euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zure abizenaren jatorria den baserria aurkitu nahi? "Gure abi izenak"-en Bizkaia eta Gipuzkoakoak dituzu

2014/07/01

Iñigo Rementeria genealogia adituaren "Gure Abi Izenak" liburuaren azala
Iñigo Rementeria genealogia adituaren "Gure Abi Izenak" liburuaren azala

PUBLIZITATEA

Iñigo Rementeria genealogian adituak orduak eta orduak eman ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako artxiboetan, pasio eta denborapasa bihurtu zaizkion ikerketan murgilduta: hainbat abizenen jatorri izan ziren baserriak aurkitzen eta zerrendaratzen. "Gure Abi Izenak" liburuan ia 10.000 abizenen jatorrizko etxeak bildu eta argitaratu zituen, eta orain Antzinako genealogia elkartearen eta EuskalKultura.com-en bitartez eskuragarri jarri du lan hori, doan kontsultatu eta deskargatu daitekeen PDF bat medio. Eskerrik asko, Iñigo!

Ereño, Bizkaia. Oikonimoak edo etxeen izenak, horiek dira Iñigo Rementeria gernikarraren ikerketaren oinarria. Izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako abizen gehienek etxearen izena hartzen dute. "Trentoko konzilioan (1545-1563) erabaki askoren artean, bataio, ezkontza eta heriotzeen liburuak idaztea erabaki zan. Bertan gurasoen izenak eta abizenak ipiñiz. Baña zer ziren abizenak? Sasoi horretan ez egoan papelik, NANik, pasaporterik", dio Iñigok.

Zer egin orduan? Horrela imaginatzen du egoera Rementeriak: "Pentsau, umie jaio eta segiduen aitxe umie hartunda abadearengana doa.

-Abadeak diñotso: umien izena, zure izena, amaren izena, zure abizena eta amaren abizena.

-Aitxek diño: zer da abizena?

-Abadeak: Nongoa zara?

-Aitxek: Belaustegi baserrikoa.

-Abadeak: Juan de Belaustegi.

Eta idatzita dagozenetik gaur egunerarte, abizenak heredau egin dira, nahiz eta salbuespen batzuk egon", dio.

Baserriak abizena sortu

Orain 25 urte Rementeria bere familiaren zuhaitz genealogikoa osatzen hasi zen eta hiru urtetako oporretako goizak Derioko Eleiz Barrutiko Artxiboan eman zituen, ikertzen. "XIX eta XVIII. mendeetako bataio partidak nahiko ondo irakurtzen dira, baña XVII eta XVI.koak ez edo abizen ezezagunak ziren. Bertan artxiboan liburu bat egoan: "Casas solariegas  de Bizkaia", Jaime de Kerexetarena, baserrien bilduma bat. Liburu hori esker jabetu zen oikonimoen garrantziaz. 

"Adibidez, Foruko bataio liburu bategaz nabillela abizen bat txarto irakurtzen zan, Tomelburu, Torrelburu, Tonelburu, batek ekien. Kerexetaren liburua hartun eta bertan agertzen da: Tonelburu (baserria), Forua (herria). Orduntxe konexioagaz konturatu nintzen: abizen-baserria, baserri-abizena. Zeinek sortzen dau zein? Baserriak abizena sortzen dau", dio Iñigok.

Ereñotik hasi

Rementeria Ereñon, Bizkaian, bizi da, emaztea bertakoa duelako. Herri txiki honetan hasi zuen oikonimoen ikerketa. "Argi eta garbi ikusi neban zeintzu ziren gure abizenak: gure antzineko baserrien izenak. Non ikusten ziren? Herri bakoitzeko artxiboko libururik zaharrenetan. Hori herri bategaz egitea (Ereño adibidez), posiblea zan. Derion bertan ordu asko sartunda eta bistie galduta. Baña Bizkai osoa egiteko 50 bizitza behar izango neukezan. Eziñezkoa zan".

Zorionez, 2005. urtean Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Eleiz Barrutiko Artxiboek bataio, ezkontza eta heriotza partidak digitalizatu eta interneten eskuragarri jarri zituzten. Egun, edonork kontsulta ditzake Dokuklik webgunean. Horri esker Rementeriak apurka-apurka Bizkaia osoko datuak bildu zituen. Eta gero Gipuzkoakoak. 

PDF, hemen

Lan hori burututa, liburu batean bildu eta argitaratu zuen Rementeriak. Liburu hori eskuragarri dago PDF formatoan Antzinako genealogia elkartearen webgunearen bitartez, eta orain, baita EuskalKultura.com-en ere. Euskarazko eta gaztelaniazko bertsio elebiduna da.

PDF-a kontsultatzeko, jo hona: "Gure abi izenak", Iñigo Rementeria.

"Ez dot iñoiz aitu, asunto hau, Eusko Jaurlaritzak, Diputaziñoak zelan ez daben egiten. Baserri abandonata gero eta gehiago dagoz. Galtzen dagoz. Gure kulturaren zati bat, gure izenagaz batera doanagaz, abizena", amaitu du.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia