Donostia-San Sebastian. "Bizkaitarren emigrazioa Ameriketako Estatu Batuetara XX. mendean ikuspegi etnologiko batetik" izeneko lan proiektuak, Zuriñe Goitia antropologoak eta Asier Barandiaran filologoak aurkezturik, bereganatu du Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak ematen duen beka bere 2021ko edizioan, Fundazioak berak gaur goizean jakinarazi duenez. Bekaren zuzkidura hamar mila eurokoa da eta irabazleek urtebeteko epea daukate lana osatzeko.
Honela eratzuten dute bekaren irabazleek euren proposamenaz galdetutakoan.
"Gure proiektuaren helburua XX. mendean zehar Bizkaitik Ameriketako Estatu Batuetara egindako emigrazioa ikertzea da. Bizkaia osoko emigrazioa errepresentatzeko lagin bat aukeratu nahi dugu, emigrazio hori berori aztertzeko. Istorio indibidualek asko dute komunean baina, era berean, bakoitzak bere idiosinkrazia du, horregatik, gure asmoa beka honen bidez gaia modu kualitatiboan ikertzea da. Gainera, denbora kontua da testigantzak jasotzeko ezintasuna aurki izatea, migratzaileak izandakoak (batzuk AEBetan bizi dira eta beste batzuk itzuliak) adinean sartuta baitaude. Beraz, lan honen beharrezkotasunak bultzatu gaitu elkarrekin gaiari sustapen garrantzitsu bat ematera".
Zer berrikuntza ekarriko diozue gaiari?
Guk gaia ikuspuntu etnologikotik aztertuko dugu, eta hori da egingo dugun ekarpen nagusia. Jose Miguel Barandiaranen ikerketa metodologia aplikatuko dugu, horrela lehenengo pertsonan jasotako elkarrizketak izango dira ikerketaren sostengu nagusiak eta bizkaitar emigranteen aniztasunean oinarrituko gara lagin esanguratsua lortzeko. Gainera, emakumeei atal berezia eskaini nahi diegu, euren ahotsa eta testigantzak espresuki jasoz. Bestetik, emigrazio horren eraginez bai migratzaileen jatorriko gizartean eta baita helburuko gizartean gertatu ziren kultura aldaketa eta berrikuntzetan jarriko dugu arreta berezia, hala nola, ohitura, hizkuntza, mundu ikuskera eta ideia aldaketetan.
Eta lan metodologiaz, kontuan hartuz Covid 19ak eragina izango duela oraindik e2021ean?
Informazio iturri nagusia elkarrizketatuak eurak izango badira ere, dokumentazio zentro, artxibategi eta bestelako informazio-guneak bisitatuko ditugu material gehigarria lortzeko. Ikerketa bi eremutan banatu dugu, batetik Bizkaian eta, bestetik, Ameriketako Estatu Batuetan. Gure asmoa uda partean Ameriketara bidaiatzea da, bertako agiritegietan arakatu eta elkarrizketak aurrez-aurre egiteko, baina bizi dugun pandemiak sortutako ondorioak zorrotzak izaten jarraituko balute, bigarren fase hori modu telematikoan gauzatzea da gure asmoa, horretarako baditugu kontaktuak eta lagundu ahal diguten pertsonak eta baliabideak.