euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

35 urte bete dira Martin Zabaletak Everesten tontorra zapaldu zuenetik: elkarrizketa Zabaleta, Uriarte eta Errori (Berrian)

2015/07/12

Martin Zabaletak zapaldu zuen tontorra, baina hirurak izan ziren 1980an Everesteraino igo zen euskal espedizioko kide. Geroztik, mila zidor, ertz eta tontor pasatu dituzte, kontinente guztietan. Mendizale nekaezinak eta mendi gidariak. Patuak elkartu ditu, berriro, solasaldi lasai batean.

Lotura: Berria

Iñaki Petxarroman. Uztailaren 6a, eta ikurrina zintzilik Iruñeko udaletxeko balkoian. Handik urruti, Andoainen elkartu ditu BERRIAk Martin Zabaleta, Felipe Uriarte eta Xabier Erro. Mendizale zailduak, 1980ko Everesteko espedizio historikoan munduko tontorrik garaienean lehen aldiz ikurrina harrotasunez paratu zuten berberak. Bi gertakari historiko horien arteko loturak harilkatu dituzte elkarrizketaren lehen urratsek, kanpalekuz kanpaleku, tontorretik tontorrera eta ertzetik ertzera. Pasioz mintzo dira mendiaz, ezin bestela. Bizitzako ordurik gozoenak han eman dituzte, eta horretan jarraitu nahi dute. 

Berezia aurtengo uztailaren 6a.

XABIER ERRO: Aurten, egun berezia Iruñean. Nire herrian, Lesakan, beti izan da ikurrina, baina Iruñean, ospatzekoa da aurtengoa. Uste dut itzultzen ari garela gerra aurreko garaietara. Orduan abertzaleek bazuten indar pixka bat Nafarroan, eta, gaur egun, nik uste dut hiru herrialde hauek baino aurreratuago gaudela.

FELIPE URIARTE: Gaurkoa Euskal Herrirako txupinazo handia da. Badator beste garai bat, askoz hobea azken 50 urte hauek baino. Gehiago esango nuke, azken 75 urte baino. Esango nuke Francok gerra irabazi zuenetik Nafarroa frankismo menperatzaile baten azpian bizi izan dela, eta gaurko txupinazoa Nafarroatik haize berria datorren adierazle dela. Gainera, Europan ere txupinazoa jotzen ari da gaur. Greziak atzo [aurreko igandean] esan zuen bere iritzia eman nahi duela jartzen dizkioten neurrien aurrean. Egun eder bat da, ariketa demokratiko baten bitartez herri batek esan diolako Europari baldintza horiekin ez dagoela ados.

Mendizaleok adi-adi jarraitzen duzue egunerokotasun informatiboa, alajaina!

F.U.: Horixe aldarrikatu nahi dut, mendizaleak garela, baina baita pertsonak ere. Uste dut zentzu politiko, kultural eta soziala izan dugula, eta erreibindikatu egin behar dugula. Askotan, kirolean sartzen gaituzte: zuek mendira joan, botak jantzi, alde egin eta bakea eman... Gu, mendizaleok, pertsona osoak gara, eta kirolak egiten gaitu pertsona osoak, pertsona kulturalak, sozialak eta politikoak.

Martin Zabaletari egokitu zitzaion duela 35 urte ikurrina Everesteko tontorrean jartzea. Gaur, Iruñeko udaletxeko balkoian jarri dute. Badago harremanik bi gertakarien artean, ezta?

MARTIN ZABALETA: Izugarria da. Nik kanpotik jarraitu dut kontu guztia, baina oso gertutik, eta oso pozgarria izan da. Gauzak etorri dira berriro bere lekura, eta espero dut hala jarraituko dugula, eta, gauzak ondo eginez, jendea guregana etorriko dela, eta gauzak bakean eta ondo joango direla.

Hemengo mendizaletasunak beti ulertu du mendia zentzu kultural eta politiko batean. Ezin herriaren kezkak menditik at utzi, ezta?

M.Z.: Gu herrian bizi gara, ez herritik aparte. 

F.U.: Txindokin, halako batean, frankismo garaian, ikurrin bat azaltzen zen. Mendia beti izan da iraultza eta herrialde bakoitzaren babesleku eta borrokaleku: Kuban, Sierra Maestra Batistaren aurka borrokatzeko gotorlekua izan zen; Afganistanen, nahiz eta gustuko ez izan, mendiek babesten dituzte talibanak; Kurdistanen, zer esanik ez. Mendia da toki bat non pertsona naturara hurbiltzen den, non asko ikasten duen eta non lortzen duen pertsona osoa izatea.

X.E.: 1975ean Nafarroako kateak eta ikurrina jarri genituen Aconcaguan, artean debekatuta zegoela. Mexikora itzuli eta Banco Vizcayako kudeatzaileak esan zidan hots egin ziotela enbaxadatik esateko hobe nuela ez azaltzea Euskal Herrira denbora batean. Mendozako egunkari batek argitaratu zuen argazkia, eta hala iritsi zen albistea, agentzia bidez. «ETAko gazteek euren herrialdeko bandera jarri dute Aconcaguan», zioen izenburuak. Urtebete baino gehiago pasatu nuen itzuli gabe.

Martin, zuri ere tokatuko zitzaizun, Everesten jarritakoengatik.

M.Z.: Hemen eta han, AEBetara joaten hasita nengoelako ordurako. Eta, orduan, bada, alde egin nuen erabat. Badakit Lorente, Rosen eta horiek polizia etxera joan behar izan zutela, eta galdekatu egin zituztela horretaz.

Herrialde guztiek erabili dute mendia politika egiteko: Everest, Eigerko ipar horma, K2... Euskal Herrian herriak egin du hori, ezta?

F.U.: Estatua beti saiatu da beretzat hartzen hemengo mendizaleen lorpenak. Hori etengabekoa izan da, eta ez bakarrik hemen. Hemen borrokatu egin da, ongi, herritik, ikurrina eramanda eta aldarrikatuz gure euskal izaera, eta espainiar izaerari uko eginda. Horregatik saiatu izan dira batzuk mendizaleei eta kirolariei izaera politikoa kentzen. Eta batzuek amua irentsi ere egin dute.

Mendizaletasuna asko aldatu da zuen gazte garaitik. Onerako edo txarrerako?

M.Z.: Onerako esango nuke nik. Aldaketa onak gertatu dira, eta egia da lehengo giro bat falta dela, lehengo kolektibotasun hori-edo galdu egin dela nolabait. Baliteke, baina baldintzak askoz hobeak dira, eskalada aldetik, mendizaleen prestakuntzaren aldetik. Giroa aldatu da, baina garapena onerako izan da.

F.U.: Aldaketarik gabe ez dago ezer munduan, edozein arlotan. Dena aldatzen ari da. Mendizaletasunak izugarrizko garapena izan du. Gure garaian seigarren graduan bukatzen genuen, eta hura aspaldi pasatu eta bederatzigarren graduraino iritsi dira. Eta lehen munduko emakumea hori gainditzen, gainera, Josune Bereziartu euskalduna izan da. Garapena eskaladan, alpinismoan eta jarduera guztietan izan da. Garai batean ehun metro hamar segundoan egitea sekulakoa zen, eta, gaur egun, jaitsi egin dira. Mendian ere kirol garapena ezinbestekoa da. Garapena sekulakoa izan da, eta, nire ustez, onerako.

X.E.: Teknikoki bai. Baina iruditzen zait, hainbeste errekor eta garapenarekin, asko galdu dela elkartasunean. Askotan helburua lortzeari ematen zaio garrantzia, eta galdu dira humanismoa eta elkartasuna, batik bat mendi handi horietan, Himalaian-eta. Gure garaian elkartasuna zen lehenago, eta segurtasuna kontuan hartuta, bada, gailurra ezin bazen lortu, bada, atzera. Niri neroni askotan tokatu izan zait Aconcaguan nire asmoak bertan behera utzi behar izatea beste norbaitzuk laguntzeagatik. Guri beti erakutsi ziguten lehenengo laguntasuna, eta gero helburua lortzea. Baina egia da teknikoki izugarri aurreratu dela.

F.U.: Oro har, Xabierrek dioena ere egia da; arlo batzuetan aurrera egin da, eta beste batzuetan, atzera.

M.Z.: Hala ere, ikusten baduzu bederatzigarren gradua egin duten gazte horiek zenbateko elkartasunez eta laguntasunez aritzen diren elkarrekin, uste dut izugarria dela. Esango nuke duela 30 urte ere bazirela lehiak. Orain ez zaio axola inori honek edo besteak zer egin duen. Orduan, bai.

F.U.: Ondo dakigu gazte eskalatzaileen artean giro ederra dagoela. Baina gertatu da jende asko hurbildu dela mendira. Lehen zenbat jende ibiltzen zen Pirinioetan? Dozena batzuk. Gaur egun: 10.000. Kopurua handitzerakoan, denetik sartu da, baita mendizaletasun handirik ez dutenak ere. Mendia, nolabait, kontsumitu egiten da, eta hor garrantzi handia dauka gailurra egiteak. Jakina, hor elkartasuna galdu egiten da.

Horrekin batera, lehia iritsi da mendira: tontorrak ahalik eta azkarren lortzea, mendi lasterketak. Zuek ez duzue ulertu mendia era horretara.

F.U.: Gauza bat da hamalau zortzi milakoak egitea, eskalada errekorrak, esate baterako, Eigerko iparra bi ordu eta erdian... Eskalada bat denbora gutxian egitea ez dut esango betidanikoa denik, baina ondo dakigu zenbat eta denbora gutxiago egin goi mendietan, segurtasunari dagokionez hobea dela, eta hori beti egon da lotuta alpinismoarekin. Orain, hortik Cervino denborarik laburrenean nork egiten duen lehiatzera, bada, jauzi handi bat dago. Lehen segurtasunagatik egiten zen hori segurtasunaren aurka bihurtzen ari da, gauzak azkarregi egiteagatik. Batzuetan, azkarregi joan nahi izateagatik arriskua sortzen baita. Beraz, oso muga estuan gabiltza. Edonola ere, mendi lasterketak beste gauza bat dira, eta aparteko tarte bat behar dute.

Ados. Sar gaitezen horretara.

X.E.: Mendian dabiltzan atleta horiek zer dira, atletak edo mendizaleak? Okerrenak, Aconcaguan eta halako tokietan, atletak dira, oso indartsuak direlako. Ezin dituzu menderatu; azkar ibili nahi izaten dute, baina mendi garaiek behar dute denbora bat egokitzeko, eta istripu asko gertatzen dira gehiegikeriengatik. Adibidez, zortzi mila metroko mendi baten ondoren, beste zortzi milako batera joateagatik. Hor doa beste bat lasterka Ojos del Salado bezalako mendi batera. Altueraren egokitze faltak ematen ditu seinaleak, umore falta, buruko mina... Halako batean, istripua etortzen da. Teknika asko handitu da, baina ausarkeria, beste horrenbeste.

M.Z.: Hor da Killian Jornet.

X.E.: Killian Jornet gure adinean ez da ibiliko. Ibiliko da makuluekin edo gurpil aulkian.

M.Z.: Ez dakit, bada.

X.E.: Semea fisioterapeuta da, eta hark esaten dit jende asko belaunak izorratuta dabilela astakeriak egiteagatik. Nik errespetatzen dut nola ibiltzen diren, baina ez nator bat ibiltzeko modu horrekin.

F.U.: Asko gustatu zait Xabierrek esan duena: zer dira atletak mendian korrika egiten dutenak edo mendizaleak korrika ibiltzen direnak? Dortsal bat eramatea eta beste batzuei irabaztea ez da sekula izan mendizaleen helburua. Lehiatzekotan, mendiarekin lehiatzen da mendizalea, edo bere buruarekin. Saiatzen naiz ulertzen, oso jende jatorra ezagutu dudalako horretan sartuta. Horrez gain, aurka nago beste kontu batengatik: lasterketa politenak tokirik ederrenetan egiten dira, eta toki horiek babestuta egon beharko lukete; adibidez, Aralarko mailoek. Horko toki batean ugatzak habia jartzen du, eta babestu beharko litzateke. Ez zait egokia iruditzen hortik egun batean zazpiehun pertsona pasatzea.

Ez da erraza izaten elkarbizitza hori, ezta?

M.Z.: Eskalada debekatu da toki askotan, Etxaurin, Balerdin... Zer kontraesan eskalatzea debekatzea eta, berriz, lasterketak ez galaraztea. Hori ez da ulergarria.

F.U.: Orain arte, hedabide askok ez dute mendizaletasuna ulertu. Dortsala jarri den momentutik, ulertzen hasi dira, lehia bat planteatu delako. Eta, gainera, jende asko mugitzen da, eta herriei irabazi bat ekartzen die, ostatu, taberna eta jatetxeentzat. Zegamako maratoia ez al da negozioa? Jakina, baina gauza bat da negozioa eta bestea mendizaletasuna eta naturaren babesa.

M.Z.: AEBetan eskalatzaileei Deer bag deitzen diete [zikin zakuak]. Lehiaren kontuaz, Bosmanen antolatzen zen izotzezko eskalada lehiaketa bat, neurtzeko zenbat metro egiten ziren sokarik gabe. Eskalatzaile bat hil zen haietako batean, eta utzi egin genion antolatzeari. Izan ere, lehiaren ondorioz, eguraldiaren eta mendiaren baldintzei begiratzeari utzi zioten batzuek, lehiarekin itsututa.

Arriskua muturrera eramatearen aldekoak ez zarete zuek.

X.E.: Hiruren artean zenbat jende ez ote dugun eraman mendira. Aunitz. Ez dugu inor galdu. Zergatik? Zuhur jokatu dugulako.

Izango zenituzten eztabaidak, joan ez joan, igo edo jaitsi, baldintzak ez direla onak edo bai... 

X.E.: Arazoak izan ditugu jendeari ukatzeagatik gora igotzea. Zergatik? Oxigenorik ez zutelako, gaizki ikusten genituelako edo arriskua zutelako. Halako arazo ugari izan ditugu. Esperientziak asko erakusten dizu: ikusten duzunean norbait gutxi hitz egiten, edo bakarrik dagoela edo aldartea aldatu zaiola... Bada, ohartzen zara zerbait daukala. Eta gaur egun, gainera, badira gailuak ezin direnak engainatu. Kontrolatu egin behar da oxigenoa, tentsioa, pultsua... Eta nik, behintzat, garbi erretiratu nahiko nuke.

Mendia turismoa ere bada, eta zuk aukeratu baduzu aste bat, ordaindu baduzu, nahi izaten duzu mendira joan nahiz eta baldintzak ez izan onak. Nola hartzen du jendeak ezetz esatea?

F.U.: Denetarik dago. Batzuek ulertzen dute ondo, eta beste batzuei asko kostatzen zaie.

X.E.: Edo momentuan esaten dizute ondo, eta gero kexaka sumatzen dituzu. Batzuetan gertatzen da bat azken kanpalekuan geratzea haizeagatik eta lagunak igotzea. Eta gero haserretzea.

F.U.: Mendian denbora guztian erabakiak hartzen aritzen zara. Onena da erabaki onak hartzea. Erabaki ona izaten da oso txarra baldin badago, eta hala jarraitzen badu, atzera egitea. Gerta daiteke behera joatea nahiz eta hain txarra ez egon. Baina erabaki bat hartu behar zen, eta ez da erraza.

X.E.: Mendia etxean hasten da, eta etxean bukatu. Jendearen helburua gailurra izaten da. Baina jaitsi ere egin behar da. Non gertatzen dira istripu gehienak? Jaisten.

Nola antzematen diezue bezeroei, aldapan gora zoaztela, beherakoan lanak izan ditzaketela?

X.E.: Ez da erraza; zeren zu ere estalita zaude, txano, betaurreko, buffarekin... Eta ikusten duzun bakarra da zer erritmotan mugitzen ari den. Aurpegira begiratuz gero, begietara-eta, ohartzen zara, baina ez da erraza izaten.

F.U.: Gailurrekoa momentu bat da, eta hor gauza asko gertatzen dira. Alabaina, aurreko egunean gauza asko ikus ditzakezu. Niri galdetu izan didate ea halako mendietan zer den inportanteena, eta nik beti esaten dut: kontzentrazioa. Egon behar duzu jendearengandik oso hurbil. Ikusi behar duzu nola egokitzen ari den altuerara, nola ari den edaten, nola jaten. Aurreko egun horietan datu asko dituzu. Eta ikusten baduzu egunetik egunera poliki-poliki norbait ahitzen ari dela, badakizu gailurraren egunean ez duela hobera egingo. Beraz, aurreko egunetako jarraipen hori oso garrantzitsua da.

M.Z.: Uste dut, hala ere, buruko edema aurreikusten zaila dela.

F.U.: Ez duzu uste aurreko egunean antzemango diozunik?

M.Z.: Niri gertatu zitzaidan bezero batekin. Bere laguna medikua zen, eta ez zion antzeman. Aconcaguan gertatu zitzaigun hori.

F.U.: Gerta daiteke, eta halako mendietan ohikoa da. Baina esango nuke, oro har, sintomak aurreko egunetan ikusten direla. Oso bakanak izan daitezke, baina kasu egin behar zaie.

X.E.: Bezperan 6.000 metrotan elkarrizketa bat edukitzea gustatzen zait jendearekin, ea nola erantzuten duten... Normal ikusten baduzu, normal ibiltzen bada, oxigenoa eta tentsioa ondo baditu... Horrez gain, gidari amerikar batek behin esan zidan: lerro zuzen bat jarri, eta jendea gainetik ibilarazi. Zuzen ibiltzen bada, ondo. Bestela, kontuz. Zeren gauza bat argi dago: bizitza normalean eduki dezakezu istripu bat eta onik atera. Gure kirol honetan ezin duzu akatsik eduki. Eta aztertzen baditugu gertatu diren istripuak, askotan ikusiko dugu aurretik egon direla seinale adierazgarriak. Normalean, baten bat mendian geratzen denean, ez da izaten akats bakar batengatik, baizik eta beste bizpahiru egin dituelako. Horrek ez du bueltarik. Altueran inork ez zaitu aterako. Zuk eta zure taldekideek bakarrik atera zaitzakete.

Jaitsiera aipatu duzue, eta Martinen Everesteko jaitsiera mitiko hura etorri zait burura. Askotan gogoratzen zara, Martin?

M.Z.: 15:40 aldera iritsi ginen tontorrera, eta oxigenoa bukatu zen. Pentsatu nuen Pasang Temba hobeto zegoela benetan zegoena baino, eta tontorretik jaisten hasi ginenerako erori egin zen. Aurretik pasatzeko eskatu nion, eta halako batean soka tente jarri zen berriro. Ezin zuen. Garai hartan ez zegoen materialik, ez arnesik ez ezer, eta nola handik atera? Eskerrak arina zen, eta atera egin nuen. Itota zegoen. Denbora pila bat behar zuen buelta emateko. Han, ertzean nahi zuen gaua pasatu. Hego tontorrera joan ginen [8.530 metro]. Beheko kanpalekura deitu nuen abisatzeko han pasatuko genuela gaua. Behekoek jaisteko eskatzen zidaten, eta gaur egun jaitsi egingo nintzateke, baina geratu egin ginen. Hurrengo egunean hasi ginen, mantso-mantso, eta hiru-lau ordutan egiten dena egiteko izugarrizko denbora pila pasatu genuen.

Zer pentsatu zenuten zuek, Martinek deitu zuenean esateko gaua han goian pasatuko zuela?

X.E.: Gu biok Lhotseko horman geunden, eta gau hartan ezin izan genuen lorik egin. Goizeko ordu bietan hasi ziren mugitzen beheko kanpalekuan, eta gogoratzen naiz gau lasaia izan zela, haizerik gabekoa. «Kontxo, zer zortea!», pentsatu genuen. Gure aukera bakarra gora joateko Pasang Tembarekin igotzea zen, baina jaitsi zenean ohartu ginen harekin ez zegoela zereginik.

Geroztik ez duzue tentaziorik izan Everestera joateko?

F.U.: Ni egon nintzen 1990ean. 8.350 metroraino iritsi ginen, Mari Abrego, Oiarzabal eta beste talde bat. Saio polita izan zen.

M.Z.: Ni bueltatu egin nintzen, 1981ean, mendebaleko hegitik. Gaixotu egin ginen, eta botaka aritu ginen, txartutako pistatxo batzuengatik.

Himalaiak beteko zituen zuen gazte garaiko ametsak, baina asko aldatu dira gauzak han ere. Nolabait, masifikatu egin da Himalaia. Nola bizi duzue?

X.E.: Nik, kritikoki. Orain, Nepal herrialde pobrea da, eta hain ongi etortzen zaio mendiko turismo masibo hori, ezta? Hala ere, uste dut gobernuak pixka bat gehiago zaindu beharko lukeela hori. Gure garaian Everesten espedizio bat izaten zen udaberrian, eta beste bat udazkenean. Duela bi urte 600 bat pertsona zeuden beheko kanpalekuan, eta munduko Irish Pub garaiena han zegoen, 5.300 metrotan. Helikopteroa gora eta behera. Masifikazioa eta espedizio komertzialak hor daude. Gaur egun, diruarekin, lau bat xerpa on kontratatuta goraino eramaten zaituzte, soka finkoak erabiltzeko zerga bat ordainduta. Gure garaian zenbat egun behar ote zen izotz jauzia gainditzeko! 

F.U.: Xabierrek aipatu dituen horiez gain, badago alde sozial bat ere. Iaz, Everesteko iskanbila gertatu zenean, Ueli Steck eta Simone Moro tartean zirela, BERRIAn egin zenuten iritzi bilketan batek zioen Everest eta Himalaia negozio bihurtu dutela xerpek. Kontxo! Nepalen Everestek garrantzi handia du, eta garapen inportantea izan du. Baina nork bihurtu du negozio? Agentzia handiek, espedizio handiek, Al Filo de lo Imposible-k eta abarrek. Eta xerpak? Langileak dira, eta ez ahaztu, istripu asko izan dituzte. Iaz bertan, bidean sokak jartzen ari zirela, hamasei hil ziren izotz jauzian. Hor ez zegoen atzerritarrik. Langileak xerpak dira, eta nagusiak, agentzia komertzial handiak.

Mendebaldetarrok patrika beteta joaten gara, eta ez dugu ulertu nahi izaten hangoen egoera.

F.U.: Gure harrokeriaz joaten gara hara. Xerpek euren lan arriskutsu horrekin hobetu dute euren etxea, eta lortu dute euren neska-mutikoak Katmandura ikastera bidaltzea. Baina zer lan egin behar izan dute horretarako?

Aurten gertutik jarraituko zenuten Nepalen gertatutakoa. 

X.E.: Ni egon nintzen joatekotan, baina esan zidaten, zertarako? Nire lagunak, zorionez, denak ondo daude. Hortik aurrera zer egin? Lagundu, dirua bidali.

F.U.: Jendea antolatzen ari da. Lurrikara gaiztoa izan da, baina are eta okerragoa izaten ari da montzoia. Montzoiak dena hondatu egiten du, lur-jausiak eragiten ditu eta hildakok izaten dira urtero. Aurten, pentsa! Gu hemen, pena ikaragarriz; zorionez, lagunak onik daude. Euskal Herriko toki askotan badira ekimenak dirua bildu eta bidaltzeko: Oñatin, Lekunberrin, Arrasaten, Bergaran, Hondarribian... Ez dugu presarik bidaltzeko, zeren lurrikararen ondorengo fasea luzea izango da, urteak iraungo du. Inportantea da behar den tokira bidaltzea laguntza, zeren bidalitako asko Katmandun geratzen ari da.

Mendi garaietan arriskua dago. Zerk bultzatzen zaituzte arrisku edo erronka horietara?

X.E.: Mendia izan da toki bakarra aukera eman didana neure burua pixka bat ezagutzeko, pentsatzeko eta zentratzeko. Modu berekoi batean, niretzako uneak izan dira mendian pasatutakoak, ez familiarentzat ez lanarentzat ez lagunentzat. Ordu ugari ditut lo egiteko, soinurik gabe. Familiak onartu nau horrela, eta zortea izan dut. Neure buruarekiko unerik zoriontsuenak mendian eman ditut. Aukera eman dit hausnartzeko zertarako nagoen hemen, zer akats egin ditudan, zer egin behar dudan... Mendian izan ostean zoriontsuagoa izan naiz gero familiarekin, lagunekin eta lanean.

M.Z.: Niri mendiak asko eman dit, nire bizimodua, nire izaera... Bizitza bete-betean bizitzeko aukera. Eta arriskua? Bada, ikasi egiten duzu izkin egiten. Ikaste horrek poz handia ematen dizu, gai izan zarelako une horiek gainditzeko, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere. Ni ez noa mendiaren aurka. Neure burua gainditzen saiatzen naiz, mendiarekin harmonian. Eta beldurra? Momentu batzuetan bai, baina horrek ezin zaitu geratu. Indartsuagoa da bestea.

F.U.: Norberak du arrazoi bat mendira joateko. Nire kasuan, hain zuzen ere, estetikak garrantzi handia dauka. Txikitatik oso ederki sentitu naiz mendian: mendi bat igotzea ertz batetik, edo elurrezko malda batetik, harkaitzetik... Oso egoera estetikoa da. Artearen pareko mugimenduak dira. Mendiak ofizio bat behar du, eta denboraren poderioz joaten zara menperatzen. Mendi garaietan arriskua beti egongo da, baina hura kudeatzeko eta onik ateratzeko ofizio bat behar da. Ofizio horrek asko ematen dizu, arotz bati, errementari bati edo zurgin bati ematen dion bezala.

Aitortu behar da sekulako aurrerapena egon dela bitartekoetan ere. Zuek ere seguruago sentitzen zarete orain mendian?

F.U.: Garai batean arnes bat eta soka bat eramatea sekulako pisua zen. Gaur egun, arnes batek ez du ia ezer pisatzen. Egunotan goi Pirinioetan ibili gara, eta nik esan diet bezeroei arnes bat eramateko, segurtasun osoz ibiltzeko.

M.Z.: Arnesak, katuak, friend-ak... Asko aurreratu da.

X.E.: Materiala izugarri, baina hein berean aurreratu da eguraldiaren aurreikuspena ere. Orain badakizu elur-jausi arriskua zenbatekoa den, eta, gainera, esperientziarekin ikasi dugu non gertatu ohi diren. Arriskua badago, baina baita hura kontrolatzeko erak ere, GPSak, informazioa... Arrisku gehiago pasatu dut egun hauetan Portugaldik etxera itzultzen.

F.U.: Hala ere, GPSrik onena buruan daukagu. Jarduerarik arriskutsuenetako bat mendiko eskia da. Garai batean, Pirinioetan, martxotik aurrera egiten zen. Gaur egun, negu osoan egiten da. Neguan elur-jausi asko eta handiak izaten dira. Norbait hiltzen da jausi batean, eta esaten da adituak zirela, material egokia zeramatela. Bai, baina egun horretan, baldintza horiekin, etxean geratzeko agindu behar zien buruko GPSak. Alegia, elementu material asko ditugu arriskua gutxitzeko, baina sekula ez dute naturaren arrisku osoa saihestuko. Geure buruko GPSak beti egon behar du piztuta.

Euskaldunak badu mendian ondo moldatzen den sentsazioa. Zuen ustez, nola dago Euskal Herria, nazioarteko panoramaren barruan?

X.E.: Nahiko aurrean ikusten dut, bai teknikoki, bai eskaladan...

F.U.: Mendizaletasuna hain zabala da, eta hainbeste jarduera daude... Gauza batzuetan ondo gaude, baita nazioarteko panoraman ere, bereziki eskaladan.

M.Z.: Joaten zara eskola batera, eta ikusten dituzu zortzigarren graduko neska-mutilak, baina ez bizpahiru, baizik eta zortzi, bederatzi... Esaten duzu: zer da hau? Hau beste inon ez da ikusten. Ameriketan esaten didate euskaldunak itzelak garela.

F.U.: Himalaismoan ere ongi, ezta? Badaude hiru pertsona hamalau zortzimilakoak igo dituztenak. Ba al dago halakorik Frantzian? Eta Espainian ere ez dago inor. Suitzan, adibidez, bakarra dago: Loretan. Gauza batzuetan, berriz, ez gaude uste bezain ondo.

X.E.: Hala ere, benetako mendizalea hamalauak egitera joaten da bide normaletik; suitzar bat edo frantziar bat dago sei egin dituena bide teknikoagoetatik. Badaude batzuk hamalauak egindakoak, eta berriro doaz bigarren aldiz egitera. Nik gehiago estimatzen dut gauza berriak egitea.

Sekulako alpinismoa egiten ari da mendi txikiagoetan, ezta?

F.U.: Bai, baina euskaldunoi gustatzen zaigu mendi garaienera joatea, markak egitea, errekorrak, burdin batekin Xoxotera igotzea... Apustu zaleak gara, eta horretan ere ikusten da. Geure burua barkatu egin beharko dugu.

M.Z.: Prentsak erru handia du. Alpinistek egiten dute gauza eder bat, bide zail eta berri batetik, eta inork ez die kasurik egiten. Berriz, mendi altuetan betiko bidetik egin, eta hor dituzu albisteak.

X.E.: Prentsak eta babesleek. Babesleari bost axola zaio zer bidetik igoko zaren. Hark nahi duena da horri etekina atera.

F.U.: Ez dago babeslea bakarrik, baizik eta mendizalea ere bai. Batzuetan mendizaleak badu aukera bere gustuko mendizaletasuna egiteko. Hain zuzen ere, ikusi genuen Paiju Peakera joateko nola lortu zuten babesleen laguntza.

Badaude bi mendizaletasun mota: Oiartzabal eta Iñurrategi? 

M.Z.: Iñurrategi edo Pou anaiak...

F.U.: Bai, badago mendizaletasun ederra, eta ez bakarrik Euskal Herrian, mundu osoan ere bai. Batzuk euren curriculuma gizentzera joaten dira Everestera, eta beste batzuk, sekulako bideak egitera.

Mila proiektu izango dituzue, baina zertan duzue burua orain?

X.E.: Ni Tourrera noa lagunekin larunbatean. Bestela ez. Momentuan bizi naiz. Badut lagun bat ordulariarekin bizi dena, dena programatzea gustatzen zaiona. Niri ez zait gustatzen hala ibiltzea, aurreikusi ezina naiz. Badut furgoneta bat, eta horrek askatasuna ematen dit bizikleta edo lagun bat hartu eta zerbait egiteko, eguraldiaren arabera, mendebaldera edo ekialdera. Asmoa dut bi mutikoekin Mont Blancera igotzeko.

M.Z.: Nik Bosman inguruan izotza, urritik aurrera, eta gauzak ondo badoaz, gero Patagoniara. Alabarekin Granite Peak igotzeko asmoa dut, Montanako mendirik garaiena, ia 4.000 metrora; oso leku ederra da.

F.U.: Udan nire ofizioan sakontzen jarraitu: Alpeetan zurginak bezala ea izkina leun-leun uzten dudan. Zazpi aste egingo ditut. Ondoren, urrian Himalaiara joateko asmoa dut. Jiritik abiatu, Everest aldera eta ikusi zer gertatu den.

X.E.: Agian horra joango naiz ere.

[Barreak]

F.U.: Zorretan sentitzen naiz Nepalekin, asko egin baitute guregatik, eta lagundu egin nahi dut. Ia gure bigarren herria da.

Felipe, zer moduz moldatzen zarete mendi gidariok, esate baterako, Alpeetan? Lehia handia duzue zuen artean?

F.U.: Denetik dago, baina, oro har, harreman ona dago. Polita da, adibidez, Castor azpian, Vall d'Ayas aterpean, zaindariek daukaten ohitura bat. Seietan gidarien ordua da, eta ateratzen diete ardo zuria, gazta, saltxitxoia... Hor elkartu eta giro ona izaten da. Beste batzuetan, Cervinora igotzen, adibidez, baten batek igual bultza egingo dizu, baina, normalean, errespetuz eta lasai.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia