Hiriburu uruguaitarreko Aldaxka Taldeak ere ospatu zuen Euskararen Eguna. Honela adierazi digute elkarte euskaltzaletik: “Abenduaren 3an, eguerdian, Tristan Narvaja Montebideoko feira famatuan paratu dugu txosna, jendeari euskararen egoeraren berri emateko. Aldaxkaren argitalpenak erakutsi ditugu eta euskal musikaz lagundurik jende asko hurbildu da gurera. Euskarari buruzko informazioa eman diegu, tartean 2018rako ikastaldien berri. Aldaxkakide batzuk ber momentuan Rodo Parke feiran, ikurrinak bistan, eskupaperak banatzen eta jendearekin solasean aritu dira. Eguerdia pasatuta Batlle parkean piknik batez bukatu dugu ekitaldia ikasle eta lagunekin” (argazkia EE)