euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

10:300 lagun BECen: Oihu bihurtutako infrasoinuak (Berrian)

2018/03/20

10.300 lagun bildu ziren Berri Txarrak taldeak larunbatean BECen egindako kontzertuan. Hiru orduko saioan, euforia kolektiboa eta une hunkigarriak bizi izan ziren

Lotura: Berria

Maider Galardi F. Agirre. «Esadazue ba/ entzuten al da zerbait, dardararen bat?/ Etorriko al da norbait azkenean gugana?». Hala dio Berri Txarrak taldearen Dardararen bat kantuak. Abesti horrekin berarekin hasi zuen Lekunberriko (Nafarroa) taldeak larunbatean Barakaldoko (Bizkaia) BECen emandako kontzertu gogoangarria, hasi aurretik zuten ziurtasunik eza iragarriz. Inoiz betetako aretorik handienaren aurrean, umil igo zen hirukoa oholtzara, ezer baino lehen eskerrak emanez. 10.300 lagun zeuden zain ordurako. Dardarizoa eskatu zuten Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek, eta segidan erantzun zuen publikoak. Lehen kanturako lehertu zen BEC txalo betean, eta hala segitu zuen hiru ordutan. Infrasoinuak diskoa aurkeztu zuten lehenik, akustikoan ausartu ziren ondoren, eta kanturik ezagunenak jo zituzten azkenik. Arrakasta betea lortu zuten.

Hirugarren kantuarekin, Infrasoinuak-ekin, biluzi zuten oholtza atzea: Infra zioen oihal erraldoi batek estali zuen atzeko aldea, txikitik eragiten gauza handiak egin daitezkeela erakusteko moduan. Hala azpimarratu zuen Urbizuk berak Beudekantuaren aurretik ere: «Esan beharrik ez dago hau kontzertu soil bat baino gehiago dela. Baina, hemen, Euskal Herriko hainbat areto txiki daude ordezkatuta. Eskerrak sostengua eman ziguten horiei guztiei. Euskal kulturari merezi duen lekua emango diogu».

Jarraian jo zituzten Hozkia eta Sed lex kantu biziak, eta Berri Txarrak-ek Katedral bat eskaini zion publikoari. Orduan lehertu zen BEC, eta Zorionaren lobbyarekin amaitu zuten gaueko lehen atala. 40 minutuan jo zuten, hasi eta bukatu, Infrasoinuak, taldearen azken diskoa. Ozeanian, Europan eta Asian bira egin ostean, larunbatean aurkeztu zuten lehen aldiz Euskal Herrian.

Etenaldia egin zuten orduan, eta zurrumurruek bete zuten aretoa. Zer etorriko ote zen ondoren, horixe zuen buruan han bildutako jende andanak, eta orduan jaitsi zen oihala bigarren aldiz, eszenografia intimoa agerian utzita: akustikora jo zuten.

Akustikoan ere, leherketa

Ez da ohikoa Lekunberriko taldea akustikoan ikustea, eta aretoaren handitasunean halako soiltasunarekin BEC betetzea ez zen erronka makala. Bidelagun izan zituzten Arkaitz Miner biolin jotzailea eta Marti Perarnau teklatu jotzailea. Poesiari gorazarre egin zioten ordu erdiz, Eskuak, Aditu bihurtuak eta Poligrafoa kantuekin, esaterako. Argi esan zuen Urbizuk: «Gero esan dezatela poesiak ez duela ezertarako balio». Ekarri zituzten olerkigile handien hitzak ere: Bertolt Brechten Makuluak eta Joseba Sarrionandiaren Aspaldi utzitako zeldakantuak jo zituzten.

Azken horrek aretoa bete zuen isiltasun zorrotz batez. Aldarrikapenerako tartea izan zen orduan. Urbizuk «BECen egon ezin direnak» gogora ekarri zituen, eta Iñigo Cabacasen auzia ere salatu zuen. Txalo zaparradaz eta txistuz erantzun zuen publikoak kantuak «ala ihes egitea/ bizitzen irauteko/ aitzakia hutsa izan zen» zioen bitartean. Bero zegoen giroa, eta Altsasuko auzia ere gogora ekarri zuen taldeak. Min hau kantua eskaini zieten auzipetuei, eta bat egin zuten arratsaldean BEC kanpoan egin zen elkarretaratzearekin. Iraila kantuarekin lehertu zen berriro aretoa, eta Arcade Fire taldearen Wake up kantuaren bertsioarekin amaitu zuten. Dantza betean ari ziren pistako entzuleak, eta, ordurako, harmailetan eserita zeuden 5.000 lagunak ere zutik jarri zituzten.

Oihu egin, eztanda egin arte

Bigarren aldiz itxi zen oihala, eta, berehala, Berri Txarrak-ek berezko duen doinu elektrikoz bete zuen aretoa. Ikasten, Etsia, Gezur bat mila aldiz, Ez dut nahi, FAQ, Libre, Iparra galdu, hegora joan... Taldeak hogei urtetan konposatutako abesti ezagunenak taularatu zituen arnasteko tarterik apenas hartu gabe. Ordurako bi orduz arituak ziren jotzen, eta oraindik bazuten publikoa saltoka jartzeko nahikoa indar.

Urbizuk hartu zuen berriro hitza, eta azaldu zuen Bigarren itzala kantuaren zergatia: «Abesti hau eskaini genion XXI. mendeko izurriterik handienari: indiferentziari». Ez zuten inor indiferente utzi, ordea, eta jarraitu zuten, bata bestearen atzetik, amaierarik gabeko leherketan. Lemak, aingurak kantuarekin «euskaldunak dantzan» jarri zituzten, eta segidan etorri ziren Jainko ateoa, Hitzen oinarri ahula, Bueltatzen eta Zertarako amestu, besteak beste.

Pentsiodunen manifestazioak gogoan, «aitona-amona guztiei» eskaini zieten Zerbait asmatuko dugu kantua. Etengabeko eztanda zen BEC, eta lurra dardarazi zuten ikusleek Biziraun eta Denak ez du balio kantuekin. Kontzertuaren amaiera iragarri zuen Urbizuk, baina publikoak bazuen oraindik ere musikarako gogoa.

Orduan azaldu zen gitarrista oholtzara, bakarrik, eta gaueko unerik hunkigarrienari bide eman zion: «Hurrengo kantua Maravillas izeneko neska baten omenezkoa da, eta Nafarroako Larragan gertatutako historia lazgarri bat kontatzen du. Baina, zoritxarrez horrelako kantuek onartzen dute izena eta lekua aldatzea, eta gaur Marielle Franco izeneko emakume bati kantatuko diogu». Joan den astean Brasilgo Rio de Janeiron hildako aktibistaren omenez eskatu zuen Urbizuk entzuleek sakelako telefonoetako argiak pizteko. Milaka argi txikik eta giroko argi more batek bete zuten aretoa, eta aho batez abestu zuten Maravillas.

Handia zen euforia kolektiboa, baina nabari zen kontzertua amaitzear zela. Hala ere, indartsu zegoen oraindik hirukoa, eta gogor bukatu zuten ikuskizuna. Orekakantuak dantzan jarri zituen berriro ordurako nekatuta zeuden gorputzak, eta eztarri urratuek kantatu zuten MGTMT taldearen Kids kantuaren bertsioa.

Hiru orduren eta ia 40 kanturen ostean, azken aldiz lehertu zen BEC-eko aretoa: Oihu kantatu zuen publikoak «arima urratu arte». Eta Urbizuk ere, ozen eta indartsu ohartarazi zuen: «Infrasoinuak gara, baina entzungo gaituzte». Mugarria izan zen larunbateko kontzertua, eta han bizi izandakoaren oihartzunak luze iraungo du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia