euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Amerikaren konkista: Espainiarren eta euskaldunen arteko gerra (Argian)

2017/01/29

Potosi (egungo Bolivia), 1622ko ekainaren 8a. Garai hartan Peruko Erregeorderriaren parte zen hirian, Juan Urbieta euskalduna hil zuten, eta bikuinen eta euskaldunen arteko gerra piztu zen. Bikuinak espainiarrak ziren, nagusiki gaztelarrak, andaluziarrak eta extremadurarrak; animalia horren ilez egindako txanoak eraman ohi zituztelako esaten zieten horrela.

Lotura: Argia

Nagore Irazustabarrena. Potosi Cerro Rico (kitxuaz Sumaq Urqu) mendiaren magalean dago. Eta Cerro Rico zilarrez beteta zegoen garai hartan. Gatazka hasi baino 60 bat urte inguru lehenago hasi ziren zilar meak ustiatzen eta hasieratik euskaldunak izan ziren nagusi negozio horretan. Bartolome Arzans de Ursua y Vela (1674-1736) Potosiko kronikagilearen esanetan, bailarako132 ingenio-tatik 80 “nazio horren” esku zeuden, euskaldunen esku, alegia. Zilarra erauzteko instalazioei eta  makinei esaten zieten ingenio. Hala, kopuruz gutxiengoa izanagatik, euskaldunen esku zegoen botere ekonomikoa eta, ondorioz, baita politikoa ere.

Arzansek berak “euskal hegemonia” hitzekin definitutakoa hausten saiatu ziren bikuinak, modu baketsuan hasieran. Baina 1622ko Potosiko kabildorako hauteskundeak berriro ere euskaldunek irabazi zituztenean, beste bide batetik jotzea erabaki zuten.

Bikuinek Juan Urbieta hil eta biharamunean, euskaldunak kalera atera ziren hilketa mendekatzeko asmoz. Arzansen hitzetan, “diziendo en su lengua ¡el que no responda en vascuense muera!”, euskaraz egiten ez zuen oro hilko omen zutela, alegia. Muturreko hizkuntza politika hura ez zen eraginkorra izan, ordea. Alderantziz, euskal hiztunen kopuruak egin zuen behera; 1624ko martxorako 64 ziren hildakoak euskaldunen aldean. Bikuinek esperientzia handiagoa zuten gerra kontuetan eta gatazka irabaziko zutela zirudien.

Baina bikuinak zatitzen eta, ondorioz, ahultzen hasi ziren eta euskaldunek, berriz, bat eginda eutsi zioten, behingoagatik. Azkenean, hiru urteko liskar, arpilatze eta kontu-garbitzeen ondoren, 1625eko apirilaren 19an barkamen orokorra deklaratu zuten. Berdinketa teknikoak ez zuen aldaketarik ekarri eta, praktikan, euskaldunek aurrez zuten nagusitasunari eutsi zioten.

Hurrengo urtean, 1626ko martxoaren 15ean, emaitza hura berdintzeko edo, uholdeek Potosiko ingenioak suntsitu zituzten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia