[Itsaso Zubiria Etxeberria] Itzultzaile neuronala ezagutzen? Zertarako erabiltzen dugu? Zertan hobetzen du gure lan-funtzionamendua? Zertan hizkuntza-kalitatea? Zein ate ireki ditzake euskara gehiago erabiltzeko? Zein gatazka eragin dezake? Zein gaitasun berri garatzen lagun diezaguke? Itzulinguru du proiektu honek izena, Soziolinguistika Klusterrak eta EHUko Innoklab ikerketa taldeak sustatu dute eta ondorengoek ere parte hartzen dute: Elhuyar, AEK, Orai adimen artifizialeko zentroa, Osakidetza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Hekimen. Aipatutako galderei erantzun bat eman nahian jo dute gizarteko hainbat sektoretara (hedabideak, euskaltegiak, osasungintza, adibidez). ARGIAri (eta beste 25 bat erakunderi) esperimentu bat egiteko proposatu diote: itzultzaile neuronalari gaur egun ematen ez diogun erabilera bat ematea denbora-tarte zehatz batean, sortzen diren distortsioak, hobekuntzak eta ikasgaiak aztertzeko. Elhuyarren Orai adimen artifizialeko zentroaren eskutik, Elia itzultzaile neuronala baliatuko da horretarako.
Hausnarketatik esperimentura
Proposamenaz hausnartu da ARGIAn eta gai interesgarriak mahai gaineratzeko balio izan du. Adibidez, interesatzen al zaio ARGIAri bere edukiak gazteleraz eta frantsesez eskueran jartzea? Ondorioa, garbia: ez, “ez baitugu nahi euskaraz dakien, baina gazteleraz edo frantsesez irakurtzea errazagoa egiten zaionari, orain arte ARGIA euskaraz irakurri duen hori, aplikazio honen bidez gazteleraz edo frantsesez irakurtzen has dadin”, azaldu digute. Bestalde, ARGIAren helburua bada sortzen dituen edukiak ahalik eta gehien zabaltzea, beti da interesgarri beste hizkuntza batzuetara itzulita erabiltzaileari eskueran jartzea. Hortik sortu zen Argia english bera. Eta, noski, jakitun teknologia berrietan euskara egokia bermatzeak duen garrantziaz. Beraz, aurrera esperimentuarekin. Baina zer egin ARGIArentzat erabilgarri? Itzultzaile neuronala ARGIAren mesedetan erabili nahi badugu, baina gaztelerara eta frantsesera gure edukiak itzuli gabe, baina beste hizkuntza batzuetara zabaltzeko asmoz… Bingo! Argia.eus webgunea ingelesera, katalanera eta galegora itzultzeko sistema garatu.
Otsailaren 1etik 29ra bitarte egingo da esperimentua. Klik bakarrean, itzultzaile neuronala erabiliz, automatikoki aldatuko da argia.eus orrialdea edo bertako edozein albiste nahi dugun hizkuntzara. Orioko Udalaren webgunea (orio.eus) ikus dezakezue adibide modura, antzeko zerbait egitea baita asmoa (webgunearen goialdean, eskuinetara, Elia funtzioa). “Badakigu akatsak egongo direla testuetan eta ahaleginduko gara pixkanaka, detektatzen ditugunak zuzentzen. Euskara kontuan duten teknologia berrien garapenerako laguntza izan litekeelako egingo dugu esperimentua”, azaldu digute ARGIAko kideek.
Laster ikusiko dugu emaitza.