Ane Insausti Barandiaran. Abokatua da lanbidez Alaitz Zugasti (Donostia, 1975), baina azken urtea munduan barrena bidaiatzen igaro du, bikotekidearekin batera, eszedentzia hartuta. Lanera itzuli berria da, egindako bidaia oraindik buruan duela: argazkiak erakutsiz erantzun ditu elkarrizketako galderak.
Noiztik zeneukaten buruan horrelako bidaia bat egitea?
Aspalditik, duela zortzi bat urtetik-edo, oporretan geundenean beti aurkitzen genituelako bidaiatzen urtebete edo sei hilabete zeramatzaten pertsonak. Aspalditik ari ginen aurrezten eta plana zehazten, eta iaz iritsi zen momentua.
Nola egiten da halako plan bat?
Argi geneukan Errusia elurtuta ikusi nahi genuela. Plaza Gorria elurrez, eta Siberia elurtuta pasatu. Handik, Pazifikotik Kanadara joan, eta gero, Ameriketako Estatu Batuetara jaitsi eta, azkenik, Amazonia osoa gurutzatzeko.
Hegazkinik erabili gabe egin nahi zenuten bidaia. Zergatik?
Urtebete geneukanez, patxadaz bidaiatu nahi genuelako. Ekologismoagatik ere bai, hein batean; baina urte bat geneukala kontuan hartuta, lasai bidaiatu nahi izan dugu.
Baina asmoak bertan behera utzi zituen koronabirusak.
Hegazkinik ez hartzearena pikutara joan zen. Trenez joan nahi genuen Hendaiatik [Lapurdi] San Petersburgora, baina ezinezkoa zen.
Transiberiar trenean zeharkatu zenuten Errusia, eta Asian sartu nahi zenuten. Lortu zenuten?
Ezinezkoa izan zen. Japonia itxita zegoen gu abiatzerako, koronabirusagatik, baita Txina ere. Gainera, Ukrainako gerra hasi zen. Gure hasierako asmoa zen Errusian Magadanera joan, eta handik atzera eginda Vladivostokera itzultzea. Beldurra ematen ziguna zen Vladivostoken ezin aterata geratzea, eta bisaren epea bukatzea. San Petesburgora itzuli ginen, eta handik Tallinnera joan ginen, autobusez.
Handik Kanadara, hegazkinez?
Bai, ez zen unerik onena izan, Montrealera martxoan iritsi ginelako. Kontraste handia izan zen, Errusian neguan bizitzak jarraitzen duelako: parkeak eta espaloiak garbitzen dituzte, parkeak umez beterik daude... Baina Kanadan ez, eta horrek atentzioa eman zigun.
Autoz mugitu zineten handik aurrera, ezta?
Bai, furgonetatxo bat erosi genuen Montrealen, autoan bertan lo egiteko. Kaspesi penintsula bisitatu genuen, gero hiriburuak, Niagarako ur jauziak...
Mendizaleak izanda, mendiren batera igoko zineten.
AEBetan, parke nazionalak izugarriak dira. Yellowstonen 100 kilometro baino gehiago egin genituen. Ourayen ere izan ginen, Coloradon, 100 miliako lasterketa batean. Hango lasterketetan oso gertukoak dira, familiakoa bazina bezala tratatzen zaituzte.
Eta hortik, Hego Amerikara?
Bai, autoa utzi genuen, eta garraio publikoan egin genuen gainerako guztia. Mexiko, Guatemala, El Salvador, Nikaragua, Costa Rica, Panama...
Eta Amazonia, nola zeharkatu duzue?
El Cocan hasi genuen Amazoniako bidaia, Ekuadorko Amazoniako hiriburuan. Hor hasi ginen barkuan jaisten. Haientzat errepidea da Amazonasa [ibaia]; mantso joan behar zara, baina beti daukazu garraiobidea. Haurrak eskolara barkuan joaten dira, eta ikusten duzu eskolatik irten orduko salbamendu jakak hartzen dituztela.
Dena da ematen duen bezain ona, edo halako bidaiek badute alde negatiborik?
Bi pertsona izanda, asko haserretzen zara [barrez]. Azkenean, ez dugu jende askorik aurkitu, autoz bidaiatuta. Egia da, era berean, urte osoa pasatzen duzula motxila batekin bakarrik, eta negu osoa bi galtzarekin pasatu behar duzula. Baina bestela, dena ona da.
Zer ondorio atera duzue bidaiatik?
Hau mundu guztiak bizitzan behin egin behar duela. Guztiz deskonektatzen duzu, eta lasaituta zatoz, beste patxada batekin bizita.
Baina orain, lanera itzuli behar...
Egia esan, nahiko ondo doa. Nire lana gustatzen zaidalako izango da.