IMMIGRANTEAREN EGUNA. Urtero bezala, 2010an ere ospatu dute Argentina osoan Immigrantearen Eguna, normalean joan den asteburuan. Hainbat dira hiri, herri eta auzoak non egun argentinar direnek euren arbasoen eta aurrekoen jatorrizko nazio eta kulturak ospatu eta ohoratu dituzten, urtean zehar kultura eta jatorri horien sua daramaten tokian tokiko gizatalde elkarteen bidez. Euskaldunek eta euskal etxeek ez diote hitzorduari hutsegin eta puntarik punta herrialde osoan antolatutako hamaika ekitaldi horietako askotan hartu dute parte, euren euskal arbaso eta aitzindarien ohore. Argazkian, Cordoba probintziako Villa Maria herrian eginiko ekitaldia, non euskaldunak ikurriña eta Gernikako Arbola ezaugarri harturik aritu ziren, bertako Euzko Etxearen eskutik (argazkia El Diario del Centro del País).