euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zorionak zuri kantatu diote Bordeleko Euskal Etxeari Eusko Jaurlaritzak eta Pariseko Euskal Etxeak

2017/06/13

Opariak Bordeleko Euskal Etxeari bere 70, urtebetetzean (David Mugica hartzaile) Eusko Jaurlaritzak (Gorka Alvarez Aranbururen eskutik) eta Pariseko Euskal Etxeak (Sebastien Daguerreren eskutik) emanak (argazkiak EuskalKultura.com)
Opariak Bordeleko Euskal Etxeari bere 70, urtebetetzean (David Mugica hartzaile) Eusko Jaurlaritzak (Gorka Alvarez Aranbururen eskutik) eta Pariseko Euskal Etxeak (Sebastien Daguerreren eskutik) emanak (argazkiak EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Maiatzeko azken asteburua eta ekaineko lehenengo asteburu arteko egunak ospakizun --eta lan-- garaia izan ditu Bordeleko Euskal Etxeak, Garona ondoko euskal etxe akitaniarrak bere 70. urtebetetzea ospatu baitu, horretarako bazkide eta lagunak deiturik. Ekaineko lehenengo asteburuan, izan ere, Bordeleko euskal lagunekin bat egitera bertaratu ziren, besteak beste, Pariseko Euskal Etxeko lehendakari Sebastien Dagerre eta Gorka Alvarez Aranburu Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria. Zorionak zuri kantatu eta opariak trukatu zituzten elkarrekin. BEEak, bestalde, ia prest dauka bere historia biltzen duen liburua.

 

Bordele, Frantzia. 70 urte bete ditu eta ongi bete ere Bordaleko Euskal Etxeak. Urtebetetzea ospatzeko, hiriarekin bat egin eta hiriko elkarte gisa Euskal Txoko eta sagardotegia ipini zuten Garona ondoan Bordeaux Fête le Fleuve ekimeneko parte, pintxoak eta sagardotegi menuak zerbitzatuz euskal musika eta animazioak lagun; eta Euskal Etxearen egoitzan ere standa ezarrita, jendea gonbitatuz Eskual Etxera euskaldunekin bat egitera, euskaldunek besta ospatzen duten moldean ospatzera. Bistan da, euskaldunen molde honetan musikak, kantuak, dantzek, jate-edateak eta giro on eta alaiak ezaugarri direla, euskaldunen molde eta besta giro tradizionala baita Eskual Etxeak eskaini duena aipatu bi asteburuetan, esan bezala Garona ondoko stand-ean eta Eskual Etxean, aldameneko Munich plazan.

Ekaineko lehenengo asteburuan, etxekoekin batera, heldu ziren, gonbidatuen artean, Pariseko Euskal Etxeko lehendakari Sebastien Daguerre eta Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu, eta honen bulegoko teknikari Manu Meaurio. Eurekin batera, beste hainbat lagunek ez zuten galdu nahi izan Euskal Etxeari zorionak emateko parada, 70. urtebetetzearen karietara. Izan ere, bertako hautetsiek eta beste elkarte batzuetako ordezkariek ere bat egin zuten.

Ostiral iluntzean, beraz, Euskal Etxeko Bestalariak kantari taldea eta Band'A Léo fanfarria giro ekarle, Pariseko eta Bordaleko euskal etxeek elkarri oparia eman zioten, bisita eta urteurrenaren karietara; eta Eusko Jaurlaritzak ere oparia eman zion Bordaleko Euskal Etxeari --David Mugica hartzaile-- betetako 70 urteko bideari, beste hainbesteko agiantza emendatuz. Jaurlaritzaren oparia, Jose Antonio Agirre lehendakariaren eta lehenengo Eusko Jaurlaritzaren faksimil bat zen. Hori guztia giro ezinhobean, euriak eta eguraldi txarrak gau hura errespetatu zuelarik, ez ordea hurrengoa.

(Maiatzeko azkeneko eta ekaineko lehenengo asteetan, egitarauak, bere bi stand edo egoitzetan, bildu ditu, besteak beste, euskal herri kirol erakustaldiak, euskal dantzak --Dantz'Erroak, Gazteria eta Patxi Perezekin--, musika eta kantua --Bildu, Medoko Txistuak, Txanbelatxoan, Balea Irrintzi, eta Bestalariak, Eguzki Lore, Etxekoak eta Anaitasuna talde eta koralekin--, Kontzertua Skasti-rekin, Band'A Léo fanfarria, Baionako talogileak... hainbat sukaldaritza saio eta emanaldi ere --tartean Christian Beauval, Julien Munzer eta Vivien Durand chef-enak--, eta zenbait jatetxe 'euskal menuekin' partaide izan ditu. eta baita hainbat merkatari, erakunde eta enpresa babesle ere. Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete guztiei. Ikus guztiak programan, hemen)

Euskaldun bordelesen historia libururatua

Ia prest dago, bestalde, Bordelealdeko euskaldunen historia biltzen duen liburua, Eskual Etxearen 70. urteurrenaren karietara Diego Gil-ek prestatua. Euskal Etxeak eskaintza berezi bat egin du, ekainaren 30era arte baliagarria, liburua baldintza berezietan eskuratu eta aldi berean erakundeari laguntzeko. Anima zaitez eta ikusi zertan datzan eta erosi zure alea(k) hemen. Liburua erosteko, hemen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia