euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Aire Eire taldea gogobeteta itzuli da Irlandako biratik (Aiurri-n)

2024/08/05

(Beterri) Eskualdeko lau musikariek osatzen duten Aire Eire taldea Irlandan ibilia da musika saioak han-hemen eskainiz, uztailaren azken egunetan. Laukotea ilusioz beterik abiatu zen Irlandara, eta gogobeteta itzuli da, ikusita irlandarrengandik jaso duen harrera beroa.

Lotura: Aiurri

Xabier Lasa. Aitor Atxega (ahotsa eta gitarra) larrauldarra, Josu Lekuona (akordeoia) eta Aran Mujika (biolina) andoaindarrak eta Xabin Mujika (zeharkako-txirula) asteasuarra dira Aire Eire taldeko lau musikariak, eta Irlandan edo Euskal Herrian sustraia duten abesti klasikoak eta modernoak nahastea dute gogoko beren emanaldietan.

Uztaileko azken astean Irlandan eman dituzten lau kontzertuetan musikarekin gozatu eta gozarazi egin dute, eta, Irlandako musikariekin eta musika-zaleekin hartu eman estua egiteko aldartea eduki dute. Hori nahikoa ez-eta, hainbat une partekatu ahal izan dituzte gaelikoaren aldeko kultur elkarteekin eta Irlanda batuaren aldeko gizarte eragileekin.

Lau emanaldi, guztira

Lau emanaldi eman zituen Aire Airek guztira, esan bezala. Lehenbizikoa, Belfasten, zuzeneko folk musika emanaldien arloan instituzioa den Maddens tabernan. Emanaldian barrena, Miadhachlughain Ní Dhomhnaill abeslari gaztea batu zitzaien. Bestalde, aipatzekoa ere bada entzuleen artean, Usurbil, Lasarte-Oria eta Andoaingo herritarrak nabarmendu zitezkeela.

Taldeak Belfast hirian eman zuen bigarrengo saioa ere; Glór Na Móna gizarte mugimendu indartsuak Belfasten eratu duen espazio askean, hain zuzen ere. Mugimendu horrek kulturaren, kirolaren eta aisialdiaren arloak lantzen ditu gaelikoa berreskuratzea izanik bere helburu nagusia. Bigarrengo emanaldi honetan ere bertako musikari batekin partekatu ahal izan zuten saioaren zati bat, Niam Nic IonnRachtaigh flauta jole bikainarekin, alegia.

Erreferentzia handiko Sandinos pubean, hirugarrengo saioa

Ipar Irlandan bigarren hiritzat hartzen den Derryn, Sandinos izeneko pubean egin zuen hirugarren saioa, Aire Eire taldeak. Irlandako folk talde askorentzat erreferentzia-gunea da pub hori, eta alde horretatik, bezeroek kultura musikala aski garatuta daukatela esan daiteke. Bada, laukoteak adierazi du oso harrera polita egin ziotela.

Azkenik, Donegal konderriko kostaldean kokatzen den Gortahork herriko Teac Bhillie pubean jo zuen taldeak. Berez, emanaldia Blathnaid O´Doherty kantagile gaztearekin osatu zuten, eta helburu ongilea jarri zioten antolatzaileek; hots, oinarrizko botikak erosi eta Palestinara bidaltzeko diru-bilketa. Lau musikariek baieztatu dute erabat arrakastatsua gertatu zela gaua, bai sortu zen gau-giro bizi eta alaiagatik, eta baita ere lortu zen diru mordoagatik.

Bizipen aberatsa bizi izan du taldeak Ipar Irlandan, ahaztezina den horietakoa, eta musika-txango horren ispiritua jaso dezakeen ikus-entzunezkoa prestatzen ari da dagoeneko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia