euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

50 urte Boisetik Oñatira etorri zirenetik (Goienan)

2024/08/19

Irailaren 2an 50 urte beteko dira Ameriketako Estatu Batuetatik 90 pertsona inguruko ikasle, irakasle eta senide talde bat Oñatira etorri zenetik Boiseko Estatu Unibertsitateak antolatutako kanpus batera. Urteurren horren harira, hainbat ekintza egingo dituzte irailaren hasieran Oñatin; besteak beste, Diaspora Eguna ospatuko du bertan Eusko Jaurlaritzak.

Lotura: Goiena

Idoia Aranbarri Arzuaga. 50 urte igaro dira Boiseko talde bat Oñatira etorri zenetik Boiseko Estatu Unibertsitateak antolatu zuen kanpus batera. Kanpus hark euskara ikastea eta euskal kulturan murgiltzea zuen helburu. Urteurreneko ekintzak antolatzeko lantaldeko kide da Iñaki Galdos oñatiarra eta, besteak beste, Amerikatik etorritako haien esperientziak ardatz dituen liburua idatzi du; hain zuzen ere, Boise-Oñati 1974-2024. Gogora ekarri ditu haierako urte haiek: "1972an ere taldetxo bat egon zen Arantzazun. Orduan hasi zen guztia. Egon ziren hiru aste igarotzen, bi Ustaritzen eta bat Arantzazun, eta orduan erabaki zuten urte guztiko jardunaldiak antolatzea".

Liburua irailaren 6an aurkeztuko du eta Oñatiko Udalaren Gerardo Elortza Bildumako liburua izango da. Oñatira etorritako haien esperientziez gain, garai hartako kronika ere jasoko du eta adierazi du "ondo" ikusiko dela zer nolako tentsioak egon ziren garai hartan; besteak beste, lau lehergailuk eztanda egin zuten Boiseko taldea egon behar zen eraikinean haiek iritsi baino egun batzuk lehenago. Horrekin batera, inoiz ikusi gabeko dokumentazioa ere jaso du. "Telesforo Monzonen edo Txillardegiren gutunak, Iparraldean egindako bilerak Juan Jose Etxabe eta beste batzuekin... Oso tentsio gogorra egon zen. Hala ere, kapitulo batean gazteagoak direnei azaltzen diegu Oñati zer zen  1974an edota zer gertatzen zen Euskal Herrian", dio Galdosek.

Diaspora Eguna, Oñatin

Liburuaz gain, Jabier Erostarbe oñatiarraren erakusketa egongo da ikusgai Eltzian. Urteurrena biribiltzeko, Eusko Jaurlaritzak Diaspora Eguna Oñatin ospatzea erabaki du urteurrena dela-eta. Hori irailaren 8an izango da eta egun horretan Oñatiko hainbat kultur-eragilek parte hartuko dutela aurreratu du Galdosek: "Herriko bi abesbatzek abestuko dute, antzerki taldeak, Oñatiko Musika Bandak, txistulariak, trikitilariak... Uste dut oso egun polita izango dela Ameriketatik jende asko datorrelako".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia