Gral. Belgrano, Argentina. Buenos Aires probintziako euskal etxe gehienetan egun hauetan nagusi izan ohi den baretasunetik urrun, General Belgranon, Gure Etxea Euskal Etxeko kideek lan eta dedikazio biziko egunak bizi dituzte. Euren azken asteburuak ia osorik euskal etxeko ekitaldiei eskainita ibili dira, bat eginez Udalak antolatutako udako jaialdien agenda oparoarekin. Horrez gain, Zuzendaritza Batzordea berritu zuten duela gutxi eta gaur egun Juan Martín Iribarne da elkarteko buru, Natalia Urcola irakaslea lehendakariorde.
Mateo Bruzzo parkean, Salado ibaiaren ertzeko agertoki natural ederrean ospatutako "Morfi Jaialdia"n parte hartu zuen Gure Etxeak urtarrilaren 25 eta 26an. Udaleko Turismo Zuzendaritza antolatzaile, ekitaldiak musikari ezagunen ikuskizunak bildu zituen, baita peña folkloriko bat ere, dantza herrikoia, eta patio gastronomiko handi bat. Bertan, partaidetza arrakastatsua izan zuen Gure Etxeak. Arrakasta nabaria izan zuten publikoaren aldetik EEko lehendakari Juan Martín Iribarnek eta Emanuel Borthitiri kideak ekoizitako “Bonnement” artisau-garagardoak, txerriki bokatek hainbat saltsarekin eta euskal pastelak.
Jaialdi gehiago eta ikasturte berria hasiko
Joan den asteburuan bertan, Gure Etxeko taldeak lanari ekin zion berriz ere eta bere stand gastronomikoarekin presente egon zen, artista ospetsuen agertokia den "Tango eta Folkloreko Jaialdi Nagusia”ren 32. edizioan. Udaleko Kultura Zuzendaritzak antolatutako ekitaldia hiru gauez luzatu zen, otsailaren 14tik, ostirala, 16ra, igandera, “1 de Agosto” plazan. Jaialdien zikloan partaidetzari amaiera emanez, atzo, otsailaren 17an, Gure Etxeak "Festival Megatropical 2025" jaialdian hartu zuen parte, bertako artistak oholtzan eta Cordobako laukote batekin itxiera bikaina izan zuen hitzordua.
Egun gutxi barru, urteko ohiko bilera eta jarduerei ekingo diete berriro eta, egoitza propiorik ezean, deialdiak “Club de los Abuelos” delakoan izango direla pentsa daiteke, iaz bezala. Euren eskaintzako parte, besteak beste, haurren taldeak, Barbara Perez Arruaren eskutik; euskal dantza eskolei ekingo die berriro; eta Natalia Urcola irakasle, haurrek eta helduek euskara ikasten jarraituko dute.