Santiagoko Euskal etxeak –esku pilota taldeak bereziki–, Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Ordezkaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatu zuten Korrika. ‘Harro herri’ lelopean 60 lagun bildu ziren, tartean Santiagoko euskal etxeko kideak, Txileko Unibertsitateko ikasleak, Txilen bizi diren euskal herritarrak eta herrialde horretan ikasketak egiten ari diren hainbat euskaldun gazte. Txileko hiriburuko leku esanguratsuetatik pasatu zen 5 kilometroko ibilbidea egin zuten eta amaiera Santiagoko Euzko Etxean izan zen. Bertan harrera egin zitzaien partehartzaileei eta Santiagoko euskal etxeko lehendakariak, Ignacio Baztarrikak, ongietorria eman zien bertaratutakoei. Jarraian euskararen aldeko mezua irakurri zuten bi partehartzailek, euskaraz eta gazteleraz. Hainbat jolasekin eman zitzaion segida egitarauari. Azkenik, Santiagoko Euzko Etxeko esku pilota taldeak bazkari herrikoia egin zuen eta 100 lagun inguruk parte hartu zuten.