Buenos Airesko Lekeitio jatetxean joko du otsailaren 26an, astelehena, Zutarriak laukote euskal argentinarrak
Buenos Aireseko ‘Lekeitio Bodegón Vasco’ jatetxean joko du Zutarriak-ek otsailaren 26an, ikuskizun “akustiko eta intimo” batean. Emanaldi horrekin 2018ko errezitalen egitaraua irekita, taldea bere lehenengo lan diskografikoan arituko da lanean, udaberri aldera (Hego Ameriketan, neguan Euskal Herrian) kaleratzeko asmoz. Laukoteak gauzatu nahiko lukeen beste proiektuetako bat, Argentinako Euskal Aste Nazional batean jotzea da, euskal etxe guztiengana eta ahalik eta jende gehiagorengan iritsi ahal izateko
Buenos Aires, Argentina. Buenos Airesko Lekeitio tabernak euskal menu tipikoa eskaintzen du hiriburuko Chacarita auzoan (Santos Dumont 4056, CABA). Menua osatzeko, euskal musika tradizionala ere eskaini ohi du, astelehenez, Argentinako musikarien eskutik. Otsailaren 26an, 21etan, Zutarriak taldearen txanda izango da beste ebhin eta kontzertua “zuzenean, giro intimoan eta erabat akustikoa” izango dela jakinarazi dio EuskalKultura.com-i laukoteko liderra den Ignacio Esquirozek.
Urtean zehar emango dituzten kontzertuez gain, euren lehenengo CDa grabatzea da seguruenik taldeak esku artean daukan beste proiektu esanguratsuena. Zutarriak osatzen duten Esquiroz, Francisco Gandara (dunbala), Anabel Jaureguiberry (perkusioa) eta Nicolas Iribarren (gitarra) euren lehenengo diskoa hasiko dira grabatzen 2018 honetan. Grabaketa Panacea Studio-n egingo dute eta musikariek dagoeneko azaldu digute “euskal kantutegiko klasiko batzuk" egingo dituztela "baina gure estiloari eutsiz euskal diasporaren marka eta eragina tarteko”. Musiko gonbidatuek ere hartuko dute parte eta asmoa da Hego Amerikako udaberrian (Euskal Herriko neguan) kaleratzea.
2017ari gainbegirada
Urte oparoa izan da 2017a musikari euskal argentinarrentzat. Ekitaldi askotan hartu dute parte, tartean ‘Buenos Aires Celebra al País Vasco’ jaialdian; Euskaltzaleak-ek antolatutako Euskal Musika Jaialdian; Argentinar Nazioko Kongresuko Liburutegiaren Euskal Kultur Jardunaldietan; eta, lehen aldiz eta bertako Euzko Etxeari esker, La Platako Gizataldeen Festan. Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurrenean eta Laurak Bat Euskal Etxearen 140. urteurrenaren baitan ere ikus-entzunezko proiektu bat ere aurkeztu zuten, Majo Staffolani de Amorizaren zuzendaritzapean eta La Platako Unibertsitateko Arte eta Kultura Idazkaritza babesle. Ikus bideoa, hemen.
2017aren balantze bikaina egin dute Zutarriak-eko kideek eta prest daude erronka berriei aurre egiteko. “Entseguz entsegu taldea sendotzen ari da bere nortasuna eta musika arloko proposamena. Proiektuaren zuzendari eta produktore izanik nire esker beroak luzatu nahi dizkiet Franciscori, Anabeli eta Nicolasi Zutarriak-i ematen diotenagatik. Geroari begira gure asmo handienetako bat, Euskal Aste Nazional batean jotzea da, gure pasioa euskal etxe guztiekin konpartitu ahal izateko”, adierazi digu Esquirozek.
Zutarriak sare sozialetan:
INSTAGRAM: https://www.instagram.com/zutarriak/
FACEBOOK: https://www.facebook.com/zutarriak/
WEB: https://zutarriak.wixsite.com/zutarriak
YOUTUBE: https://www.youtube.com/watch?v=yTlkMUXQhq8
SOUNDCLOUD: https://soundcloud.com/zutarriak-folk
MAIL: zutarriak@gmail.com