Montevideo, Uruguai. Uruguaiko hiriburuan zabalik segitzen duen euskal etxerik zaharrenak —1911an sortua—, Euskaro Euskal Etxeak, Urteko Batzarra egin zuen maiatzaren 13an eta besteak beste Zuzendaritza Batzordea berritu zuen. Bazkideek ‘Indar berriak’ izenpean aurkeztu zen zerrenda hautatu zuten eta ondorioz 2024-2026 eperako Zuzendaritza honela geratu da:
- Lehendakari: Fabián Orradre Zabala
- Lehendakariorde: Carolina Ariztegui Deus
- Idazkari: Lucia Goñi Spinoglio
- Idazkariorde: Juan Carlos Ariztegui Amadoz
- Diruzain: Carlos Larragueta Rodríguez
- Liburuzain: Juan Pedro Arin San Martín
- Batzordekideak: Silvia Ortone Enderiz, Baldomero Ansó Eguinoa eta Mariela Garabedian Maidan
Euskal Etxeak antolatutako datozen ekintzetarako gonbitea luzatu du batzorde berriak. Alde batetik, duela bi aste inauguratu dute Mus Eskola eta maila guztietako muslariek har dezakete parte, “hasiberriek zein eskarmentudunek”, azaltzen dute euskal etxetik. Eskolako tailerrak asteazkenetan dira, arratsaldeko 6etatik aurrera, Euskal Etxeko egoitzan, Bacigalupi kaleko 2219an. Bestalde, bingo bat egingo dute montevideotarrek ekainaren 15ean. Hitzordua arratsaldeko 4etan, eta jokoaz gain, askaria eta zozketak egongo dira.
Hitzaldia eta ohorezko ardoa
Maiatzaren 9an hitzaldia eskaini zuen gaztelaniaz Juan Pedro Arinek, etxeko bazkide eta FIVUko presidenteak, honako izenburuz. Sabino Arana Goiri, Arana ta Goiri' tar Sabin, Abertzaletasunaren sorrera: indarrean ala anakronismoa?. "Topaketa oso aukera ona izan zen ezagutzak eta hausnarketak partekatzeko" azaldu diote EuskalKultura.eus-i antolatzaileek. Hitzaldiaren ostean ohorezko ardoa eskaini zitzaien bertaratutakoei.
Nabarmentzekoa, azkenik, WhatsApp zenbaki berria duela elkarteak, 098553037. Euskal Etxearen difusio taldean sartu nahi duenak aski du mezu bat bidaltzearekin