Montevideo, Uruguai. Pauso bat aurrera eta geroaren aldeko apustua Diasporako euskal etxe esanguratsuenetako batean. Joan den asteartean bildu zen lehenengo aldiz Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzorde berria. 1912an sortutako erakunde honek, joan den ekainaren 24an bozkatu eta berritu zuen datozen bi urteetarako Batzordea, bildutako bazkide eta lagunen txaloen artean, begirada erakundeari segida berritu bat ematean jarrita, iragan aberats baten jabe den elkarteari maila bereko etorkizuna ematearen aldeko parioa eginez.
Batzar Nagusiak giro garbia arnastu zuen ekainaren 24an, leihoak zabaldu eta airea eta argia sartzen denean lortzen den giro sanoa, eta bertaratutakoek agerian utzi zuten egin zituzten hitz eta botoetan euren enbidoaren sendotasuna eta euskal elkarteak abiatu duen ahaleginean partaide izateko hartzen duten konpromisoa eta borondatea, auzolana suspertuz gogoz lotuta dagoeneko 110 urtetik gora dituen baina aldi berean "aurrera egiteko gogoa eta etorkizunari begietara begiratzeko bokazioa" duen ekimen eta instituzio honi. Egungo bazkideak zainduz eta urteen poderioz elkarteko bizitza aktibotik aldentzen joan diren kide eta familiengana itzuliz, eta baita ere sekula bazkidetu ez diren pertsona berriengana joz. Esan, eta mugitzen hasi dira dagoeneko hitzok errealitate bihurtzearren. Eta guztiak busti nahi dituzte ahaleginean, garai bateko "Euskadik behar zaitu" haren antzera, izan ere "guztiontzako lekua baitago, guztiek beren lekuan baitaukate guztion etxea izateko jaio zen Euskal Erriaren baitan", adierazi dute.
Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxearen Batzar Nagusian bozkatzen
Batzarreko mahaiburuan, ezker eskuin Amalia Echeverrigaray eta Paola Rossano Ampo
Pauso irmoarekin datoz, eta dagoeneko hasiak dira lehenengo erabaki eta plangintza zehatzak diseinatu eta bideratzen, baita egutegia ere urtea amaitu arte, eta azpimarratzen dute gonbidapena jende orori egiten diotela euskal egoitzara hurreratu eta solastera etor dadin, musean jokatzera, bazkaltzera eta bizitza egitera dinamika berri honetan, "gonbidatuz baita ere bilera batera Uruguai osoko euskal etxe guztiak, gehiago bil gaitezen eta indarrak sendotu eta metatu ditzagun, zalantzarik ez baitago elkarrekin lan eginez handiagoak garela", lehendakari berria den Paola Rossano Ampok EuskalKultura.eus-i esan dionez.
Belaunaldi berri batek hartu du gidaritza, erantzukizunez eta jakitun jasotzen duen legatuaren balioaz, katearen katebegi berri izan nahi baitute, lekukoa hartuz, engaiatuta eta gogotsu, indar eta asmo horiek eta egungo garaiari dagozkion gaitasun eta indar eraberrituak elkarte osoari pasatu nahian, erakundea XXI. mendean erabat sartuz. Urte hasieran minbiziz hil zen militante, euskaltzale eta lagunaren ohoretan, Batzarrean bozkatu zen zerrendak "1966 - Gloria Zuazola" izena hartu zuen, eta goiburua "Euskal Erria indartu egin da" (sic). Hona 2024-26 epean erakundea gidatuko duen Zuzendaritza Batzorde berriko kideak:
- Lehendakaria: Paola Rossano Ampo
- Lehendakariordea: Eduardo Aldabalde
Zuzendaritza Batzordea
- Amalia Echeverrigaray
- Andrea Irazábal
- Juan Lejarcegui
- Fabián Hernández
- Naiara Assaf Zuazola (ordezkoa)
- Josu Lariz Iriondo (ordezkoa)
- Maite Lejarcegui (ordezkoa)
- Damián Sarrabayrouse (ordezkoa)
- Martha Márques (ordezkoa)
Batzorde Fiskala (2024 - 2025)
- Matías Uraga
- Pablo Márques
- Dogartze Lejarcegui
- Eduardo Santibáñez (ordezkoa)
Aurrera Euskal Erria!