euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Ander Caballero: «Euskal ingurumen-plangintzak abangoardian kokatzen gaitu karbonorik gabeko ekonomia indartsu baterako trantsizioan» (Irekian)

2015/09/24

Eusko Jaurlaritzaren Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako ordezkaria New Yorkeko Climate Week-en parte hartzen ari da. «2015eko New Yorkeko Klimaren Asteak karbono baxuko ekonomia baterako trantsizioa dagoeneko martxan dagoela frogatuko du», esan du. Hainbat herrialdek eta eskualdek Euskadik Lyonen babestu zuen Under2 MoU protokoloarekin bat egin dute –planetako tenperatura mende honetan bi gradu baino gehiago igotzea eragoztea du xede–

Lotura: Irekia.euskadi.eus

Eusko Jaurlaritzaren Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako ordezkari Ander Caballerok ziurtatu duenez, «euskal ingurumen-plangintza, nagusiki Ingurumen Esparru Programan eta Klima Aldaketarako Euskal Estrategian islatua, herrialdeen eta eskualdeen abangoardian kokatzen gaitu garapen jasangarriko helburuak lortzeari dagokionez, karbonorik gabeko ekonomia indartsuago baterako trantsizioaren hasieran».

Euskadi 2015eko New Yorkeko Klimaren Astean parte hartzen ari da, Kalifornia, Gales, Rhone-Alpeak, Baden-Württemberg eta Quebec eskualde, herrialde eta estatuekin batera, besteak beste, Nazio Batuek abenduan Parisen egingo duten goi-bileran klimaren inguruko akordio batera iristen ahalegintzeko eta ekonomia indartsu eta jasangarri berri baterako aukera aztertzeko. Joan den irailaren 21etik 28ra arte, New Yorken Climate Week topaketa eta Garapen Jasangarriaren Goi Bilera egiten ari dira, NBEren babespean.

Egun hauetan, munduko liderrak garapen jasangarriko helburuak (GJH) lortzeko ingurumen, ekonomia eta gizarte arloetako gaiak nola programatu eztabaidatzen ari dira eta Eusko Jaurlaritza, bere ordezkaritzaren bitartez, ekitaldi garrantzitsuenetako batzuetan presente izango da.

Ander Caballerok lan-gosari batean parte hartu du, nrg4SD (Network of Regional Governments for Sustainable Development) sareko beste kide batzuekin batera. Gosari horretan, eskualdeetako gobernuei beren lurralde-esparruetan neurriak hartu eta gizarteen, ekonomien eta ingurumenaren etorkizuna ziurtatzea proposatu zaie. Halaber, Kaliforniako gobernadore Edmund G. Brownek antolatutako kide berrien Under2 MoU protokoloaren sinadura-ekitaldian izan da. Ana Oregi sailburuak joan den uztailean sinatu zuen, Lyonen, Rhone-Alpeetan, egin zen Climate and Territories Summit bileran.

Eusko Jaurlaritzak, The Climate Groupeko Estatuen eta Eskualdeen Aliantzako Europako presidentekide gisa, 2015eko New Yorkeko Klimaren Asteko ekitaldi nagusian parte hartuko du, Ander Caballerok ordezkatuta. Ekitaldi hori hilaren 28an egingo da eta honako lelo hau izango du: «Parisko dibidendua ziurtatzea: lidergoa eta berrikuntza, ekonomia jasangarri baterako».

Ander Caballeroren arabera, «2015eko New Yorkeko Klimaren Asteko antolatzaileen helburuetako bat karbono baxuko ekonomia baterako trantsizioa dagoeneko martxan dagoela frogatzea da eta hainbat herrialdek, besteak beste gureak, eta The Climate Group eta nrg4SD sareko kideek ezarritako neurriek, planek eta jarduerek horixe erakusten dute».

Carl Sargeantek, Galeseko Baliabide Naturaletako ministroak, eskualdeetako gobernuek eta herrialdeek klima-aldaketaren kontrako munduko borrokan daukaten garrantziaz hitz egingo du New Yorken, eta Franz Unterstellerrek, Baden-Württembergeko Ingurumen, Klimarekiko Babes eta Energiako ministroak, bere administrazioak egindako ekimenak azalduko ditu. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia