euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Zortzi" ikuskizunak euskal inauteriak eramango ditu Quebec-era martxoaren 7an, Euskaldunak elkartea partaide

2013/02/22

"Zortzi" ikuskizunaren afixa
"Zortzi" ikuskizunaren afixa

PUBLIZITATEA

Christophe Pavia artista hendaiarrak eta Adelaide Daraspe urruñarrak sortua da "Zortzi" ikuskizuna, eta datorren martxoaren 7an aurkeztuko da lehen aldiz Montrealen, Quebec-en. Aurkezpena bertan egitearen arrazoia zera da, Daraspe, Euskaldunak elkarte quebectarreko presidentea dela eta euskal etxea ere ikuskizunaren sorkuntza prozesuan eta aurkezpenean partaide dela. "Zortzi"k euskal inauterien irakurketa artistikoa proposatzen du, Paviak joaldunen kapeletan oinarritutako piezak eta orrazkerak aurkeztuko dituelarik. Ondoren, Daraspek aratusteei buruzko solasaldia eskainiko du. Montrealeko Rialto antzokian aurkeztuko da ikuskizuna.

Hendaia, Lapurdi. Christophe Pavia artista hendaiarrak bilua/ilea apaintzea bihurtu ditu bere artearen ardatz, performance artistiko mota berri bat proposatuz: zazpi minututan, zuzenean jaialdietan egiten dituen orrazkera artistikoak. Lehengo lepotik buru berria sortzea, nolabait esatearren, da bere asmoa. Paviak Europako jaialdi askotan erakutsi du bere artea, sarri publikoko norbait hartu eta unean bertan orrazkera berriak sortuz.

Iaz Adelaide Daraspe urruñarra Paviarekin lankidetzan hasi zen, haren orrazkeren eta inauterietako joaldunen txapelen arteko fusio artistiko bat eginez. Lan horren emaitza da "Zortzi": bi egileek sorturiko zazpi kapel, bakoitza euskal herri eta herrialde bateko joaldun talde baren omenez (Donapaleu, Hazparne, Txantrea...). Zortzigarren kapela Donapaleuko Kilimon joaldun taldeko Bernadette Leizagoienek egina da, bere taldearen benetako kapelaren ereduarekin. 

Zortzi probintzia, zortzi kapel

Quebec-eko ikuskizunean zortzi txapel hauek (bat Euskal Herriko herrialde bakoitzeko, Diaspora zortzigarrena izaki) izango dira ikusgai, Paviak sorturiko lau orrazkerarekin batera. Kapelak eta orrazkerak desfilean erakutsiko dituzten modeloak Euskaldunak elkarteko kideak izango dira.

Eurekin batera, Manolo Alcayaga joaldun hendaiarrak ere parte hartuko du aurkezpenean. Emankizuna Euskal Herriko inauteriei buruzko ikusentzunezko batekin osatuko da. Ikuskizunaren ostean Adelaide Daraspek Aratusteei buruzko solasaldia eskainiko du.

Ekimenak Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearen sostengua du.

Rialto, Montrealeko antzoki nagusienetako bat da. Antzokiko webgunean ikuskizunari buruzko informazio gehiago (eta sarrerak salgai), hemen.

Christophe Paviaren webgunea, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia