Donibane Garazi, Nafarroa Beherea. Iritsi da irailaren 8a eta 2022ko Euskal Diasporaren Eguna. Gaur osteguna —leku batzuetan aurreko edo ondoko egunetan— ospatuko da, ospatzen ari da, Euskal Herrian eta mundu osoan bere diaspora bizi eta aldarrikatzen duen Euskal Herriaren eguna, EH eta Diaspora ezin baitaitezke bata bestea gabe izan eta ulertu... batzuetan ezezagutza handiegia eta memoria ahula bada ere. Bide horretan lagungarri sortu zuen Eusko Jaurlaritzak 2018an Euskal Diasporaren Eguna: ezagutarazi, ospatu, zabaldu eta aldarrikatzeko.
Halaxe egingo dute aurten ere hamarnaka hitzorduk eta elkarretaratze txiki eta handik, munduan barreiaturiko hamaika euskal etxe, komunitate eta bazterretan. Euskal Herrian, ekitaldi instituzionala lehenengoz egingo da Iparraldean, Donibane Garazin hain zuzen, gaur arratsaldeko 6etan, Euskal Hirigune Elkargoko Jean-René Etchegaray eta Eusko Jaurlaritzako Iñigo Urkullu lehendakariak buru, Garaziko Laurent Inchauspé auzapeza harreragile, Diasporaren eta migrazioaren egitatea hain barnetik ezagutzen duen Garazialde eta Nafarroa Beherean.
Garaziko ekitaldia bertatik bertara edo online
Inguruan bazaude, txauri, bil zaitez bertara. Euskal diaspora eta migrazioari buruzko erakusketa bat ezarri dute Herriko Etxe ondoan, panelekin euskaraz, frantsesez, espainolez eta ingelesez, ehun bat argazki eta dokumentu erakutsiz. Ekitaldiak partaide izango ditu aipatu agintariak, Jaurlaritzako sailburuak eta beste hautetsi eta ordezkari publikoak; dokumental bat pantailaratuko da eta lekukotasunak eskainiko dira gure migrazio eta migranteen izaera eta ekarpena azpimarraturik. Diasporari lotu herritarrak eta herritarrak oro daude gonbidatuta harresi ondoan egingo den saiora.
Zuzenean online segitu nahi baduzu, esteka honetatik egin dezakezu. Transmisioa 18:00etan abiatuko da.
Azken asteotan andana bat artikulu, eta gure agendako hamaika sarrera eskaini dizkio EuskalKultura.eus-ek Euskal Diasporaren Egunari. Merezi duelakoan, eta gu guztion eguna delakoan, Diasporakoon bereziki. baina oro har euskaldun guztien eguna. Horregatik, utziguzu, irakurle, Zorionak ematen zure egunean.
Zorionak eta Gora Euskal Diasporaren Eguna! Gora Euskal Herria eta bere Diaspora!
-Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak 2022 Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldien Mundu Agenda hau plazaratu du, ekitaldietako batzuekin. Emaiozu begiratua