Irun, Gipuzkoa. Joan den ekainean Tandem77 taldeak —Sabrina Díaz Potenza artista eta komisarioak eta Julieta Gaztañaga antropologoak osatutzen dute— aurrera daraman arte-ikerketa lanaren aurrerapenak aurkeztu zituen Irun eta Hendaia lotzen dituen 'Santiago Nazioarteko Zubia'n. Irungo Udalak iaz emandako Ribera Bekaren fruitu, Argentinako bi sortzaileek ekintza artistiko eta performatiko bat sustatu zuten, Bidasoa ibaiaren mugari eta inguruari buruzko gogoeta sortzailea egiteko.
Goizeko 10:30etatik 13:30ak bitartean, "kale-marka irangankorrak eta objetu-instalazio bat" jarri zituzten zubiaren ondoan, "hausnarketa/errefrakzioa erlazioan ardatz performatikoa jarrita". Proposamena gauzatzeko eta inguruko instalazioari bizia emateko, bertakoek erabili ohi dituzten hiru hizkuntzetan adierazitako lelo batera jo zuten: “Un puente es una persona cruzando un puente/ Zubi bat, zubia zeharkatzen ari den pertsona bat da/ Un pont est une personne traversant un pont”.
Interbentzio artistikoa ekainaren 18an egin zen Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian
Sortzaileek Euskalkultura.eus-i azaldu diotenez, honakoa emaitza partzialen aurkezpena eta sormen-prozesuaren erregistroa izan da, ikerketa zabalago baten parte. Izan ere, ikerketa horretan inplikatuta daude biak urte honen hasieratik, eta pertsona askoren laguntza izan dute, "bereziki Bidasoa eremu honetan bizi diren emakumeena, eta emakume migratzaileena bereziki". Euren esanetan, "interbentzio artistikoak aurreiritziak galdera bihurtzeko asmoa dauka, ikuspegiak deslokalizatzeko esperientzia bat sortu nahian". Bi egileak gustura sentitu dira esperientziarekin, eta aurtengo irailean Ribera Jaialdiaren baitan aurkeztuko dute Tándem 77 proiektuaren azken lana.