Dabid Martinez. Liburuaren lau atalek dimentsio osoa ematen die kontatu nahi duzunari, baina Esan gabe doa trilogia baten lehen alea da. Amesten duzun gizarte ereduari leku egin nahi diozu?
Hala da. Askotan izan dut ideia hori buruan bueltaka, imajinatzen dudan gizarte-eredua literaturara zelan ekarri, baina ez nuen bide aproposa aurkitzen. Inoiz beste planeta batera iritsitako gizakiak aurkituko zuen zibilizazio horizontala izan dut burua, baina ideiak ez ninduen asetzen. 2009an, berriz, Asier Serranok Erlojugilea bere nobelaren eskuizkribua helarazi zidan Temukora (Txile), eta horrek piztu zidan ideiak bat egin zuen buruan nituen beste hari batzuekin. Hor hasi nintzen trilogia osatuko zutenaren piezak antolatzen.
Zerk bultzatu zaitu Esan gabe doa idaztera? Non kokatzen da nobela berri hau zure literaturan?
Esan legez, zenbait gauzak egin zuten bat halako momentu batean. Latinoamerikara iristearekin batera pentsalari anarkisten itsasoan murgildu nintzen, eta bertako literaturan sakontzeari ere ekin nion. Esan daiteke Bakuninek, Malatestak, Proudhonek, Kropotkinek, Benedetti, Cortazar, García Márquez eta Allenderen hatsari heldu nahi izan ziotela ahots literario baten bila, lehenago Arenasi keinuren bat egina nion bezala. Estimulu lar, kar, kar. Hala, hurrengo urteetan Esan gabe doa izango zena pixkanaka joan zen elikatzen, pasarte asko Buenos Airesen sortu ziren hurrengo urteetan, une haietan Bioklik idazten bainenbilen, distopia bat, eta bide distopikoaren eta gero etorriko zen eutopikoaren arteko zubia izango zen Bahiketa ere izan nuen eskuartean. Eta elikatu bitartean eta liburua amaitu arte, nire lanik garrantzitsuenaren aurrean nengoela sentitzen nuen, zentzu askotan. Uste nuen ez zitzaiola inoiz txanda helduko, baina dena iristen da azkenean, pazientzia izanez gero.
Hego Amerikako eragina antzematen da diskurtsoan eta estetikan. Zentsu horretan, zer aurkituko du Esan gabe doa irakurtzen duenak?
Alde batetik, uste dut nire aurreko lanak ezagutzen dituenak ahots ezaguna aurkituko duela, berehala sentituko duela Asel Luzarragaren istorio baten aurrean dagoela baina, bestetik, uste dut aurreko liburuetan agertu ez diren gauza asko aurkituko dituela, eta estiloan ere Bahiketan beharbada jorratutako bidean sakontzen duen arnas literario helduagoa. Amets egiteko ate bat ere bai, eta hori ere ez da gutxi, nik uste.