira batzuetan. Horretarako aitzakia Mauleko kontzertua izan zen, harako hiru bat kanta sartu bainituen, zuberotarrez. Eta, egia esan, berraurkitu egin nintzen, ongi pasatu nuen kantu horiek kantatzen, Zuberoan. Beraz, zera pentsatu nuen: «Zergatik ez ditut errepertorioan sartzen beste denboraldi baterako?».



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia