euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Baigorri eta Ortzaizeko euskara aztertu du Zuazok, liburu batean (Iparraldeko Hitzan)

2021/05/21

Hizkuntzalariak ‘Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara’ liburua argitaratu du. Euskalkiaren gramatika, sintaxia eta hiztegia landu ditu. Hilaren 28an aurkeztuko du, Baigorrin, 18:00etan, Herriko Etxean. Aldudeko ibarrean ere ariko da berantago.

Lotura: Iparraldeko Hitza

Iñaki Etxeleku. Sarako euskararekin egin zuen bezala duela bost urte, Baigorri eta Ortzaize eskualdeko euskara aztertu du azken bi urte hauetan Koldo Zuazo hizkuntzalariak (Eibar, Gipuzkoa, 1956). Azterketa honen emaitza argitaratu du Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara liburuan, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ikertuz sailean plazaratu berri duena. Tokiko euskalkiaren gramatika eta sintaxia landu ditu, xeheki, eta hiztegi aberats bat osatu. Liburua maiatzaren 28an aurkeztuko du, Baigorrin. Ondoko lana, berriz, Barkoxeko euskarari buruzkoa izanen du.

Lekuko hiztunekin grabaketak eginez hasi zen Zuazo 2018an. Oren bat eta oren eta erdi arteko 29 grabaketa egin zituen hilabete bat eta erdiz, eta etxera itzuli horien aztertzeko. Ondoko bi urteetan, grabaketa zenbaitekin segitzeaz gain, Baigorri eta Ortzaize ibarretako lagun talde batekin segitu du azterketa lana.

Azterketa sakona eginik, bere ondorioak atera ditu hizkuntzalariak. Horietarik bat, Luis Luziano Bonapartek XIX. mendean egin zituen euskalki bereizketei buruzkoa da. “Gaur egun, ez dut batere argi ikusten Bonapartek bereizi zituen mendebaleko behe nafarra eta ekialdeko behe nafarra euskalkien arteko aldea”, dio Zuazok, liburuko sartze hitzetan.

Hots, Lapurdiko ekialdetik Zuberoa arteko eremu zabalean “egitura bereko euskara egiten” dela. Ezaugarri batzuk aipatu ditu: hitz hastapenean x– erabiltzearena; xori, ximinia, eta ez tx-rekin, beste lekuetan bezala. Halaber, aditzetan: emaiten, erraiten, egoiten; ez baita berdin egiten Lapurdi mendebalean —erraten, ematen, egoten—, konparazione. “Ikusten da Lapurdiko mendebalean egon dela Gipuzkoako eta Nafarroako eragin bat”.

Halako batasun bat ikusten du, beraz, Ipar Euskal Herriko eremu zabal batean. “Nahiko argi ikusten dugu guk orain hitz egiten ditugun dialektoak Erdi Aroan sortutakoak direla. Ematen du ezaugarri horien sorgunea Lapurdiko kostaldea izan zitekeela eta hedatu zirela Lapurdi osora eta Nafarroa Beherera. Batzuk Zuberoara ere bai, baina ikusten da Zuberoa aspalditik ibili dela bere kasa”.

Bonapartek beti, bereizi zituen Garazi eta Baigorriko euskarak xuka formarengatik. Zuazok dio ez dela aski bi euskalki direla errateko. “Ortzaize, Baigorri eta Garaziko euskara berdintsua dela ikusi dut. Jendea xuka mintzatzen denean, hizkuntzak hartzen du beste kolore bat, baina ez zait iruditzen ezaugarri bakar bategatik bi euskalki bereiz daitezkeenik”, erran du.

Zuazok uste du bat-bederak guti aski duela bestea sailkatzeko eta norbere euskalkikoa ez den hitz bat entzun orduko beste euskalki batean zalu kokatzeko: “Jendeak —eta guk guztiok ere bai— zerbait diferente entzuten dugunean, iruditzen zaigu hizkera berezi bat dela; baina, hasten garenean gauzak zerrendatzen, gauza diferenteak izan daitezke hamar edo hamabost, baina gauza berdinak infinituak dira”. Hortik, ondorioa: “Ez dugu bakarrik begiratu behar zerk bereizten gaituen; begiratu behar dugu ere zerk batzen gaituen”.

Erdaren eraginak

Baigorri eta Ortzaize aldeko euskarak, baita Aldude ibarrekoak ere, Nafarroa hurbileko Baztangoarekin dituen eite handiak ikusi ditu ikerlariak. Saran egon zelarik, Xareta eremuko mugaz bi aldeetako herrien artean hauteman zituen bezal-bezala.

Bizkitartean, gauzak aldatzen ari direla ohartu da. Hego eta Ipar Euskal Herri arteko euskara desberdintzen ari da, baina ez batere euskalkiengatik, baizik eta erdaren eraginez. “Gaur egun muga administratiboa muga linguistikoa ere bada”. Horri ohartu zaio adineko elkarrizketatuen artean euskara bertsua zelakoan —Zugarramurdi, Urdazubi, Sara edo Azkainekoen artean—. Berdin, Luzaide eta Garazikoen artean, edo Baztan eta Baigorri-Aldude ibarrekoen artean. Gazteen euskaran, frantsesaren eta gazteleraren eraginak du ondorio gehien. “Mailegu pila bat ikusten dira, ez bakarrik hitzak, fonologian, morfologian, sintaxian, arlo guztietan; frantsesak alde batean eta espainolak bestean, muga linguistikoa ezartzen ari direla. Zortzi urte egin ditut Iparraldean, eta hori da ikusi dudan gauza inportante bat”.

Lexiko edo hiztegi batek osatzen du Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara liburuaren zati nagusia. 4.625 hitz edo sarrera ditu, 934 azpisarrerarekin, eta 75 erranmoldek eta 35 eskaera edo erran-zaharrek aberasturik. Erran-moldeek euskalkiaren ulertzeko “dena” ekartzen dutela dio Zuazok. “Hizkuntza bat erakutsi eta erabili nahi badugu, hitzek inportantzia handia daukate”. Hitza bere testuinguruan ezartzeak mintzairaren muinera ekartzen du irakurlea, “ikusteko hitzak nola erabiltzen diren”.

Haritxelarren omenez

Jean Haritxelar (1923-2013) zenari eskaini dio lana Zuazok. Doktore tesiaren zuzendari izan zuen, eta nagusi 1980 eta 1984 artean euskararen lektore izan zelarik Zuazo Bordeleko [Okzitania] unibertsitatean. “Asko lagundu zidan, eta ordutik izan dut Baigorriko euskara aztertzeko gogoa, lagun horrekin neukan zorra kitatzeko. Gizon ona izan zen nirekin”.

Baigorri, Banka eta Urepeleko herriko etxeak ere bereziki eskertu ditu liburuan. Baigorrikoa, diru laguntza eman diolako lana eramateko; Bankakoa eta Urepelekoa, liburua argitaratzen lagundu dutelako. Azpimarratzekoa zaio, arraro baita. “Normalean, euskara eta euskal kultura beti gutxietsiak izan dira. Aldiz, bai Saran, bai Baigorrin ukan dut herriko etxeen laguntza guztia”.

Gaur zortzi liburuaren aurkezpena eginen du Koldo Zuazok, Baigorrin, Basaizea elkartea eta herriko etxearekin batean antolaturik. Gisa berean, larrazkenean, Aldude ibarrean beste aurkezpen baten egitea aitzin ikusi dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia