Alex Uriarte Atxikallende. Munduari bira, musikaren atzetik. Musikaren laguntzaz, mundu osoa alderik alde zeharkatzea. Musikari ibilbidean 30 urte bete behar dituen honetan, bidaietatik, haietan ezagututako pertsonengandik eta bizi izandako esperientzietatik ikasitakoak bildu ditu Afrika Bibangek (Getxo, Bizkaia 1975) Ispiluaren aurrean bere disko berrian.
«Musikaria, afro-euskalduna eta emakumea». Horrela definitzen du bere burua; identitateak, halaber, ontzen duen musika moldearen aztarna argiak erakusten ditu: «Saiatzen ari naiz Euskal Herrira soul musika ekartzen». Nekeza suertatzen zaio, baina, nondik dakarren zehazki azaltzea: «Musikari esker edo musikagatik, baina mundu osoan zehar ibiltzeko aukera izan dut».
Bartzelonan, Eivissan (Herrialde Katalanak), New Yorken, Libanon, Japonian, Frantzian... musikari gisa lanean egon ondoren, kilometroek, emandako kontzertuek eta bidaide izandako musikariek irakatsitako guztia berarekin dakar Bibangek.
Ekarpen hori egite aldera, ispiluaren aurrean jartzea erabaki du, album berriarekin: «Guzti-guztiok jarri beharko genuke ispiluaren aurrean; han geure burua den bezalaxe ikusten dugu, mozorro barik». Norbanakoa zer den eta zer ez den galdetuta, erantzuna «ispiluak berak» ematen duela dio. Beraz, jendea «introspekzio bidaia bat egitera» gonbidatzen du: «Gustuko duguna eta gorroto duguna ondo ezagutzeko, guztiz beharrezkoa da nork bere buruarekin bidaiatzeko borondatea izatea».
Disko berrian «musika beltza» ondu du: soula eta nu-soula, hip-hopeko oinarriak, jazz kutsua, Motown giroak. Baina Afrika bibangetzat musika beltzak bestelako interpretazio bat ere badu: «Dena da musika beltza», dio; «rocka, reggaea,reggaetona... kultura beltzetik datoz, baina nik jorratzen ditudanak Euskal Herrian ez dira asko ikusten, eta jendeak antzinako soinu gisa ulertzen ditu».
Ikusgarritasunaren borrokan, Fermin Muguruza du ahotan, alegia, Euskal Herrian musika sektore horren inguruan sakondu zuen aitzindarietako bat: «Egundoko indarra du, ondare beltza bikain ezagutzen du, eta sekulako konpromiso soziala du; 2004an, Entzun grabatu genuenean, asko disfrutatu nuen, munduko ilusio guztia jartzen baitu ekoizten duen proiektu bakoitzean».
Ispiluaren aurrean osatzen duten sei abestietatik, lauk euskarazko hitzak dituzte, eta bakarrak ditu ingelesezkoak. Euskaraz sortzea «ariketa bat» da Bibangentzat, ingelesez konposatzen baitu, baina euskaraz publikatzea «erabaki oso kontzientea» da. Azken zortzi urteetan ingelesez abesten egonagatik ere, soul musika euskaraz egitea «guztiz beharrezkotzat» du: «Euskaraz edozein musika mota sortu daitekeela erakutsi beharra dugu».
Kultura beltza, inspirazio
Erreferenteez itaunduta, Anderson Paak kaliforniarra datorkio burura: «Inspirazio handia da niretzat; bateria jole eta abeslari bikaina da». Baina, konposatzeko orduan, Motown girora jotzen du. Nina Simone, Stevie Wonder eta Aretha Franklin ditu bere «jainko eta jainkosak». Simonengandik, sortzen, haren «inspirazioa eta indarra» azpimarratzen ditu; Wonder eta Franklinen inguruan, «haiek bere musikarekin beltz komunitateari egindako ekarpenak» goraipatzen ditu.
Musika inspirazio horiek «eta beste asko» aintzat izanda konposatzen du Bibangek. Alderdi instrumentalaz harago, «mezuei eta haien aldarrikapenei» esangura handia ematen die getxoztarrak. Horren agerkari da, esate baterako, disko berrian «salaketa gisara» kaleratu dituen Emakumeak nahiz On My Own kantak.
Emakumeak tragedia baten ondorioz sortu zuen: «Gogoan dut talde bortxaketa bat izan zela, eta epaiketan erasoa jaso zuen emakumea errudun bihurtu zutela». Aldarrikapena kontakizun horretatik jaio zen: «Berdin dute janzten ditugun arropek, kaleratzeko erabakitzen dugun orduak zein tokiak, emakumeek ez lukete beldurrez bizi behar». Diskoak, era berean, sare sozialen eta autoestimuaren arteko lotura ere lantzen du: «Egun, erreferenteen antzekoak izan gura dugu, baina nortzuk garen ahaztu dugu; horrenbestez, nork bere buruari gehiago erreparatzeko, erru eta lotsa barik, sortu nuen On My Own».
2019ko Nomadak aurrekariarekin alderatuta, Ispiluaren aurrean «jarraipen musikal baten antzeko zerbait» da. Musika estiloari eusten dion lana da, «soul finagoa eta landuagoa izan arren». Hain zuzen ere, azken albumak nolabaiteko epilogo itxura du: «Nomadak-ekin eta Ispiluaren aurrean-ekin LP bat osatu ahalko litzateke, hau da, arinagoko lanaren EP itxurako luzapena da».
Azken diskoaren ekoizpena bere aspaldiko bidelagun Rock Lee-rekin elkarlanean egin du; «Rock Lee nire sozio musikala da», dio. Bien arteko lan moldea ezin hobea da: «Beti aldamenean eduki dudan pertsona da; begirada batekin bilatzen nabilen guztia bikain ulertzen du, eta luzaroan elkarren alboan lanean jarraitzea espero dut». Gustu musikal berberak izateak ere «bidea errazten du»: «Egundoko jakinduria musikala eta instrumentala duen norbait da».
Bere Big Band partikularra
Artistak uste du Ispiluaren aurrean-ek «oso egoki» funtzionatuko duela zuzeneko emanaldien dinamikan. Dagoeneko, hasiak dira diskoaren aurkezpen kontzertuak izango direnak prestatzen. Planteamenduari dagokionez, baina, aldaketa batzuk egin beharko ditu Bibangek. Izan ere, Big Banden «zale amorratua» da. Nolanahi ere, bai dinamika aldetik, bai aurrekontu aldetik, «ezinezkoa zaie» musikari ugariz osatutako talde erraldoi batekin aurkeztea. Hori dela eta, Afrika Bibangek zazpi musikariz osaturiko bere Big Band propioa elkartzea erabaki du, album berria «ahalik eta modu ederrenean» plazaratzeko.
Etorkizuneko planetarako, berriz, ez du denbora larregirik. «Ez dut burua horrekin nekatuko». Horren ordez, nahiago du heltzear dituen erronken inguruan zentratzea indarrak: «Behin diskoa publikatuta, aurkezpen emanaldiei begira nago».
Disko berriaren aurkezpen birarekin udazkena musika beltzez janzteko asmoz, dagoeneko, lau kontzertu programatu ditu, Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
AURKEZPEN KONTZERTUAK
Urriaren 30a. Bilborock aretoan (Bilbo).
Azaroaren 5a. Malibu aretoan (Gasteiz).
Azaroaren 14a. Doka kafe antzokian (Donostia).
Azaroaren 15a. Totem aretoan (Iruñea).