euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Zumaia", euskal diseinua 'Made in Argentina', bi dantzari gazteren emaitza den Diasporako moda eta sorlan ekimena

2017/02/20

‘Zumaia’ markako bi diseinu
‘Zumaia’ markako bi diseinu

PUBLIZITATEA

Florencia Aristegui eta Ayalen Artuch dute izena eta "Zumaia" bataiatu dute Buenos Aires probintzia hegoaldean sortu duten diseinu eta moda osagai ekimena. Gazte bezain ekimentsu dira eta euskal kultura eta eskulanak dituzte gustuko. Bi zaletasun horiek uztatuz abiatu dute "Zumaia", lepokoak, eskumuturrekoak, idunekoak eta orkatilakoak aurkeztuz, asko euskarazko izenekin gainera. Tres Arroyosen dauzkate salgai, baina beste edonondik heltzen bazaizkie eskaerak zerbitzatuko dituztela baieztatu digute.

Tres Arroyos, Argentina. “Moda osagarrien marka bat osatzeko ideia tupustean sortu zen, oharkabean ia”, adierazi dute Florencia Aristeguik eta Ayelen Artuchek solasean EuskalKultura.com-ekin. “Egunak pasatzen genituen eskulanak egiten, gehienetan guk geuk janzteko eta gure lanaz ohartuta senide eta lagunek animatu gintuzten beste urrats bat ematera eta saltzeko produktuak egiten hasi ginen”.

Diseinu berriak prestatuta eta inguruaren sostengua lagun, ekimenak izena behar zuen. “Aukeratzea ez zen erraza izan. Izen euskalduna nahi genuen baina argi geneukan zerbait originala behar zuela izan. Euskal emakume-izen zerrendak kontsultatu genituen, eta euskarazko beste hitz batzuk ere, eta azkenean "Zumaia"rekin egin genuen topo. Hitzaren soinua gustatu zitzaigun eta herriaren paisaia eta irudi ederrak ere gogoan, hautatu genuen”, azaldu digute bi gazteek.

Proiektuak euskal izena izatea, ordea, haratago doa eta gehiago adierazten du. Izan ere, Ayelenek eta Florenciak Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxean ezagutu zuten elkar, bertan umetan dantzan hasi zirenean. Gaur egun euskal lotura horrek segitzen du eta partaidetza handia jarraitzen dute izaten biek euskal kontuetan: dantzatzen jarraitzen dute, euskara ikasten ere eta harreman estua daukate Euskal Herriko lagun eta ahaideekin.

Eskulanak egiteko mota askotako materialak erabiltzen dituzte osagarriak egiterakoan, tartean haria, zintak eta kateak, eta baita harriak, maskorrak eta txanponak ere. “Diseinu batzuk euskal izenez izendatu ditugu, euskaraz, hala nola ‘Bihotza’ (sic) deitu dugun eskumuturrekoa, ‘Haizea’ orkatilakoa edo ‘Izaba’ idunekoa, azken hau Euskal Herriko gure familia Nafarroako herri horretan bizi delako”, jakinarazi digu Ayelenek.

"Zumaia" Osagarriak salgai daude eta eskaerak Zumaiaaccesorios Instagram kontuan egin daitezke. “Momentu honetan Tres Arroyosen, Buenos Airesen eta La Platan banatu izan ditugu eskaerak baina beste lekuren batetik idazten badigute jakina moldatuko garela gauzak bidali ahal izateko”, ziurtatu dute.

Hilabete eskas baino ez da geratzen ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdirako eta kolektibitateko lagun askok izango dute stand bat Mayo Etorbidean euren produktuak erakutsi eta saltzeko. Euren kasua hori izango al den galdetu eta ezetz esan digute, “aurten behintzat ez". "Zaila izango litzateke, biok dantzari gisa joango garelako eta gure euskal etxeen lagunekin arituko garelako egun osoan lanean”, adierazi digute. Zalantzarik ez datorren urteari begira euren bateko eta besteko proiektuak aldiberekotzen ikasi beharko dutela, dantzari zein diseinatzaile eta sortzaile bezala ere egiten dituzten ekarria garrantzitsuak baitzaizkio euskal komunitateari.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia