euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zuzeneko euskal musikak kitzikatu ditu garrak Las Herasko Zazpirak Bat EEaren San Juan Gauean

2014/06/25

San Juan Gauean, kalejiran joan ziren Gral. Las Herasko euskal etxeko kideak sorginari sua ematera (argazkiaEE)
San Juan Gauean, kalejiran joan ziren Gral. Las Herasko euskal etxeko kideak sorginari sua ematera (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Joan den larunbatean ospatu dute San Juan Gaua Buenos Aires probintziako Gral. Las Heraseko Zazpirak Bat-ek. Zeremonian su handia piztu eta sugarretan sorgin itxurako panpina erre zuten euskal etxeko lagunek. Ekitaldia tren geltokiaren ondoko lur esparruan burutu zen eta bertara joan ziren kalejiran, dantzariak, erraldoiak eta buruhandiak, trikitixa eta panderoaren erritmoari jarraituz.

General Las Heras, Argentina. Neguari ongietorria emate aldera, edo besterik gabe, herri tradizioa lagunekin elkartzeko aitzakia bihurtu nahian, Sanjuanak ospatzera gonbidatu zuen joan den asteburuan Gral. Las Heraseko euskal etxeak. Festa ekainaren 21ean izan zen (Solstizioarekin batera), iluntze aldean, eta hiriko kaleetan barrena mugitu zen kalejira batekin hasi zen. Kalejirara, Gral. Las Herasko dantzariekin batera, Cañuelasko Denak Bat-ekoak, erraldoi eta buruhandiak eta bi musikari euskaldun ere bildu ziren.

Tren geltokiaren ondoko lur esparrura iritsi zen taldea, hor zegoelako erreko zen panpina. Ekitaldiaren antolatzaileek azaldu legez, leku egokia zen jaia egiteko, joan den mendearen hasieran bertan gelditzen zirelako esne-saltzaile euskaldunak, Buenos Airesera joateko trena hartu aurretik.

Behin tren geltokiaren ondoko plazan Zazpirak Bat Euskal Etxeko lehendakari Luis Echegaray-k hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei. Horren ostean, dantzariek sorgina inguratu eta zenbait euskal dantza dantzatu zituzten publikoaren aurrean. Aurreko edizioetan ez bezala, gainera, aurten zuzeneko musikarekin burutu zen dantza ikuskizuna. Ioar Oteiza pandero joleak eta Dani Oiarbide trikitilariak lagundu zituzten dantzariak euren emanaldia.

San Juan Gaua Las Herasen 2014 02

[Ioar Oteiza Lesakarra eta Daniel Oiarbide idiazabaldarra propio etorri ziren Gral. Las Herasera Zazpirak Batek antolatutako jaian parte hartzera (argazkiaEE)]

[Zazpirak Bat-eko dantzariak Cañuelaskoekin batera suaren argitan dantzatu zuten (bideoaEE)] 

Sua amatatzen hasi zenean, hiriko Taberna Baska delako jatetxean jarraitu zuen festak. Tabernan, eta euskal etxeko kideek prestaturik, dilista gisatuak zerbitzatu zitzaizkien gonbidatuei. Afarian ere  dantzariek euren koreografiak aurkeztu zituzten. Hasteko eta publikoaren omenez, Aurreskua.

[Afari aurretik eta afalostean dantzariak izan ziren gaueko protagonista nagusi (bideoEE)]

Ehun eta berrogeita hamar lagun bildu ziren Gral. Las Herasen San Juan Gaua ospatzera, tartean Buenos Aireseko Euskaltzaleak euskaltegiko eta Cañuelasko Denak Bat euskal etxeko kideak eta baita etxeko laguna den Ernesto Tinte ere.

San Juan Gaua Las Herasen 2014 03

[Euskal Etxe antolatzaileko lehendakaria eta ekitaldiaren bultzatzaile nagusi Luis ‘Lae’ Echegaray mahaiaz mahai joan zen gonbidatuak agurtzen. Irudian, zutik, mantal gorriaz (argazkiaEE)] 


San Juan Gaua Las Herasen 2014 04

[Afariaren baitan, errezital bat ere burutu zen. Musikari euskaldunekin batera publikoa ere animatu zen abestera Euskal Herriko kantutegiko abesti ezagunenak (argazkiaEE)]

Baina dantza emanaldia ez zen gaueko ikuskizun bakarra izan. Oteiza-Oiarbide bikoteaz gain, Joserra Nuñez abeslariak errepertorio zabala kantatu zuen bere gitarrak lagunduta. Horrela, dantza eta musikarekin, eta eskutik eskura pasatu zen zahatoarekin, ordu txikiak arte luzatu zen jaia.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia