euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zuzendaritza Batzordea berrituz eta egoitza berrian hasiko du ikasturtea Buenos Airesko Euskaltzaleak-ek

2011/03/02

Euskaltzaleak-eko lehendakari berria, Carlos Bordagaray, Maria Arla lehendakariorde berriarekin.
Euskaltzaleak-eko lehendakari berria, Carlos Bordagaray, Maria Arla lehendakariorde berriarekin.

PUBLIZITATEA

Joan den abenduaren 16ko datarekin eta e-mail bat medio, Maria Elena Etcheverry de Irujo Ollok, Eusko Kultur Etxea, Euskaltzaleak eta Ekin Argitaletxearen bilgarri zen euskal egoitzaren itxiera adierazi zien instituzioko kideei eta euskal komunitate osoari. Etcheverryk Irene Lopez de Vicuña enplegatuarekin daraman gatazka legala omen da arrazoia. Hori hala esanda, Buenos Aires hiriko Mexiko kalean funtzionatzen zuen euskal etxeak, hasiera batean, 2010eko abenduaren 5etik 2011ko otsailaren 28 arte baino ez zituen itxi behar ateak. Epea bukatuta eta egoera batere konpondu ez denez, Euskaltzaleak Euskaltegiko batzordekide eta ikasleek 2011ko ikasturteari beste egoitza batetik erantzutea erabaki dute. Honela, klaseak Xeito Novo erakundearen etxean hasiko dira Martxoaren 14an, Independencia etorbidearen 1722. zenbakian.

Buenos Aires, Argentina. “2010eko abenduaren 3an Eusko Kultur Etxea, Euskaltzaleak eta Ekin Argitaletxea erakundeek Maria Elena Etcheverry de Irujo Ollok sinatuta zetorren e-mail bat jaso zuten. Gutun hartan Buenos Airesko Mexico kalean dagoen egoitzak ateak itxiko zituela, abenduaren 5etik otsailaren 28 arte, adierazten zuen etxearen jabea den Etcheverryk. Otsailaren 28a iritsi eta pasatu ondoren, egoitzara oraindik ezin dela sartu baieztatu duenez Etcheverryk, Euskaltzaleak-ek 2011ko ikasturtea leku berri batean, Xeito Novo erakunde galiziarraren egoitzan, hasiko duela jakinarazi nahi diogu euskal komunitateari”, adierazi du Euskaltzaleak-eko Zuzendaritza Batzordeak bere kide eta laguni atzo bidalitako e-mailean.

Mezuan, Buenos Airesko Euskaltegiko arduradunek, "behartuta hartu behar izan duten" erabaki hau ez dela batere erraza izan adierazi dute: “Euskaltzaleak-entzat galera eta kalte handia da egoera hau, azken bost urte hauetan izugarrizko lana egin baitugu Mexico-ko etxea gure etxe bihurtzen. Lan-ordu, diru, mota askotako baliabideak eta izerdia eta ilusio dosi handiak daude horren guztiaren atzean. Baina egungo egoeran, erabakiak hartzeko premia daukagu, eta argi ikusten dugu geure etxe propioa izatea ezinbestekoa dela gure lana, ahaleginak eta ikasleak babesteko. Helburu horrekin lan egingo dugu, ametsa errealitate bihurtuko delakoan”.

“Erraz ikus daiteke Euskaltzaleak-en hazkundea. 67 urte daramatza Argentinako hiriburuan Euskal Herriko hizkuntza eta kultura zabaltzen eta horrela jarraitu nahi dugu. Euskaltegi handia da: 80 bat ikasle ditu, 9 taldetan banatuta, eta goi mailako irakasleak kurtso bakoitzaren aurrean. Klaseak emateaz gain, hitzaldiak eta bestelako ekimenak eskaintzen dizkiogu euskal komunitateari eta oro har komunitate osoari. Aurten, gainera, bi proiektu akademikorekin hasiko gara: euskara eta euskal kulturari buruzko tailerrak emango ditugu Lujan-go Unibertsitatean eta Manuel Belgrano Eskolan”, adierazten dute Euskaltzaleak-etik.  

“Esker oneko hitzak baino ez ditugu Xeito Novo Fundazioarentzat, erakunde galiziarrak paregabeko aukera ematen baitigu gure hizkuntza eta kultura hedatzen jarraitu ahal izateko”, azpimarratu dute Euskaltzaleak-eko arduradunek atzo zabaldu zuten idazkian.

Klaseei buruzko jakingarri gehiago, idatzi hona: euskaltzaleak@yahoo.com.ar.

Testuinguru honetan, 2010eko urte bukaera ez da erraza izan Buenos Airesko euskaltegiko kideentzat eta 2011ari hasiera emateak "inoiz baino indar gehiago izatea" eskatu du. "Egoera larri honetan Euskaltzaleak-eko ikasleen erantzuna paregabea izan da", esan dute Euskaltzaleak-etik. “Izan ere, otsailaren 17an Zuzendaritza Batzordea berritzeko egin zen Biltzar nagusiak partaidetza ugaria izan zuen oso”. Bertaratutako kideek aho batez onartu zuten horrela osatuta geratu den Batzordea:

-Lehendakaria: Carlos Bordagaray
-Lehendakariordea: Mariana Arla

-Idazkaria: Celia Escudero
-Idazkariordea: Liliana Fichter

-Diruzaina: Florencia Ispizua
-Diruzainordea: Andrés Jaunsolo

-Batzordekide titularrak: Teresa de Zavaleta, Izaskun Crespillo, Alicia Arias
-Batzordekide ordezkoak: Javier Inzaurgarat, Marcela Inda, Facundo Andicoechea

-Kontu ikuskatzaile titularra: Carlos Saharrea
-Kontu ikuskatzaile titularra eta Euskara erreferentea: Elsa Usandizaga

LOTURA INTERESGARRIAk

Xeito Novo Fundazioa
www.xeitonovo.org.ar/institucion.php

Buenos Airesko Euskaltzaleak-en facebook-a:
www.facebook.com/euskaltzaleak

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia