Errezitala Liburutegi Nazionalean izan zen eta berrehundik gora lagun bildu zituen. Jendez gainezka zegoen areto batean eta Silvia Iriondo folklorista argentinarra lagun, txalo zaparrada jaso zuten Oreka TX taldea osatzen duten Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariek, Mixel Ducau albokari.
Buenos Aires, Argentina. Oreka TX taldeko Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak, eta Mixel Ducau albokari, gitarrajole eta saxofonistak Argentinan aurkeztu ziren atzo, abenduaren 14an, lehen aldiz. Kontzertua, Liburutegi Nazionaleko Jorge Luis Borges aretoan izan zen eta berrehundik gora lagun bildu zituen, tartean Argentinako musikariak eta Buenos Aires hiriburuko eta probintziako hainbat euskal etxetako ordezkariak.
Ordu eta erdian zehar, Atlantikoaren alde honetan oso gutxitan ikus daitekeen ikuskizun bat eskaini zuten. Eta Indian hasitako ibilbide batean, “Nomadak TX” dokumentalaren irudiak proiektatzen ziren bitartean, publikoa munduko zenbait bazterretara eraman zuten, tokian tokiko erritmoak jotzen txalaparta eta albokarekin. Bidaia, nola ez, Hego Amerikan bukatu zen eta errezitalari amaiera emateko, Silvia Iriondo ere igo zen tauletara iparralde argentinarreko bertako abesti tipikoak kantatzera. Ikusi bideoa, hemen.
Emanaldiaren baitan, oso hunkituta agertu ziren musikariak Argentinako publikoaren aldetik izandako harreragatik eta esker bizia eman zizkieten Silvia Iriondori eta baita bisitatu zituzten euskal etxeetako lagunei ere. Gogora dezagun bidaia honen ideia Bilbon sortu zela Oreka Tx taldeko musikariek eta abeslari argentinarrak izandako elkarretaratze batean.
Kontzertua emateaz gain, txalaparta tailer batzuk ere eskaini zituzten Martinez-ek eta Ugartek euskal etxeetan (Euskaltzaleak-en, La Platako Euzko Etxea-n eta Necocheako Euzko Etxea-n), baita Taberna Internacionalista Vasca delako gunean eta Siete Octavos izeneko perkusio eskolan ere.