euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zumalakarregi Museoaren (ZM) webgunea saritu dute Bartzelonako 'Expodidáctica 2008' Azoka espezialduan

2008/04/15

Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoa
Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoa

PUBLIZITATEA

Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Zumalakarregi Museoak (ZM) 'Innova' saria jaso berri du Bartzelonako Expodidáctica 2008 Azokan, 'ZM birtuala' izeneko bere webguneak eskaintzen dituen 'balio didaktiko, berritzaile eta sortzaileengatik'. Honako atalak biltzen ditu webguneak: XIX. mendeko albuma, hileroko bildumagarriak, erakusketa birtualak, dokumentazio zentroa eta gazteei zuzendutako jokoak. 'Zerbitzu onenari saria' alorrean lortutako goraipatze hau, Bartzelonako Museu d’història de la immigració de Catalunya-ren lehen sariaren eta Madrileko Thyssen-Bornemisza Museo prestigiotsuaren bigarrenaren ondotik lortu du Ormaiztegikoak.
'Egiten ari garen lanaren aitorpena da saria', baieztatzen du Zumalakarregi Museoko komunikazio arduradun Kizkitza Ugarteburuk museoak lortutako 'Innova' sariaz. Zenbait atal edo proposamen biltzen ditu 'ZM birtuala'k, lehenengoa XIX. mendeko albuma, Euskal Herriari buruzko 3.200 iruditik gora biltzen dituen webgunea.

'Hileroko bildumagarriak'-ek, berriz, faszikulu digital euskarrian egindako hilabetekari bat eskaintzen du, iragana modu berriztatzaile eta erakargarriz aurkezteko erronkari eutsiz; XIX. mendeko gertaerak, pasadizoak, gizakien bizitzetako gorabeherak, zientziaren garapena eta makina bat begirada gehiago eskaintzen ditu. Hilabetean behin doan bidaltzen da posta elektronikoz. Hauek dira orain artean argitaratutako hilabetekarien izenburuetako batzuk: 'Ezetz asmatu!', 'Wilhem von Humboldt: 181 Bidaia euskaldunen herrira', 'XIX. mendea hamarkadetan' eta 'X. mendeko jendea'. Ekimen honekin berealdiko arrakasta lortu dutela azaltzen du Ugarteburuk.

Erakusketa birtualak eta online jokoak

Erakusketa birtualak izeneko atalak XIX. mendeko gizartea aztertu eta ikusteko modu ezberdinei buruzko hausnarketa egiten saiatzen da, literatura, zientzia eta gizartea bera gaitzat hartuz. Esan, bestalde, Zumalakarregi Museoak Baionako Museoarekin batera 'Mugako nire lagunei. Ipar Euskal Herria Karlistadetan. 1833-1876' erakusketa proiektuari ekin diola.

'Dokumentazio zentroa' atalean orain artean eskainitako erakusketen katalogoak pdf formatuan lortzeko aukera eskaintzen da, izenetako batzuk aipatzearren 'XIX mendea karikaturetan. Umorea, distortsioa eta kritika soziala' edo 'Azterketa Historikoa VII. Miguel Antonio Zumalacárregui. (1773-1846) Legegizon eta Politikari Liberalaren biografia', besteak beste. E-jokoak deritzon azkeneko atalean Museoak gazteei zuzendutako hiru joku eskaintzen ditu: 'XIX. mendeko tribiala', 'Baina zer da hau?' eta 'XIX. mendean bizi!'.

Ikastetxeetako ikasleak etengabeko bisitari

Zumalakarregi Museoak 20. urteurrena ospatuko du datorren urtean. Denbora tarte honetan lortutako balantzea 'oso ona' dela aipatzen dute antolakuntzatik. 'Badakigu kulturak bere zailtasunak izan ditzakeela, baina gure publikorik fidelena ikastetxeak izan dira eta hori halaxe mantendu da urteotan zehar', azpimarratzen du Ugarteburuk.

Gauzak horrela, eta dokumentazio zentroa 'txikia' geratu dela ikustean, datorren astean museoa handitzeko obrak hasiko dituzte. 'Bigarren Gerrate Karlistako tresnak erosi ditugu eta erakusketa iraunkorra handitzeko beharrezkoak dira obrak', dio museoko komunikazio arduradunak. Berrikuntza abuzturako amaitzea espero dute.

'Aisialdiaren aurkikuntza'

Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak gogor eusten diola kalitatearekin erronkari, azpimarratzen dute bertako arduradunek. Horrekin batera, 'Euskal Herritik kanpo eta pertsona partikularrei ere zabaldu nahi diegu gure eskaintza. Erakunde gehiagoren laguntza lortzen ahalegintzen ari gara', aipatzen du Kizkitza Ugarteburuk.

Azarotik urtarrilera bitartean 'Aisialdiaren aurkikuntza' erakusketa eskainiko du erakustoki ormaiztegiarrak, kasu honetan Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian. Ekimenak XIX. mendean Euskal Herrian eta bertatik kanpo sortu ziren galeriak, komertzio guneak, antzokiak eta erakusketa unibertsalei lotutako gaiak jorratuko ditu.


Lotura interesgarriak

Zumalakarregi Museoa
www.gipuzkoakultura.net webgunean

'Expodidáctica 2008' Azokako webgunea
www.expodidactica.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia