Mikel Garcia Idiakez. Mitoa eta kondaira batetik, errealitatea bestetik. Denborak, esamesek, norberaren memoriak… itxuraldatzen dute errealitatea.
Aitor Arregi: Altzoko Handiari buruz dokumentatzen hasi ginenean, hori bera ikusi genuen. Datu historikoak badira, ez asko, eta makina bat kondaira eta istorio txiki (20 litro sagardo edaten zituela irakurtzen duzu, beste batek esaten dizu zezen bat altxatu zuela adarretatik hartuta…). Zer den errealitatea eta zer mitoa, pertsonaia honi oso lotuta dagoen auzia da, hari buruzko istorioak ere transformatzen eta desitxuratzen doazelako.
Jon Garaño: Altzoko Handiaren inguruan beste pertsonaiek mitoa sortzen duten moduan, pelikulak ere gauza bera egiten du, joko horren parte gara.
Anaiaren ikuspegia da nagusi.
J. Garaño: Hasieran Migel Joakin zen protagonista, baina gero konturatu ginen interesgarriagoa zela erraldoia beste baten begietatik ikustea, bai erraldoiaren istorioa kontatzeko, bai erraldoiaren inguruan zegoen horri guztiari buruz hitz egiteko ere, orduko gizarteari buruz. Guretzat, pelikulan funtsezkoa da XIX. mendeko testuinguru hori: bi indar daude talkan, mundu zaharra eta mundu berria, gerra karlistak tarteko, eta horren aurrean anaietako batek eta besteak jarrera bana hartzen dute. Batak ez du aldatu nahi baina kondenatuta dago aldatzera; besteak aldatu nahi du, baina mugatuta dago.
Diozue kondairaren eta errealitatearen arteko joko horren parte dela pelikula. Benetako historia oinarri hartzeak zein abantaila eta arrisku ditu? Errealitatea traizionatzeko garaian zenbateko tartea utzi diozue zuen buruari?
A. Arregi: Errealitatean oinarrituta dagoenean, jendeak beste dimentsio bat ematen dio istorioari, nahiz eta elementu narratibo bat gehiago baino ez den, inoiz ez duzulako kontatuko zehazki gertatu den bezala, sintetizatu behar duzulako, zulo beltzak daudelako… Kasu honetan dokumentazio gutxi dago eta zulo beltzak bete egin behar ziren. Gainera, fikzioari logika bat eman behar diozu sarri errealitateak ez daukana. Materiala erreala da, baina zure terrenora ekarri behar duzu, malgu jokatzen eta istorioa zure egiten jakin behar duzu, datuen esklabo bihurtuz gero istorioa alde batera utzi dezakezulako; eta aldi berean mugak ere jarri behar dituzu, historiarekin eta pertsonaiarekin zintzoa izateko. Ariketa hori egin dugu etengabe.
J. Garaño: Benetako datu asko daude pelikulan, erraldoiaz dakizkigun datu garrantzitsu asko, eta hari buruz irakurri duenak antzemango ditu pelikulan. Zenbait detaile ere zaindu ditugu: garaiko Madrilgo egunkari baten erreprodukzioa ikusten da, Handiaz egin zuten ilustrazioa… Jendeak deskubritu dezala zer den benetakoa eta zer asmatua.
(irakurri elkarrizketaren gainerakoa eta ikus trailerra Argia.eus-en)