euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Afrika eta Euskaldunez liburua idatzi du Jacques Ospitalek: «Euskalduna zen 'Scramble for Africa' abiarazi zuena» (Berrian)

2015/06/12

Lotura: Berria

 

Nora Arbelbide Lete. Afrikanoak /Le Pays basque et l'Afrique (Elkar) liburua frantsesez du, baina Afrikanoak euskaraz atxiki du. Dakarretik Donibane Lohizunera sartzen ziren arrantzaleen izengoitia zen hori. Euskal Herriak kontinente afrikarrarekin duen harremanaz ere badela ikastekoa konbentzitua da Jacques Ospital (Donibane Lohizune, 1939). Urte bat eta erdi iragan zuen Burkina Fason kooperazio lanetan. Lau bat senide ere izan ditu Afrikan, erlijio katolikoko ordezkari gisa bereziki. Hots, izan du nondik tira. Bihar aurkeztuko du liburua, Donibane Lohizuneko Louis XIV liburutegian.

Afrikako zenbait herrirekin duzun lotura pertsonalaz gain, zergatik idatzi duzu liburua?

Ez dut nostalgiaz idatzia. Konbentzitua naiz arrazakeria, afrikar edo Afrika iparraldekoei begira izan daitekeen begirada mesfidati hori, ezjakintasun batetik datorrela. Aurreiritziak ditugu, ez dugulako ezagutzen. Bizkitartean, gaia ikertzen hasi, eta baieztatu ahal izan nuen Euskal Herriak zinezko historia izan duela Afrikarekin. Historia hori iluna izan da batzuetan; beste batzuetan, argitsuagoa. Artetik errateko, Ipar Euskal Herria dut bakarrik kontuan hartu. Euskal Herri osoa eremu zabalegia zitzaidan.

Agerian uzten duzun alde ilunetako bat esklabotza garaia da. Beltzen trafikoan, euskaldunak ere izan ziren aktore; izan da, halaber, Jean Bernard Jauregiberri amirala (1815-1887), Baionan sortua. Bi hitzez, nor izan zen?

Jauregiberrik abiarazi zuen Afrikaren konkista edo Scramble for Africa deitu hori, Europako herriak lehiatu baitziren Afrika elkarren artean partekatzeko. Jauregiberri marinela zen. Garaian, tropa kolonialak itsas tropak ziren. Vietnamen hasi zen, eta, ondotik, Dakarreko gobernadore izan zen. Orduan jada bere metodo gogorrengatik ezagun bihurtu zen, oldar batzuk zapaldu baitzituen. Hona Jauregiberrik idatzi esaldi bat: «Ez da aski herri bat garaile gisa zeharkatzea. Gure zeharkatzearen aztarna kaltekorrenak utzi behar dira, behin-behineko desertu bat bihurtzeraino». Kolonien ministro bilakatu zen. Timbukturako trenbide bat aitzakia gisa erabilita, orduan zuen Scramble for Africa abiarazi. Kolonialismoaz ikuspegi kritikoa dugunok ohar gaitezke kolonialismoa bultzatu dutenen konfiantzazko kide bat euskalduna izan zela.

Baduzu istorio baikorragorik?

Bai. Horien artean franko gustukoa dut Abadia Arrast [Anton eta Arnaud] anaien historia. Jakintsu gisa joan ziren Afrikara. Aurreiritziak bazituzten segur aski, baina, halako batean, liluraturik utzi zituzten hango lurrek. Hango herrialdeak, kulturak, hizkuntzak ulertzen jakin izan zuten. Urte baterako edo birako joan ziren Etiopiara; hamaika urte egon ziren azkenean. Errespetu handiz jokatu zuten.

Zer da zuretzat errespetu handiz jokatzea?

Etnologo gisa jokatu zutela erran daiteke kasik. Hara iritsi, eta hangoen kultura eta hango berezitasunen ikusten jakin izan zuten.

Hangoen hizkuntzak ere ikasi zituzten?

Tokiko bederatzi hizkuntza ikasteaz gain, ikertu zituzten. Ahmaric hizkuntzaren hiztegi bat egin zuten. Rimbaud poetak beren hiztegiarekin lan egiten zuen. Etiopiako esku izkribuen bilduma handiena haiek zuten ekarri handik.

Hangoei hartuta? 

Ez, ez. Berriz eskuz kopiatu, eta kopia ekarri zuten. 

Beste gisa bereko historia batek markatu al zaitu?

Gizonetara bakarrik ez mugatzeko, nihaurek ez baitut maite bakarrik gizonez mintzatzea. Bada Jeanne Borotraren historia. Sinplea da, eta aldi berean biziki ederra. Uztariztarra sortzez, serora eta irakasle zen. Aljeria hegoaldean irakasleak eskas zituztela eta, hara joan zen. Hara iritsi, eta, herri txiki bateko neskak arras abandonatuak zirela oharturik, horko nesken irakaskuntzaz arduratzen hasi zen. Aljeriako gerla eta independentziatik landa, han gelditzea erabaki zuen. Aljeriar herritartasuna eskatu zuen, eta irakasle izaten segitzeko beharrezko ziren azterketak egin, eta gainditu zituen.

 

Erlojurik baduzu? Ez. Ez dut jasaten ahal erlojua, eta baliteke denbora beste gisa batez bizitzeko molde bat ikasi izana Afrikan.

Internet erabiltzen duzu? Bai, ikerketarako. Horri esker, ez dut Parisko liburutegira joan beharrik.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia