euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Bazitekeen euskaraz ez izatea (Iñigo Astiz, Berrian)

2017/12/15

Egia da. Bazitekeen filma euskaraz ez izatea. Beren editoreekin eta ekoizleekin zer harreman zuten galdetu zien Jon Garaño zinemagileari eta Katixa Agirre idazleari Maite Bidarte kazetariak orain astebete Durangoko Azokan izandako solasaldian, eta zintzotasunez aitortu zuen Garañok Jose Mari Goenagarekin batera zuzendutako 80 Egunean euskaraz egin bazuen, neurri handi batean, filma euskaraz egiteko zeuden diru laguntzak handiagoak zirelako egin zuela. Praktikotasunagatik, alegia. 

Lotura: Berria

Iñigo Astiz. «Euskaraz eta gazteleraz egitea zen gure hasierako asmoa», azaldu zuen zinemagileak. «Hori iruditzen zitzaigun errealitatea irudikatzeko modurik onena, baina ekoizleak deitu zigun esanez pelikulak edo euskaraz edo gazteleraz izan behar zuela, eta, ahal bazen euskaraz, diru laguntzak ere handiagoak zirelako».

Laguntzek lerratu zuten filma euskara hutserantz. Aldatu egin behar izan zuten gidoia, eta hasiera batean piano jotzaile argentinarra zen pertsonaia protagonistak eskola garaian lagun izan zuen emakume bilakatu zen, zinemagintzan bakarrik gertatzen diren transustantziazio ariketa horietako batean. Eta Garañok onartu zuenez, aldaketa horretan gertatu zen magia. «Horregatik funtzionatzen du filmak». Bi pertsonaien artean umetan egon zen harreman berezi horregatik. Filmatu zuten pelikula, beraz, proiektatu zuten aretoetan, jaso zituen txaloak, eta lehen euskara hutsezko lan horrek izandako emaitzarekin pozik gelditu zirelako erabaki zuten hortik aurrera euskaraz filmatzen jarraitzea.

Gero etorri zen Loreak, bere Oscar sariketen atarirainoko bidaia eta guzti, eta Handia etorri da orain, bere Goya sariketetako hamahiru izendapen eta guzti. Euskara hutsez bi horiek ere, eta Euskal Herriko aretoetan publiko arrakasta handikoak bi horiek ere. Baina hasi, ekoizlearen dei zaputz horrek abiatu zuen euskara hutsez aritzeko ibilbidea. Euskararen aldeko azpiegitura bat topatu zuen euskararen aldeko beren apustuak.

Ruper Ordorika musikariak maiz esaten duenez, publikoak bere egiten dituenean bilakatzen dira benetan kantu; areto batean jo eta kantuek publikoan oihartzun egiten dutenean, eta pentsatzen dut zineman ere antzera gertatuko dela. Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako filmaren kasuan, behintzat, esango nuke lortu duela publikoan oihartzun bat sortzea, eta, noski, zuzendarien, aktoreen, kamerarien eta beste hamaika langileren lan onaren emaitza da oihartzun hori. Jende asko behar baita pelikula bat egiteko. Eta jende askoren lan ona behar baita pelikula on bat egiteko. Eta ongi olioztatutako industria bat behar da horretarako. Eta Euskal Herrian asko izan dira industria hori martxan mantendu dadin haize kontra aritu behar izan dutenak ere.

«Euro batekin hiru euroko produktuak» sortzea. Iaz hil zen Juanba Berasategi marrazkilari eta euskarazko zinemaren aitzindariaren hitzetan, hori izan da erronka euskal zinemagile belaunaldi askorentzat, eta Anjel Lertxundi idazle eta gidoigileak ere inoiz aitortu du beren aurrezki eta etxeak jokoan jarriz soilik lortu zutela Hamaseigarrenean aidanez filma pantailaratzea, eta Koldo Izagirre idazle eta gidoigileak ere biltzen ditu euskal zinemagintzaren zailtasun eta bihurrialdi horietako batzuk Gure zinemaren historia petrala liburuan. Horregatik da ederra Handiafilmarekin batera, Berasategiren azken filma ere ikustea Goya sarietarako hautagaien artean: Nur eta herensugearen tenplua.

Emil Cioran pentsalariak esaten zuen maiz fina izaten dela konbentzimenduen eta apeten arteko muga, eta esango nuke Garañok Durangoko Azokan esandakoa ere badela horren froga. Erabakigarria izan daiteke norantz jotzen duen haizeak. Ospakizun unea da oraingoa, eta oso-osorik Handia filmaren sortzaileen lorpena da filmak lortutako guztia. Zuzendarien lorpena, aktoreen lorpena, makillatzaileen lorpena, musikarien lorpena, kamerarien lorpena, aurrekarien lorpena... Eta, horrez guztiaz gainera, beste neurri batean, bada euskarazko sorkuntza lehenesten duen laguntza sistema baten lorpena ere, aipatutako lorpen horiek guztiak euskaraz gertatu izana. Aldeko azpiegiturak behar dituzte euskarazko apustuek. Garañok onartu bezala, ekoizlearen dei zaputz batekin abiatzen baita festa hau.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia