Donostia-San Sebastian. Euskal Diasporaren Eguna da gaur. Lehenengoz ospatuko da, hemendik aurrera urtero irailaren 8arekin bat Euskal Herrian eta mundu osoan ospatzeko bokazioz. Euskal etxeek aspaldi eskatzen zuten, eta oraingo Kanpoan diren Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak eman du pausoa. Gaur Gasteizko Lehendakaritzan egingo den ekitaldi ofizialean, Urkullu lehendariak Diasporako euskaldunek historian zehar euskaldunoi, euskal munduari eta Euskal Herriari egin diguten ekarria azpimarratuko du, testuinguru berri honetan. Diasporarekiko politika oso eta osatu baten baitan datorren neurrian, ekimenari ongi etorria derrigorrezkoa da.
Izan ere, halaxe egin dute euskal etxe askok munduan zehar. Hamaika euskal etxe mugitu dira munduan Eguna bere eginez eta hamaikatxo ekitaldi eta elkarretaratze antolatu dituzte ipar eta hego, ekialde eta mendebalde dataren testuinguruan. Arreta, borondatea, egin-nahi-izatea badago, baina horri guztiari bide eman behar zaio, asmatu egin behar da maitasuna oinarizko osagai baina ez osagai bakar duen harreman honetan alde guztien gustuko eta onurako den bidea lortzen.
Esan bezala, munduko euskaldunek --eta beraz Euskal Herriak berak-- badauka gaur zer ospatua, iragana eta oraina eta etorkizuneko bokazio sendoa. Guztion laguntzarekin lortko dugu. Zorionak, munduko euskaldunok!