euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Astelehenean hasiko da Bordeleko Unibertsitateko Talenceko Campusean III. Euskampus-Bordeaux Sinposioa (EHU.eus-en)

2017/06/23

Ekainaren 26an eta 27an, III. Euskampus-Bordeaux Sinposioa egingo da Bordeleko Unibertsitateko Talenceko Campusean, besteak beste Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, Nazioarteko Bikaintasunaren Euroeskualdeko Campusaren esparruan. Inaugurazioan –hilaren 26an izango da, astelehena, 11:00etan–, honako hauek mintzatuko dira: Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorea; Manuel Tuñón de Lara, Bordeleko Unibertsitateko presidentea; eta Matheiu Bergé, Euroeskualdearen, Mugaz Haraindiko Lankidetzaren eta Portu eta Aireportuen arloko eskualdeko kontseilaria.

Lotura: EHU.eus

Nazioarteko Bikaintasunaren Euroeskualdeko Campusa 2014an formalizatu zen, bi unibertsitateek sustatuta, Bordelen egindako I. Euskampus-Bordeaux Sinposioan. Euroeskualdeko Campusa, hain zuzen ere, prestakuntzarekin, ikerkuntzarekin eta ezagutzaren transferentziarekin lotutako lankidetzarako gune bateratua da, eta bide ematen du Akitania-Euskadi ezagutzan oinarrituriko euroeskualde gisa finkatzeko eta nazioartean hedatzeko. Euroeskualdeko Campusa unibertsitate bietako kideek eta haien bazkide estrategikoek egindako jarduera partekatu jakin batzuen bidez egituratzen da: titulazio bikoitzak, doktoregoko tutorekidetzak, Europako proiektuak, ikerketa egitura elkartuak, ekintzaile programak, lan praktikak eta abar. Plan anbiziotsu horretan 120.000 pertsonak dihardute, tartean bi unibertsitateetako ikasleak (110.000), irakasle eta ikertzaileak (9.000) eta administrazio eta zerbitzuetako langileak (5.000). Euroeskualdea ekonomikoki garatzeko aktibo nagusietako bat da, Euroeskualdearen Plan Estrategikoan jasotzen den moduan.

III. Euskampus-Bordeaux Sinposioaren bitartez, bi erakunde akademikoen eta haien bazkide komunitateen arteko lankidetza sendotuko da. Halaber, lankidetza indartuko da Akitania-Euskadi euroeskualdearen jakintza triangeluan funtsezkoak diren proiektu eta jarduerak gauzatzen dituzten eragile sozial eta erakundeekin ere.

Hirugarren sinposio honetan, bi ikastegietako eta lotura duten erakundeetako 300 bat pertsona bilduko dira, eta askotariko lan tailerrak, bilerak eta jardunaldiak antolatuko dira, ikerkuntzarekin, prestakuntzarekin eta ezagutzaren transferentziarekin lotutako lankidetza egitasmoak ezartzeko edo areagotzeko, alde batetik, eta bi unibertsitateen administrazio egiturek elkarlanean jarduteko prozedurak hobetzeko, bestetik. Zehazki:

o 10 zientzia tailer emango dira guztira, askotariko gaiak jorratzeko: osasuna, aeronautika, materialak, ekosistemak, neurozientziak, biofisika eta artea, besteak beste.
o Gainera, prestakuntza eta berrikuntza pedagogikoarekin eta administrazio eta zerbitzuekin lotutako gaiei buruzko hainbat jardunaldi izango dira, eta administrazio eta laguntza egituretan diharduten unibertsitate bietako langileek parte hartuko dute.
o Bestalde, erakunde bietako tutoretza edo zuzendaritza jasotzen duten doktoregaientzat, zeharkako gaitasunen seigarren workshopa egingo da, diziplinartekotasunari buruzkoa, unibertsitate bietako master eta doktorego eskolen bermearekin.
o Horrez gain, alde biko topaketak ere antolatu dira, ‘P2P meetings' direlakoak: formatu txikiko bilerak dira, eta ez dute gai zehatzik lantzen, etorkizuneko lankidetzei ekiteko modua baizik.

Azkenik, azpimarratzekoa da Bordeleko Unibertsitatea Euskampus Fundazioaren patronatukide gisa formalizatuko dela; horrela, UPV/EHUrekin eta Euskal Herriko gainerako bazkideekin (Tecnalia, DIPC, Grupo Ormazabal, CAF eta Ikerbasque) daukan konpromisoa indartuko du.

Sinposioaren egitarauari buruzko informazio gehiago hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia