Rio Cuarto, Argentina. ‘La Cocina del Vasco’ ekimen gastronomikoa Rio Cuartoko Euskal Etxeko lehendakari ohi den Sergio Eguiazuren proiektua da. Iaz jarri zuen martxan eta sukaldaritzarekiko bere zaletasuna eta euskal sustraiekiko maitasuna batzen ditu. Janaria bere etxean prestatu eta bertan saltzen du. Urtebete arrakastatsu eman ondoren eta euskal sukaldaritzak duen izen handia lagun, proiektuak etxeko mugak gainditzeko aukera izan zuen eta, buletin honek bildu zuenez, Rio Cuartoko San Patrizio Jaialdiko partaide bilakatu zen. Orain haratago doa eta helburu berri bat du. Euskal Etxearekin batera euskal taberna irekitzea elkartearen egoitzan.
Eguiazuk berak EuskalKultura.eus-i jakinarazi dionez, “proiektua, bistan da, pandemiak baldintzatuta dator; ikusi behar da nora doan osasun egoera. Momentuz ostegun honetan 'proba pilotua’ egingo dugu Euskal Etxeko bazkideei begira, eta maiatzaren 8an eta 9an komunitate osoari irekitako pintxo salmenta bat antolatuko dugu”.
‘La Cocina del Vasco’ Euskal Etxera mugituko da beraz eta laguntzaile berriak izango ditu Eguizuk EEan, tartean Cristina Oses, Mercedes Echavarri, Isolina Lostalo, Manuel Campoamor, Carlos Garay eta Franco Arzaut. Rio Cuarton bisitan dabilen Mauro Pavan getxoztarrak ere lagunduko du ekintza hauetan, ezohiko pintxo batzuk prestatzen.
Pintxo menuarekin batera Beto Mendizabalek Rio Cuarton bertan ekoizten duen ‘Don Vasko’ garagardo artisaua ere eskainiko dute. Hasteko, maiatzaren 8ko hitzorduan, gaueko 8etan, eta biharamunean, maiatzaren 9an, eguerdian.
Zuzendaritza Batzordea eta Estatutu berriak
Aste honetan hasi da Gure Ametzan Manuel Ignacio Campoamor buru duen Batzorde berria. Hona Zuzendaritza Batzorde berriaren zerrenda:
-Lehendakaria: Manuel Ignacio Campoamor Ascacibar
-Idazkaria: Isolina Estela Guadalupe Lostalo
-Diruzaina: María de las Mercedes Echavarri
-Batzordekideak: Eduardo David Aguirre, Carlos Alberto Garay
-Batzordekide ordezkoa: José María Artolazabal
-Kontu ikuskatzailea:: Sergio Ramón Eguiazu
Aurten Estatutua ere berritu dute cordobatarrek eta bi aldaketa egin dituzte. Alde batetik, murriztu egin dute Zuzendaritza Batzordea –lehen 17 kide zituen, orain 7– eta bestetik ‘bazkide aktibo’ izateko baldintzak aldatu egin dituzte: modu zaharrean gurasoak Euskal Herrikoak behar zuten izan. Orain, berriz, euskal jatorriko abizen bat izatea eskatzen da.