Itziar Ugarte Irizar. Izenak aurreratzen du emanaldiaren funtsa: kantuetan dantza egingo dute, eta dantzari kantu egingo diote. Kantuetan Dantzan ikuskizunak Mungiako (Bizkaia) Amilotx dantza taldea eta bost euskal musika talde batuko ditu Bilboko Euskalduna jauregian, urriaren 6an. Eta orduan baino ez da ikusi ahal izango, emanaldi bakarreko ikuskizuna izango baita. Ruper Ordorika, Antton Valverde, Itziarren Semeak, Oreka TX eta Korrontzik hartuko dute parte, zuzeneko musika joz, eta Amilotx taldeko hogeita bost dantzari ariko dira, denera, kantarien erritmora. Xabi Paya izango da, bestalde, emanaldiko gidaria.
Atzo eman zuten ikuskizunaren berri, Bilboko Euskalduna jauregian. Han izan ziren Iñaki Goirizelaia Amilotx dantza taldeko irakaslea eta koreografoa, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako foru diputatua eta Ager Izagirre Mungiako alkatea. Goirizelaiak sortu ditu ikuskizuneko koreografiarik gehienak, eta horiek estilo klasikoa eta garaikidea uztartzen dituztela aurreratu du: «Euskal dantzetan oinarrituta, gure estilo propioa sortu dugu». Musikariak hautatzerakoan, berriz, hainbat estilori egin nahi izan diote leku, Goirizelaiaren arabera. «Gure barnean zerbait mugitzen duten estilo ezberdinetako musikak eta taldeak aukeratu ditugu. Barruko har hori mugitzen denean, koreografiak sortzea posible da; nolabaiteko deiadar baten moduko sentsazioa da». Zuzenean ariko diren taldeez gain, Mikel Laboaren eta Xabier Leteren kantuek ere hartuko dute oholtza.
Lauaxeta, denaren gibelean
2005ean, Lauaxeta jaio zela 100 urte bete zirenean, Amilotxek hainbat koreografia sortu zituen urteurrena ospatzeko. Orduan hasi ziren euskal kantutegiko zenbait piezaren gainean koreografiak sortzen, eta gaur artean jarraitu dute horretan, «sustraiak eta ekarpen propioa» uztartuz, Goirizelaiaren hitzetan. «Tradizioa eta modernitatea nahastuz, sorkuntzan urrats bat eman nahi izan dugu. Eta nork daki, Xabi Payak gure ikuskizun batean kantatu zuen bezala, gure gaurko dantza berriak etorkizuneko dantza tradizionalak izan daitezke».
Ezustekoak ere izango dira, egunean bertan agerraraziko dituztenak. Sarrerak, baina, salgai daude dagoeneko Euskalduna jauregiaren web orrian, 18 euroan.