Eneko Bidegain. Piarres Xarritonek barne-barnetik bizi zuen Frantziak Euskal Herriari egin dion kaltea. Ez zuen ametitzen euskara hala zokoratzea, gutxiestea, desagerrarazi nahi izatea. Kartsuki hartzen zuen hitza bere min horiek kanporatzeko, euskarari eta Euskal Herriari jasanarazten dizkioten bidegabekeriak gaitzesteko.
Ahoa irekitzen zuen guztietan zerbait ikasten zen: beti oroitzen zen agintari edo politikari batzuekin izan istorio batez, haiek hitz eman baina obratu ez zuten zerbaitez, haien jarrera aldaketez…
Beti bazuen jakitate are sakonagoez nasaiki aritzeko erraztasuna. Alabaina, anitzek goraipatu duten bezain mintzalari gaitza izateko, denbora anitz iragan behar izaten zuen isilik, milaka liburuen artean sarturik.
Jakintsua zen Xarriton, anitz irakurritakoa, anitz ikasitakoa, anitz ikusi eta bizi izandakoa. Arlo anitzetik aberastu zuen bere jakintza, eta hark ere jakintzaz aberastu zuen Euskal Herria.
Euskara zen arlo horietako bat.
Euskarari egiten zioten minagatik kexatzen zen, bai, baina, sakonago joanez, lan handia egin zuen euskararen balioa agerian uzteko. Isil-isilik, zalaparta handirik gabe, euskarari buruzko ikerketa handiak egin zituen, bai hizkuntzaren aldetik, bai euskal idazleen aldetik. Altxor anitz atera zuen lurpetik eta denen eskura jarri. Euskara gutxiesten zutenen begi aitzinean ezarri zuen hizkuntza horren aberastasuna.
Euskarari egiten zioten
minagatik kexatzen zen,
bai, baina, sakonago joanez,
lan handia egin zuen
euskararen balioa agerian uzteko.
Isil-isilik, zalaparta handirik gabe,
euskarari buruzko ikerketa handiak
egin zituen.
Baina ez zen euskara ikerketarako objektu berezi eta interesgarri gisa tratatzen zuen ikerlari bat. Haren motibazioa ez zen zientzialari hotz baten gisakoa. Bihotzetik bizi zuen euskara, eta pasioz egin zituen ikerketak hizkuntza horri buruz. Hainbesteko kezkarik ez balu izan herriarekiko, menturaz bide luzea egin zezakeen Elizaren hierarkian. Baina Vatikanoa baino nahiago zuen Euskal Herria.
Gazterik hasi zen idazten, eta gazterik agertu zituen Euskal Herriaren egoera politikoari buruzko kezkak. Eragina izan zuten Hazparnen izan zuten irakasle karlista ohi batek eta garai bertsuan heldu zitzaion EAJren propagandak. Piarres Lafitte ere izan zuen irakasle.
Hots, 36ko gerla lehertu aitzinean ere bazuen ikurrinaren eta zazpi probintzien berri, eta haiek ordezkatzen zuten herriarekiko atxikimendua.
Bizi guztian suharki atxiki du euskararen eta Euskal Herriarenganako maitasuna. Eta horrek gidatu ditu bere ekintzak. Ez zuen ulertzen nola izan zitekeen abertzale euskara bazterrean uzten bazen, eta alde horretatik ez zuen begi onez ikusten kostaldetik barnealdera mezu abertzalea frantsesez ematen zuen jendea.
Parte hartu zuen euskara batuaren sorreran, eta sutsuki defendatu zuen Ipar Euskal Herria kontuan hartu behar zela.
Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetariko bat izan zen.
ETAko lehen errefuxiatuei aterpe egin zien, Txillardegiri bereziki.
Politikan ere ibili zen, Eusko Alkartasuna alderdian hain zuzen. Urte zailak egokitu zitzaizkion, eta beste abertzale batzuen ziztuak jasan behar izan zituen, hautu politiko horrengatik.
Euskal Herriak, ordea, ezin izanen dio sekula aski eskertu herri honen eta hizkuntzaren alde egin duen lan guztia.
Langile porrokatua, jakintsua, ideiak argi zituena eta, bereziki, beti laguntzeko prest zegoen pertsona bihotz onekoa.