New York, AEB. Abendua ohi da Etxeorratzen Hiriko 'Euzko Etxea of New York' edo New Yorkeko Euskal Etxearen Urteroko Batzarra egiteko eta erakundeko Lehendakaria/Zuzendaritza berritzeko garaia eta halaxe izan da aurten ere, Abenduaren 10ean, igandea, egin zen elkarretaratzea eta kargua berritzeko aurkeztuko ez zela aginduta zeukan orain arteko lehendakari Elisa Vidasolo Anconak halaxe egin zuen, eta hain erraz gertatu ez bazen ere azkenean, eskergarria den arduraz jokaturik, zuzendaritza berria osatu eta bozkatu zen, Aitziber Buque Martinez mediku onkologo prestigiotsua lehendakari berri.
Aitziber Buquerekin batera, zuzendaritza talde berriko kide dira Myriam Mugica, lehendakariorde; Alycia Oliphant, idazkari; eta Lizet Belaustegui, diruzain. Bildutakoek txaloz hartu zuten buruzagitza berria eta eskerrak eman zizkieten azkeneko bi urteetan, segidako bi agintealdiz, Eusko Etxearen gobernua eraman duen taldeari, Elisa Vidasolo Ancona lehendakariari, Juan Legarreta lehendakariordeari, orain arte idazkari zen Myriam Mugicari, eta Robert Ascona diruzainari.
Eskerrik asko utzi duen zein sartu berria den zuzendaritzari, eta zorterik onena biei eta EENYri!