Donostia-San Sebastian. Kaixo irakurle eta lagun, hemen gatoz beste urte batez Eguberri bezperan, zuetariko askok familia giroko elkarretaratzean bilduko zareten, eta urtean zehar ikusitako edo ikusi gabeko lagunekin bilduko zareten egunean, bildu eta elkartu eta partekatzea Gabon gauak munduan barrena jaurtitzen duen dei berezia baita. Aukera bat da, hala nahi eta ahal duenak ilusio dosiak emendatzeko, norberak bere bizitzari edo besteenei, eskuzabaltasuna eta maitasuna, eta beste hamaika birtute azaleratzeko egokiera ona.
EuskalKultura.eus-etik ere, gure agiantza edo desio onenak helarazten dizkizugu. Gure eguneroko lanaren helburua, zure bizitzari ekarpentxo bat egitea da, egunez-egun, apal-apal, baina informazio eta jakinarazpen hauekin, bizitza aberatsago eta beteagoa izan dezazun, gure diasporako kideen berrien jakitun izatea eta euren lorpen eta kezken berriak zeureganatzea garrantzitsua izan baitaiteke sendoago senti zaitezen munduan barreiatutako euskaldunen familiako parte, txiki zein handia den gure Euskal Herri zabal honetako parte.
Ez da luzatzeko momentua. Besarkada bero bat da helarazi nahi dizuguna. Urte berri batez hemen segitzen dugula esatea [beste leku batean xehetuko dugu horren esangura]. Eta kopa altxa eta zurekin batera topa egitea gu guztion alde, gure amets eta proiektuen alde, gure familia eta haurren alde, gogotik aldendu gabe gurekin ez daudenak, eta bereziki zailtasunetan daudenak, elkartasuna eta laguntasuna euskal komunitateek historikoki landu izan duten funtsezko birtute izan baitira.
Topa dagigun, 2022a hobea izan dadin, eta gu ere hobeak izan gaitezen.
Ea aurtengoan inguratu zaigun Olentzerok laguntzen digun helburuok betetzen.
Horixe, bada, EuskalKultura egiten dugun guztion izenean, Zorionak eta Urte Berri On!