Disko dendetara (geratzen diren apurretara) iristen lehenengoak, irailaren 4an, binilozko berrargitalpenak izango dira. Duela urte batzuk abiatutako ekimenari segida emanez, azken hamarkadetako beste sei disko esanguratsu LP formatuan jarri ditu berriz plazan Elkarrek:Kortaturen Kolpez kolpe (1988) eta Azken guda dantza (1988) —aurretik gauza bera egin zuenKortatu eta El estado de las cosas-ekin—, La Polla Recordsen No somos nada (1987), Mikel Laboaren Lau-Bost (1980), M-ak-en Barkatu, ama (1989) eta Kuraiaren Kuraia (2001).
Haatik, Elkar-Oihukaren argitalpenen multzo nagusia lan berriek osatuko dute. Guztira 10 nobedade izango dira. Irailaren 15ean aurkeztuko du lehenengoa: Bide Ertzeanek eta Metrokoadroka antzerki taldeko Oier Guillan eta Asier Sarasolak Joxean Artzeren poesian oinarritutako Nola belztu behar zuria? ikuskizunaren zuzeneko grabazioa jasotzen duen DVDa.
Hainbat urtez isilik egon den Zura taldeak Egunkari ezkutua kaleratuko du urriaren 2an, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua eleberrian oinarritutako diskoa. Lan horretan rock doinu sendoetara itzuli da Xabi Strubell gitarrista (Dut) buru duen taldea.
Imuntzo eta Belokik Egurre izenburua jarri diote beren zortzigarren diskoari. Bere kantu ezagunenetako batzuk berriz grabatu eta abesti berriekin batera bildu ditu bikoteak. Urriaren 8anaurkeztuko da.
Beste itzulera garrantzitsu bat Jean Mixel Bedaxagar abeslariarena izango da. Sei urte igaro dira Urdiñarbekoak Auñamendi kaleratu zuenetik. Mixel Etxekoparren laguntzaz grabatu du Belatxa, Zuberoako kantutegiaren arrastoan egindako murgiltze berria. Urriaren 15erako aurreikusita dago haren argitalpena.
Hurrengo egunean aurkeztuko du Igelaren Bandak Debalde festa. Bixente Martinezek, Amaiur Cajaravillek eta Hasier Oleagak bertso doinu ezagunen moldaketa instrumentalak egin dituzte, inprobisazioan bermaturik.
EH Sukarrak bederatzigarren lana du Azken gezia. Oraingoan ere Mikel Gorosabel musikariak hitzetan Asier Serranoren laguntza izan du. Urriaren 22an ikusiko du argia diskoak.
Elkarrek udazkenerako iragarritako hirugarren itzulera sonatua Olatz Zugasti kantari eta harpa jotzailearena da. Ur goiena, ur barrena lan berria Zarauzko Buffalo rock taldeko musikariekin grabatu du Zugastik, eta haiekin aurkeztuko du zuzeneko emanaldietan. Izan ere, 23 urteren ondoren bakarkako emanaldietara itzuliko da Zugasti udazkenean. Oraingoz hiru data daude lotuta: azaroaren 21ean Bilboko Campos antzokian, 29an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eta abenduaren 6an Durangoko Plateruenan.
Ondoren etorriko dira Izaki Gardenak-en bigarren disko luzea, Aurri gara (azaroaren 5eankaleratuko da), eta Mikel Urdangarinen lan berria (azaroaren 20an). Udaberrian bakarka emandako kontzertuetan eta urriaren 4an Donostiako Antzoki Zaharrean eskainiko duen emanaldian grabatutako kantuek osatuko dute diskoa.
Azkenik, azaroaren 27an aurkeztuko du Elkarrek Ken Zazpiren disko berria. Ricky Falkner ekoizlearekin —Berri Txarrak-en Denbora da poligrafo bakarragrabatu zuten hiru ekoizleetako bat— grabatu dute hamar kantuz osatutako lana. 2016ko urtarrilaren 15ean eta 16an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aurkeztuko du Gernikako taldeak.
Elkar-Oihukak kaleratuko dituen bildumak berriz, bi izango dira: Elkar Estudioa Sesioak Vol. 2 (Beñat Igerabide, 22m2, Begiz Begi, Eskean Kristö, Libe, Perlak, Lou Topet, Joseba B. Lenoir Gang eta Sueder) eta Kantuz 1965/2015 disko hirukoitza (50 kantu).
Informazio gehiago hemen.