euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

“Alsina”, askatasuneranzko bidaia luze baten istorioa (Sabino Arana Fundazioan)

2024/01/15

1941eko urtarrilaren 15ean, itsasontzia Marseillako portutik abiatu zen Ameriketara, frankismotik eta nazismotik ihesi zihoazen iheslari euskaldunak, espainiarrak eta judutarrak barruan zeroatzala.

Lotura: Sabino Arana Fundazioa

Gaurkoa lako egun batean, duela 83 urte, gerratik ihesi zihoazen iheslariek munduaren erdia zeharkatu behar izan zuten etorkizun hobearen bila.

1937an, Bilbo matxinatuen esku geratu ostean, milaka euskal herritar Iparraldera eta Frantziara joan ziren aterpe bila, Euskadiko Hegoaldera albait lasterren itzultzeko esperantzan. Alabaina, Europako gerraren hasierak eta alemanek egindako Frantziako okupazio lasterrak itxaropena galarazi zien. Horietako asko Iparraldetik, Bordeletik, Paristik eta beste leku batzuetatik Marseillara iritsi ziren, bertan, (orduan esaten zenez) Ameriketara joango zen azken merkantzia-ontzian ontziratzeko asmoz: askatasuneranzko bidaia batean…

Itsasontzia 1941eko urtarrilaren 15ean abiatu zen Marseillako portutik. Alemanen nazismotik ihesi zihoazen euskaldunak, espainiarrak eta juduak zeuden barruan. Bidaiarien artean, honako hauek zeuden ontzian: Constantino Salinas, Nafarroako Diputazioko presidentea eta Julia eta Josefina alaba bikiak; Niceto Alcala Zamora, Espainiako II. Errepublikako lehen presidentea, Pura alabarekin; Aretxabaleta Txintxurreta familia (gizona Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria izan zen Caracasen); José Olivares “Tellagorri” eta haren emaztea; Monzón senar-emazteak (gizona Eusko Jaurlaritzako Gobernazio sailburua); Basterretxea familia (gizona, Nestor eskultorearen aita, diputatua izan zen Madrilen, EAJren ordezkaritzan) Madariaga familia (emakumea Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren arreba), Ametzaga Iribarren senar-emazteak, eta beste asko.

Itsasontziak bidaia luze eta lazgarria egin zuen gerraren berezko arriskuei izkina eginez eta, arrazoi burokratikoengatik, hainbat hilabetez egon zen atxikita Dakarreko portuan (Senegal). Bidaiariak, orduan, bi kontzentrazio-eremutara eraman zituzten, Sidi-el-Ayashy eta Kasha Tadla izenekoetara, Atlas mendilerroaren oinaldean.

Azkenik, 453 egun igarota, “Alsina” ontziko bidaiariak Ameriketara iritsi ziren, Portugalgo bandera zeraman “Quanza” lurrunontzira lekualdatu ondotik, eta Veracruz eta Habana hirietan porturatu ziren, 1941eko amaieran. Geroago, Venezuela eta Argentina helmuga zituzten  “Alsina” ontziko bidaiariak “Rio de la Plata” lurrunontzian abiatu eta 1942ko apirilean iritsi ziren.

Albisteari atxikita doan Arantzazu Ametzagaren erreportajean, (DEIA, 2014-01-04, Historias de los vascos saila), duintasunez eta indarrez beteriko gizon-emakume haien istorioa kontatzen da. Esan beharrik ez dago gizon eta emakume horiek guztiek egoerari eutsi egin ziotela eta jakin izan zutela itxaropenaren balioa guri transmititzen, bai eta gerrari lotutako izua ere.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia