Baionatik Kanadara zihoan Le Dauphin ontziari bidea moztu zioten Inglesek, 1757an. Han topatutako agiriak Londresko artxiboan gorde zituzten, eta hantxe egon dira, harik eta Xabier Lamikiz irakasleak topatu dituen arte. Bere tesia egiteko High Court of Admiralty artxiboetan arakatzen ari zela egin zuen topo lapurteraz idatzitako 50 eskutitz ingururekin.
Lapurdum agerkariak eman du aurkikuntzaren berri, gaur. IKER UMR 5478 CNRSko taldearen agerkaria da Lapurdum, eta jakinarazi dutenez, gutunak argitaratu dituzte, hitzaurre batekin. Hango zuzendari Xarles Videgainek jakitera eman duenez, eskutitzek "berri anitz ematen digute, historiaren aldetik nola euskararen aldetik". Gainera, nabarmendu du, "bakanetan baizik ez dela halako altxorrik bildu euskal alorrean". Funtsezko dokumentutzat jo dituzte "18.mendeko Euskal Herriaren historia, eta bereziki Lapurdirena eta Baionarena ezagutzeko, kortsaren mundua eta Atlantikaren garrantzia ezagutzeko, bai eta euskararen barne-historiaz eta erabileraz gauza gehiago jakiteko ere".