Montreal, Quebec. Montrealeko ‘Centre des Musiciens du Monde’ erakundeak antolatutako udako ‘Musika zuhaitz azpian’ zikloan hartu du parte Zukan euskal hirukoteak Quebec-era egin duen bigarren bidaian. Emanaldia uztailaren 2an izan zen, Centre des Musiciens du Monde-ren aurrean dagoen Lahaie Parkean, eta jende asko bildu zuen, tartean Euskaldunak Quebec euskal etxeko lagunak. Kontzertua, Zukanek hirian egonaldi artistiko bat, Girard Charest txelista, musikagile eta inprobisatzailearekin, burutu ondoren gauzatu da.
Maria Zubimendi zumaiarrak (akordeoia), Gorka Catediano mirandatarrak (perkusioa) eta Jon Ansorena hernaniarrak (txistua) osatutako taldea da Zukan Hirukotea, musika garaikdea jo ohi duena, baina hala eskaturik errepertorio berezia prestatu zuten saio honetarako, euskal dantza tradizional eta herrikoietan oinarrituta. Beste batzuen artean, fandangoak, arin arinak, biribilketak, eta pasodobleak jo zituzten eta publiko artean zeuden euskal dantzariek bat egin zuten eurekin, dantzak ere ikuskizunaren parte bihurtuz.
Euskal dantzariak eta publikoaren parte bat dantzan eta kalejiran Zukanen saioan Montrealen (argazkia Juanma Lobaton)
“Centre des Musiciens du Monde, munduko herrialde eta kultura diferenteetako musikak programatzen dituen erakunde bat da”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Zukaneko Maria Zubimendik. “Kultura horietako bakoitzaren tradizioan oinarritutako musika tresnentzat idatzitako musika jotzen duten musikariak gonbidatzen ditu, eta horregatik eman ziguten aukera. Izan ere, guk normalean musika garaikidea lantzen dugu, baina txistua, danbolina eta atabala dauzkagunez, Euskaldunak-ek eta antolatzaileek hala proposatuta, kontzertu berezi hau prestatu genuen”, diosku.
Euskaldunak Quebec-ekin
Zukan Hirukoteak 2021ean bisitatu zuen lehen aldiz Montreal, kultur trukea egiteko bertako ‘Quasar Saxophone Quartet’ taldearekin. Urte hartan eta Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin bi kontzertu eman zituzten bi taldeek elkarrekin, bata Montrealen eta bestea Gasteizen. Montrealeko musikariekin egindako lanaz aparte, Zukaneko kideek aukera izan zuten bertako euskal etxeko lagunak kontaktatu eta haiekin harremantzeko, denboran jarraitu eta orain errepikatu den harreman emankorrean.
“Aurten ere egonaldi artistiko batek ekarri gaitu Montrealera, orain Emilie Girard-Charest biolontxelo-jotzailerekin. Baina Montrealera etorri behar genuela-eta, eta egonaldia behar bezala aprobetxatu nahirik berriro jarri ginen kontaktuan Euskal Etxearekin. Eta haien bitartez antolatu ahal izan da Centre des Musiciens du Monde-ko kontzertua”, esan digu Zubimendik, pozik emaitzekin, eta 2025ean beste bisita bat egon daitekeela baztertu gabe, agian Euskaldunak-ekin berriz ere lankide izateko aukera berri batekin.
- Zukan Instagramen, triozukan