euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Ahoak bizi eta belarriak prest (Goierriko Hitzan)

2018/11/20

Hiru egun besterik ez dira falta Euskaraldia hasteko. Herrietan ekitaldi ugari antolatu dituzte, baita praktika berrietan eroso sentitzeko tailerrak ere. 'Egunero delako euskararen aldia' erakunde adierazpena sinatu dute.

Lotura: Goierriko Hitza

Atzera kontua hasi da. Hiru egun besterik ez dira falta Euskal Herri osoko 16 urtetik gorako milaka herritarrekAhobizi eta Belarriprest txapak jantzi eta euskara ohiturak elkarrekin aldatzeko saiakera egiteko, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortzeko. Erakundeek, eragile sozialek eta herritarrek bat egin dute euskararen erabilera areagotzeko jarrera aldaketa lortzeko helburuarekin.

Honela, azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3ra bitartean Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan, Ahobizi direnek euskaraz egingo diete ulertzen duten kide guztiei, aurrez aurre zein telefono, email edo sare sozialen bidez. Belarriprest direnek, beraiekin euskaraz aritzeko gonbidapena egingo diete gainontzeko kideei.

Euskararen alde egotetik edo euskaraz jakitetik baina harago doa Euskaraldia: hizkuntza ohiturak aldatzera lagunduko duen ariketa gauzatzeko prest dauden eta jarrera aktiboa izango duten herritarrak batzea da helburua. Ariketa horrek ez-ohiko egoerak sortuko ditu, tarteka deserosoak ere izan daitezkeenak: elkarrizketa elebidunak, beti erdaraz ezagututako gertuko kidearekin euskaraz egitea, eta abar. Horregatik, ahalik eta herritar gehien prestatzeko eta praktika berrietan eroso senti daitezen, gertatuko diren kasu horietan nola jokatu jakiteko, hainbat tailer eskainiko dituzte Goierriko herrietan.

Euskaraldiaren harira, atzo, Gasteizen, agerraldia egin zuten Eusko Jaurlaritzako, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako foru aldundietako, Donostia, Bilbo eta Gasteizko udaletako, Eudel eta Uemako ordezkariek, Egunero delako euskararen aldia erakunde adierazpena sinatzeko eta aurkezteko : «Prest gaude, eta gogotsu, euskarak gure ahoan bizi-bizi dantza egin dezan. Gogotsu gaude, eta prest, gure belarrietan atseginez onartzeko euskararen soinua. Dakiguna dakigula, entzuten ez dena baita euskara kaskar bakarra».

Honela, aktibosasuna, praktikotasuna eta adostasuna nahitaezko osagarriak direla diote adierazpenean: «Atzean utzi behar dugu beste inork euskararen alde egin lezakeenaren zain egotea. Lorgarria delako, erabat, euskararen erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, baldin eta herritar bakoitzak euskara ezpainetara eramateko bere erabaki pertsonala gauzatzen badu eta erakunde publiko bakoitzak herritarrek euskaraz aritzeko duten eskubidea bermatzeko bitartekoak jartzen baditu».



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia