Villa María, Argentina. Euzko Etxearen goiko solairuko 'Euskal Herria' aretoa erreferentziazko leku da Villa Marian hamaika ekitaldi instituzional egiteko, baita bazkideen eta herriko jendeen beste hamaika ezkontza festa, urtebetetze eta bertako familientzat bestelako jarduera esanguratsuri ere abegia emateko. Hortxe, joan den ostiralean, martxoaren 8an, gauzatu ziren Emakumeen Nazioarteko Eguna festa giroaz ospatzeko deitutako ekitaldiak. Kapela buruan, 60 emakume baino gehiago bertaratu ziren afarira, tartean Zuzendaritza Batzordeko kideak, tailerretako partaideak, bazkide eta elkartearen lagunak, besteak... Adin guztietako emakumeek gau zoragarria partekatu zuten dantza aliatu zutela.
Zuzendaritza Batzordea berritu du berriki Euzko Etxeak, 2024rako kultur eskaintzaren berri emanez eta ikastaro eta tailerretara biltzeko gonbitea luzatrik. Ostegunetan, 19etan, abesbatzak berriro ekin die entseguei, eta 20:30etan, ostera, danborrada taldeak, bietan Lorena Marin zuzendari. Apiriletik aurrera, euskal dantzako helduen taldearen entseguak hasiko dira, larunbatetan 16etan, Karen Astradaren eskutik, eta euskara klaseak, Florencia Deniz irakasle, bi taldetan, maila aurreratuko ikastaro bat zabaldurik eta hasiberrientzako beste bat. Gaztetxoenei zuzendutako pilota eskolak, astearte eta ostegunetan izango dira, 18etan, Victoria Echeverria eta Nicolas Garcíaren eskutik. Horrez gain, instituzioak yoga eskolak eskaintzen ditu, asteazkenetan, 18:30ean, Alba Echeverría batzordekidearen eskutik; eta ingeleseko eskolak, idazkari Teresa Frairek emango ditu, astearte arratsaldeetan eta asteazken goizetan.
Zuzendaritza Batzorde berritua
Ezkerretik eskuinera atzean, batzordekide diren Sabas Unzueta, Gerardo Echeverría, Daniel Gortari eta Francisco Santunione, aurrean: Evangelina Pivetta, Teresa Fraire, Alba Echeverría, Emilia Zugasti, Florencia Deniz, Yamila Aseff, Gabriela Ugo eta Victoria Echeverria.
Bazkideek instituzioaren Txostena eta Balantzea onartu ostean, Ohiko Batzar Nagusiak lehendakariorde, idazkariorde, diruzainorde eta hiru batzordekide karguak berritu zituen otsailaren 28an. Honako zerrenda bozkatu eta hautatu zuten agintaldi berrian erakundearen Zuzendaritza Batzordeko partaide:
- Lehendakari: Emilia Zugasti
- Lehendakariorde: Daniel Gortari
- Idazkari: Teresa Fraire de Gortari
- Idazkariorde: Manuel Elias Echeverria
- Diruzain: Gerardo Bautista Echeverría
- Diruzainorde: Lorena Marin
- Batzordekide titularrak: Florencia Deniz, Alba Echeverria, Gabriela Ugo, María Victoria Echeverría, Raúl Miguel Ponso eta Francisco Omar Santunione
- Batzordekide ordezkoak: Sabas Miguel Unzueta, Emanuel Contro eta Yamila Natalia Assef