euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Angel Ugarte, pilotaria, Brasilen jaioa: «Pilotariak ez dio inoiz pilotari izateari uzten»

2017/11/05

Zesta-punta izan da Angel Ugarteren bizitzaren ardatza. Brasilen jaio zen, bere aita Sao Pauloko frontoi batean ari zelako jokatzen. Kirol horren gorakada bizi izan zuen Ameriketako Estatu Batuetan, Floridan hain zuzen, frontoiak ugaritu ziren garaian.

Lotura: Berria

Jon Rejado. Angel Ugartek pilota du zainetan (Sao Paulo, Brasil, 1926). Pilotari saga bateko kidea da. Aitak zesta-puntan jokatu zuen, baita aitonak ere. Kirol horrek nazioartean izan zuen indarra irudikatzen du. Gaztetan, Ameriketako Estatu Batuetan izan zen, besteak beste, Miamiko frontoian (Florida). Gaur egun, Zalduondon bizi da, Arabako lautadan. Etxean dozenaka argazki ditu gordeak, hamaika frontoitan izan zituen bizipenen lekuko.

Zalduondoko Imaz tabernak ere bizipen horien lekukotzak ditu. Paretan haren argazki bat dago; goiko partean, eskuz idatzita dago lekua: Daytona Beach Jai Alai. Eskuinerago, Gorka Bilbaok egindako Jai Alai Blues dokumentalaren kartel erraldoi bat dago; horretan parte hartu zuen, pilotari garaiko bizipenak gogora ekarriz. Bi txapel ere badaude, Pilotarien Batzarrak Lapuebla de Labarcan egin zion omenaldiaren lekuko.

Hamaika lekutan Villabonako pilotaritzat aurkeztu zaituzte, baina ez zinen han jaio...

Brasilen jaio nintzen, Sao Paulon. Aita han ari zen pilotan. Jose Manuel Ugarte. 11 urte bete nituen arte han bizi izan nintzen. Han eskolatu nintzen lehengoz. Portugesa ikasi nuen, baita lehen pilotakadak eman ere. Hizkuntza galdu dut, baina pilota... Behin hasita, ez nintzen gelditu.

Brasilen zesta-puntak jarraitzaile asko al zituen?

Bai, bai. Une batzuetan lau frontoi egon ziren irekita, aldi berean, Rio de Janeiron. Aitak urte asko eman zituen han jokatzen; 27 urte han jokatzen eta bizitzen. Aita Villabonan [Gipuzkoa] jaioa zen, eta Brasilera jokatzera joan zenean nire amarekin joan zen. Han jaio ginen anaia, arreba eta hirurok. Ni izan nintzen pilotari bakarra, ordea.

Zeintzuk dituzu lehen oroitzapenak pilotari buruz?

Aitarekin frontoira joaten nintzen, txiki-txikitatik. Ohartzerako, pilotak harrapatua ninduen. Dena gustatu zitzaidan: frontoien handitasuna, pilota kolpeen hotsa paretaren kontra...

Haurtzaroan Villabonan bizi izan zinen, ezta?

11 urte nituela hona etorri ginen, aitaren opor batzuk baliatuta. Eta hemen geratu nintzen. Hemen egin nintzen pilotari. Zale bezala aritu nintzen hasiera batean. 17 urterekin partida amateurrak jokatzen nituen, eta 18rekin profesional gisa hasi nintzen. Donostiako frontoietan asko jokatu genuen, garai horretan. Txapelketak bertan egiten zituzten.

Nolakoa izan zen Sao Paulotik Villabonarako jauzia? Hiri handi batetik herri batera...

Ez pentsa alde handia zegoenik. Lau frontoi ere bazeuden Villabonan garai horretan, aldi berean irekita; Sao Paulon beste!

Zaletasun handia zegoen?

Villabonatik hamaika pilotari atera dira. Ez dakit esan ote daitekeen zestaren sorterria denik, baina pilotari asko eman ditu. Asko. Gehien-gehienak between Villabona eta Markina atera dira. [Ingelesezko hitza oharkabean sartu du esaldian].

Zergatik gertatzen da hori?

Pilotari izandako gurasoek seme pilotariak izan zituzten.

Zu zeu horren adibide zara. Non jokatu izan zuen zure aitak?

Brasilen, nagusiki. Ona zen gero... aitonak ere jokatzen zuen, baina aita zen guztion artean onena.

Aitonak ere jokatu zuen?

Bai, bai... Manuel Jauregi! Zesta-puntan jokatzen zuen hark ere. Argentinan jokatu zuen, Buenos Airesen; Kolonbian; Egipton ere aritu zen, Alexandria eta Kairoko frontoietan.

Zure kasuan, pilotari sagak izango al du jarraipena?

Bi alaba ditut; biak AEBetan bizi dira, baina ez dute pilotan egiten. Pena apur bat ere ematen dit... Bakar bat frontoietan arituko balitz... Tira, jainkoak ez zuen hori nahi izan, eta zer egingo diogu.

Aitortu izan duzu ikusgarri jolastea gustatzen zitzaizula. Jauziak, lurrera bota...

Hala da, bai. Pilotari bezala, ezaugarri bat baldin banuen, ikusgarritasuna zen. Egiten nituen jauziak... Jarrera horrek erakarri zuen Miamiko frontoiko enpresariaren arreta. Ikusi ninduenean esan omen zuen: «Pilotari hori niretzat nahi dut, ados?». Garai horretan oso ohikoa zen frontoietako ordezkariak hona etortzea, pilotari bila: Miamitik etortzen ziren, Mexikotik, Kubatik...

Noiz joan zinen lehenengoz Miamira?

Egia esan, ez dut data gogoratzen. Bai, ordea, ekarri zuen aldaketa handia... Aldaketa jokatzeko moduagatik hasita. Han ez zeuden partidak, kiniela deitutako sistema baizik. Aitak Brasilen jokatzen zuen garaitik ezagutzen nuen hori, baina, hala eta guztiz ere, aldaketa handia izan zen.

Nolakoa zen kiniela?

Ohiko partidatan bi-biren kontra izan ohi dira, eta egin beharreko tanto kopurura heltzen dena. Kinielan, ordea, pilotari gehiagok parte hartzen dute: hamabi, hamalau, hamasei, hogei. Buruz buru, edo bikoteka jokatu ohi zen, partidatan baino tanto gutxiagora. Denek denen kontra jokatzen genuen, eta pilotari bakoitzak zenbaki bat zuen. Gaur egun antzekoa dela esango nuke. Garai horretan, egunero, hiru kiniela jokatzen genituen.

Zenbat pilotari joaten zineten Euskal Herritik atzerriko frontoietara?

Uf... zaila da esatea. Mugimendu handia zegoen. Miamiko frontoian Espainiako 40 pilotari geunden, gutxi gorabehera; horietatik sei ginen Villabonakoak.

Tokian tokiko pilotariak al zeuden edo gehienak atzerritarrak zineten?

Miamin nengoenean, AEBetako bi edo hiru pilotari egongo ziren, guztira. Oso gutxi. Ez zuten pilota handirik. Egoera antzekoa zen gainerako lekuetan: Italian, Shanghain, Venezuelan... Brasilen ohitura handiagoa zegoen, eta pilotari asko egon ziren, oso onak... Aurrean duzu horietako bat [barre egin du].

Zer alde zeuden frontoien artean? Baten batean sentitu al zinen erosoen?

Toki bakoitzak bazituen bere ezaugarriak. Dena den, Miamiko frontoian jokatzea zen pilotari guztion ilusioa. Frontoian 5.000 pertsona inguru egongo ziren, une oro.

Zein frontoi zapaldu zenituen?

Asko... Miami eta Dania [Florida, AEB], Milan [Italia], Panticosa [Espainia]... Panticosan hilabete pasatu nuen; frontoia txikiagoa zen, saski txikiagoekin... Shanghaira joateko bi kontratu ere izan nituen, baina ez nintzen joan. Bizitzan gertatzen diren gauzak. Kontratua eskaini zidaten aldietako batean ez nuen gogo handirik hara joateko, eta bestean... soldaduska!

Soldaduskagatik ezin izan zinen joan, beraz?

Ordura arte neraman bide profesionala eten zidan. Soldaduska... hori zen kalamitatea, hori... Bi urte pasatu nituen han. Bi urte eta bost egun! Egin behar nuen, derrigor... Filipinetara joateko aukera ere izan nuen garai horretan, baina, horren ordez, Zaragozan egon nintzen soldadu.

Epe horretan pilota utzi zenuen?

Ez guztiz. Soldaduska egin bitartean pilotan jokatzen nuen Zaragozako frontoian. Armadako agintariren bat ere joaten zen apustuak egitera!

Nolakoak ziren kontratuak garai horretan?

Dirua eskaintzen ziguten... Ondo bizitzeko moduko dirua. Kontratuak 100 egunekoak izan zitezkeen, edo luzeagoak. Denboraldiak ehun egun ingurukoak ziren hasiera batean, eta luzatuz joan ziren. Hortaz, kontratuak iraun bitartean, frontoia zegoen hirian bizi ginen, eta, denboraldia amaitzean, herrira itzultzen ginen.

Nolakoa zen bizimodua frontoietatik kanpo?

Pilotari bizimodua. Bizimodu ona. Gure eginbeharra hiru kiniela jokatzea zen, egunero. Guk jokatzen genituen. Entrenamendurik ez genuen egiten, egia esan... nahikoa entrenamendu zen egunero-egunero jokatzea. Hortik kanpo denbora genuen nahi genuena egiteko. Denboraldia neguan zen, baina, hala eta guztiz ere, eguraldi ona zegoen... ez hemen bezala. Zesta-puntaren loraldi bat bizi izan zen garai horretan.

Nola antzeman zen hori?

Floridan, Miamiko frontoiaz gain, beste hainbat zabaldu zituzten garai horretan: Palm Beachen, Danian... West Palm Beacheko Jai Alai frontoia nik inauguratu nuen! Polita izan zen hori egitea... Esan bezala, denboraldiak ere luzatu zituzten. Kontratuak, 100 egunekoak izan beharrean, 500 egunera luzatu zituzten.

Miamin pilotakada asko eta errezetaren bat edo beste utzi zenuela esaten da... Sukaldari trebea al zara?

[Barre egin du] Asko kozinatu dut, asko. Zaletasunagatik. Are gehiago, jatetxe bat ireki nuen, Danian. Espainiako janaria ematen genuen. Baina, kontuz, ni ez nintzen sukaldaria; profesional bat kontratatu nuen. Dena den, sei hilabete inguru iraun zuen jatetxeak. Azkar aspertu nintzen.

Orduko AEBetako pertsona ospetsuak ezagutu zenituen?

Hollywoodeko aktoreak ezagutu nituen, eta batzuk jatetxera ere etorri ziren. Bereziki gogoratzen dut Esther Williams. Asko ezagutu nuen. Pilotak artistak erakartzen zituen. Bere garaian esan izan zen zesta-punta munduko kirolik zailena zela, baina ez dut uste hala denik. Zaila da, baina...

Beste kirolik egin al duzu?

Ez... Pilotaren barruan bai, baina beti tresnarekin. Erremontea probatu izan dut, Villabonan jokatzen den moduan, eta ondo moldatzen nintzen.

Pilota utzi zenuenean, zer egin zenuen?

Pilotari izaten jarraitu nuen. Pilotariak ez dio inoiz pilotari izateari uzten. Horrez gain, Villabonara itzuli nintzen gero. Hamaika lanetan ibili izan nintzen. Denda bat izan nuen herrian bertan. 

Pilota utzi eta gero Miamira itzuli al zinen?

Bai, bai... Baita frontoira joan ere. Jokoa bera aldatu da. Joan nintzen azken aldian garbiago jokatzen zuten. Gure jokoa zikinagoa zen... ez dakit nola esan. Pilota jaso ondoren, beste mugimendu batzuk egiten genituen, jaurti aurretik. Ordea, uste dut bizimodua ez dela aldatu. Pilotari bizimodua zuten joan nintzen azken aldian, bizimodu ona.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia