Cañuelas, Argentina. Euskal Herrian, datorren igandean, Bazko Igandean ospatuko da ofizialki Aberri Eguna, baina Diasporan, egutegi kontuak direla eta, Cañuelaskoek astebete aurreratu behar izan zuten Aberri Eguneko euren urteroko ospakizuna eta jaialdia martxoaren 24 eta 25ean egin dute aurten.
Larunbat arratsaldeko dantza erakustaldia herriko plaza nagusian egin zen eta kalejiran joan ziren hurbiltzen Euskal Etxearen egoitzatik dantzari eta musikari partaideak. Oholtza gaineko ikuskizuna 6ak pasata hasi zen Eduardo Olivettok zuzendutako danborradarekin. Donostiako soinu ezagunenek bidea eman zioten ondoko dantza erakusketari. Etxe antolatzaileko dantzariek ireki zuten dantza erakustaldia Aurreskuarekin eta honako dantza hauek taularatu zituzten hurrenez hurren anfitrioiek eta gonbidatuek (taldea + dantza): Cañuelasko Txikiek, Txulalai; Cañuelasko Ertainek, Aulki Dantza; Lomas de Zamorako Denak Bat-ek, Arku Dantza; Jose C. Pazeko Toki Eder-ek, Imotz; Saladilloko Itxaropenak, Polka; Cañuelasko Denak Bat-eko Neskek, Katramila; Chivilcoyko Beti Aurrerak, Txinparta; Chacabucoko Guillermo Larreguik, Sorgin Dantza; Cañuelasko Helduek, Arku Dantza; Maipuko Anaitasunak, Bok Espok; La Platako Euzko Etxeak, Plazara; Cañuelasko Gazteek, Fandango eta Arin Arin; talde guztiek, Fandango eta Arin Arin.
Larunbat iluntzea erromeri-momentua izan zen. Euskal giroa bermatzeko Zutarriak ailegatu zen Buenos Aires hiritik, aukera ederra bateko eta besteko dantzari gazteek euskal musika tresnak eta abesti tradizionalak entzun zitzaten. Segidan, eta larunbat gauari dagokion 'patxanga' giroan zenbait urrats emateko, Denak Bat-eko antolatzaileek Daniel ‘Jopo’ Galfredo hirukotea gonbidatzen zuten, urtero egin ohi duten legez.
Azken agur bazkaria ere Nekazaritza Elkartean, Sociedad Rural-en, egin zen. Igande eguerdia bertako abesbatzaren txanda izan zen eta euskal kantutegiko doinu eta aireak eskaintzeaz gain abesbatzak oroigarri bat eman zion bere kide Chola Ricci-ri, entsegu guztietara zintzo demonio doan eta jarrera zinez atxikia duen taldeko partaide fin-fina izateagatik. Denak Bat-eko lehendakari Veronica Zulaicak, bere aldetik, eskerrak luzatu zizkien Cañuelasera bidaiatutako dantzari eta laguntzaile guztiei eta datorren urteko Dantzarien Topaketara biltzeko gonbitea luzatu zien. Bere hitzetan, joan den astean zendu zen Pedro Menta Euskal Etxeko kidea ere gogoratu zuen Cañuelasko Euskal Etxeko presidenteak.
Urtero bezala, antolatzaileek oroigarri bana eskuratu zieten ordezkaritzei abiatu aurretik. Aurtengoan, Aberri Eguneko egutegia izan da. Egutegiak aurreko Topaketen argazkiak dakartza eta Aberri Egunekoa denez, 2018ko martxoan hasten da eta 2019ko otsaila du azken hilabetea.
Anfitrioien Fandango eta Arin Arinaren bideoa, hemen