euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Bakarne Altonaga, historialaria eta EHUko irakaslea: «Dantza zen ordena sozialaren ardatz bat» (Berrian)

2021/02/09

Dantza herriaren sozializaziorako ohiko tresna zen XVIII. eta XIX. mendeetan, eta horregatik izan zen eztabaidagai. Generoak eta haren eraikuntzak diskurtso haietan izandako eragina aztertu du Altonagak.

Lotura: Berria

Iker Tubia. Ez da dantzaria, baina XVIII. eta XIX. mendeetako dantzaren inguruko diskurtsoei behatuta, generoa eta sexuen arteko harremanak ikertu ditu Bakarne Altonagak (Bilbo, 1988). EHUko Historia Garaikideko sailean irakaslea da, eta genero ikuspegia ardatz hartu ohi du bere ikerketetan. Aipatutako lana Manuel Larramendi Ikerketa Sariaren bidez egin zuen, eta emaitza Guziak dantzari liburuan argitaratu du.

XVIII. eta XIX. mendeetan dantzaren inguruan izan ziren eztabaidak eta kritikak ez dira hain urruti?

Ez dut XXI. mendeko dantzen mundua zehazki ezagutzen, baina ikertu ditudan diskurtsoetan erlijioak garrantzi handia dauka, eta esango nuke gauzak asko aldatu direla, zorionez.

Zergatik erreparatu zioten dantzari goi esferetatik?

Elite batzuek sortzen zituzten diskurtsoak, baina dantza herriaren sozializazio eremu guztietan ematen zen fenomenoa zen. Hain garrantzitsua eta ohikoa zenez, bazen ardura iturri elizako kideen eta beste eragile sozialen artean.

Diskurtso horietan gizonak ageri dira emakumeei buruz solasean.

Eta normalean ez oso ongi, eta batez ere gizonen eta emakumeen arteko harremana kudeatu nahian. Hori da batez ere interesatu zaidana ikertzea, emakumeen eta gizonen arteko harreman hori dantzaren inguruko diskurtsoan zelan aldatuz joan den, eta zer kontraesan izan ziren, ikusteko ideia politikoek emakumeen eta gizonen arteko harremanak egituratzeko orduan zein eragina zeukaten. Azken finean, diskurtso horiek ordena sozialarekin lotura dute, eta dantza ordena sozialaren ardatzetako bat zen.

Zergatik zen hain garrantzitsua gizonen eta emakumeen arteko harremanak arautzea?

Azken batean genero harremanak direlako ordena soziala egituratzen duten botere harreman garrantzitsuenetariko bat. Dantzaren diskurtsoan argi ikusten da desira eta abar ikuspegi politiko eta ideologiko konkretuetatik kontrolatu eta ondo ordenatzeko borondatea.

Eztabaida horiek jaisten ziren jende arruntarengana?

Diskurtso horiek eragina zeukaten herri xumearengan debekuetan eta abar. Ikusmoldeen eraikuntza eta sorrera ez zetorren klase xumeetatik, baina bazegoen eragin zuzen bat haien bizitzetan eta euren artean harremanak izateko moduetan.

Eztabaida horiek eraginik izan dute gaur egungo dantzetan?

Horretan ez naiz sartu. Baina badaude lan garrantzitsuak: Oier Araolazarena, esaterako.

XVIII. mendean dantzaren kontrako diskurtso sutsuen artean bada salbuespenik. Zer giro zegoen?

Manuel Larramendirena salbuespena da: gipuzkoartasuna azpimarratu nahian dantza defendatuko du, baita emakumeena ere. Hori ikuspegi oso-oso berezia zen. Aldi berean ilustratuek mundu ikuskera ezberdina dakarte. Nik uste euskal probintzietan ere ekarri zutela pentsamendu aldaketa bat, garrantzitsua gainera, eta dantzan ikusi daiteke.

Ilustrazioak irekidura bat ekarri zuen diskurtso horietara?

Irekidura baino gehiago, ikuspegi positiboa defendatu zuten. Horrek ez du esan nahi gizartea erabat aldatu zenik. Ikuspegi kontraesankorrak beti mantendu dira. XIX. mendean dantzak garrantzi handia hartu zuen euskal identitatearen eraikuntzan, baina, aldi berean, autoritate zibilek nahasmendu arriskuarekin identifikatu zuten dantza.

Batzuek onartzen dute emakumea dantzan, beste batzuek bekatuarekin lotu... Hau da, ikuspegiaren arabera eraikitzen da generoa?

Bai. Generoa testuinguruaren arabera garatzen den botere harreman bat da, beraz, emakumetasuna, gizontasuna eta haien arteko harremana era batera edo bestera ulertu izan dira. Dantzaren kasuan ere bai.

Zer irakaspen atera daiteke?

Gaur egun zorionez zalantzan jartzen den eta deseraiki den genero iruditeria eta sexu-genero arkitektura ulertzeko oso modu ezberdinak izan dira. Historiak eskaintzen dizkigu agertokiak deseraikuntza hori bideratzeko. Identitateak ez dira esentzia batetik ateratzen.

Adibide bat: Sabino Aranak zioen Bizkaian gauez eta etxeetan ez zela inoiz dantzatu; ez zen egia. Zergatik esaten ziren halakoak?

Oro har identitate edo imajinario politiko guztiak asmatzen direnean, logika izaten da iraganera begiratzea. Baina begirada hori sortzailea da. Sabino Aranak ez zuen egitate bat deskribatu: eraikuntza ideal bat eskaintzen ari zen.

Dantza generoa eta sexuen arteko harremanak ikertzeko baliatu duzu. Ikuspegi bat gailendu zen?

Bi ikuspegi nagusi banatuko nituzke: batetik eklesiastikoa, erreakzionarioagoa dena; bestetik jatorri ilustratuagoa duena, ondoren liberala izango dena. Batak bestearekin harremanean sortzen du bere ikuspegia. Esango nuke liberalak hartu zuela indar handiena azkenean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia