euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Zuhaitz genealogikoa egiterakoan ikasleek euren familian ere emigrazioa egon dela ikusten dute"

2010/10/06

Benan Oregi, AEMIren mintegiko antolakuntza batzordeko kidea (argazkia EuskalKultura.com)
Benan Oregi, AEMIren mintegiko antolakuntza batzordeko kidea (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Bilbon egin den Europako Migrazioen Elkartearen mintegian jorratutako beste gai interesgarri bat migrazio ikerketak hezkuntza kurrikulumean sartzea sustatzea izan da. Eredu praktikoak ikusi zituzten mintegian: "Norvegian ikasleek euren zuhaitz genealogikoa egiten dute eta horrela gehienek euren familian ere emigrazioa egon zela ikusten dute", azaltzen du Benan Oregik, mintegiko antolakuntza taldeko kideak. "Baloreak sustatzen dituen ariketa praktikoa da eta gaur egungo immigrazioa beste era batera ikusten laguntzen die".

Bilbao, Bizkaia. Migrazio ikasketak hezkuntza kurrikulumaren parte izatea da gai hau aztertzen duten adituen erronka nagusietako bat eta horrela izanik, Bilboko mintegian ere luze eta zabal jorratu zuten gaia. Topaketan, adibidez, Norvegiako kasua aztertu zuten. Han hasi eta munduko beste herrialde batzuetara zabaldu den Youth and Migration programaren bidez eskoletan emigrazioaren fenomeno historikoa aztertu egiten da, eta aldi berean gaur egungo immigrazioa ere lantzen da, mintegiko antolakuntzako kide Benan Oregik EuskalKultura.com-i azaldu dionez.

"Ikasleek nork bere zuhaitz genealogikoa egiten dute eta ondoren familiako kide bakoitza mapan dagokion lekuan kokatzen dute. Horrela, gehienek euren familian ere Norvegiatik joan egin behar izan zuten senitartekoak aurkitzen dituzte eta horrek egun bertara heltzen diren immigranteak beste era batean ikusteko aukera ematen die", azaltzen du Oregik. Esperientzia honek tolerantzia bezalako baloreak eta besteekiko errespetua sustatzen ditu, ikasle bakoitzaren bizitzarekin zuzenean lotura duen ariketa praktiko baten bidez. 

"Programa honen barruan egiten den beste jarduera bat Norvegiako emigranteek idatziriko gutunak gaur egungo immigranteek idazten dituztenekin alderatzea da. Horrela, Norvegiatik Ameriketara joan zen aitonak familiari bidali zizkion gutunak, adibidez, gaur egun Europan dagoen immigrante batek Afrikako familiari idazten dizkionaren antzekoak direla ikusten dute, antzeko kezkak eta beldurrak dituztela, alegia", aipatzen du Oregik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia